Zer izan zen ESEI? Roldan Jimeno (Iruñea, 1973) historialariak azaldu du, ESEI 1976-1981 liburuan (Erein): «gako doktrinalak» eskaini zituen alderdi bat, eta «modernoa», kasurako. Jimenok aspaldi ezagutu zuen Gregorio Monreal, Euskadiko Sozialistak Elkartze Indarreko buruetakoa izandakoa, Eusko Ikaskuntzan, eta gero NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan elkarrekin aritu ziren; ESEIn ibilitako jende gehiagorekin egon zen, entzun zituen ibilerak eta pasadizoak, eta zerbait egiteko gogoa sartu zitzaion. Ohartu zen ez zegoela alderdiaren bildumarik, eta artxiboa osatzen hasi zen. 731 orrialdeko liburu bat egin du, dokumentuz osatua. Ez ditu idatzi guztiak sartu, baina bai sartutako guztiak transkribatu, ez zeudelako digitalizatuta. «Maila handiko dokumentuak eginzituzten, pentsamendu politiko eta juridiko jasokoak».
Alderdi txiki bat izan zen ESEI.
Bai, eta ibilbide laburra izan zuen: bost urtekoa. 1981ean amaitu zen.
«Langile klasearen alderdia» zen, ESEIk zioenez. Ez al zen, ordea, intelektualen alderdi bat?
Hala da. Intelektualki, Euskal Herriko alderdirik indartsuena zen. Bazituen langileak militanteen artean, baina oso gutxi. Ikuspegi ezkertiar batetik oso teorizatutako alderdi bat zen, baina, praktikan, ez zegoen loturarik zuzendaritzaren eta langileen artean.
Nola zegoen ikusia?
Talde bitxi, intelektual eta goren moduan; hala esango nuke. Hain ziren gutxi militanteak, ezen txantxetan esaten zen denak seiscientos auto batean sartzen zirela.
Maila handiko dokumentuak, baina boto emaileak ere, gutxi.
Baliabide gutxi zuen, herrietan ez zegoen errotua, eta garai hartako hedabide nagusietan ez zuen ia lekurik haren jarduerak. Beraz, ESEI ez zen herritarrengana iristen, eta esparru elektoralean ahula zen. Baina ibilbide teoriko oparoa izan zuen, ekarpen maila handikoa.
Zeuk zer nabarmenduko zenuke? Euskal trantsizioa ulertzeko gako doktrinalak ipini diozu liburuari azpiizenburua.
Modernitatea aipatuko nuke. Ikuspegi modernoa zeukan ESEIk. Azterketa errealistak egiten zituen, eta haren proposamenak, ikuspegi ezkertiar eta abertzaletik, posibilistak ziren. Planteatu zituen hainbat ildo gero aurrera eraman ziren: Gernikako Estatutuaren hausnarketak, Espainiako Konstituzioari buruzko hainbat ekarpen, Moncloako Itunaren azterketa kritikoa, ekonomiaren norabidearen inguruko lanak...
Euskal ezkerraren aliantza bilatzen zuen ESEIk. Ez zen kasik inorekin aliatu. Zergatik?
Helburu horrekin sortu zen, eta halakoxea zuen izena: Euskadiko Sozialistak Elkartze Indarra. Ezkerrean indarrak sakabanatuta zeudela eta, uste zuen elkartu behar zirela plataforma batean. Gaizki atera zitzaion. Dena dela, ez zen guztia ESEIren errua izan, kontuan hartu behar baita trantsizio garaiko egoera: ezkerrean dozena erditik gora euskal alderdi zeuden, eta ez zen erraza elkartzea. EErekin batu izan zen hauteskundeetarako, baina ezer gehiago ez. Ez zuen xedea bete.
HBrekin ez zuen gerturatzerik izan. Zergatik, ETAm-ren indarkeriaren kontuagatik bakarrik?
ESEI indarkeria guztien kontra zegoen, erabat, baina HBrekiko bazeukan bestelako diferentziarik: ESEIk ikuspegi posibilistagoa zuen, pragmatikoa zen, eta autonomismoaren bidetik nahi zuen lortu Euskadiren independentzia.
Zuk liburuan paratu dituzun dokumentuetan ez da independentziaren gose hori nabari. Independentista al zen ESEI?
Independentziaren alde agertu zen, baina garai hartan haren lehentasunen artean ez zegoen independentzia. Horretarako, gradualismoa proposatzen zuen.
Estrategikoki ez zen abertzaleen arteko batasunaren aldekoa.
Diktadura amaitu ondoren sortu zen ESEI, 1976. urtean, eta testuingurua kontuan hartu behar da haren eta beste batzuen planteamenduak ulertzeko. ESEIk uste zuen autonomiaren bidea jorratu behar zela, eta horretarako indar handiagoa biltzeko hobe zela fronte autonomikoa osatzea Hego Euskal Herrian, PSOE ere barruan zela.
Autodeterminazio eskubidearen aldekoa zen, baina hori gauzatu aurreko lanik ikusten zuen.
Bai: autonomia lortzea eta garatzea. Hego Euskal Herriaren batasunaren alde zegoen ESEI. Baina ez zituen baldintzak ikusten autodeterminazio eskubidea berehala gauzatzeko. Haren arabera, Nafarroako erdialdean eta hegoaldean ez zegoen aski euskal sentimendu, eta, ondorioz, esaten zuen lehenik Hegoalderako autonomia bat lortu behar zela, garatu, nazio eraikuntza egin, euskal kontzientzia handiagoa izan, eta ondoren planteatu beharko litzatekeela autodeterminazio eskubidea gauzatzea. Arabako egoera ere aipatzen zuen, han ere ikusten zuelako antzeko gabeziarik.
1979ko estatututik kanpo geratu zen Nafarroa. Zatiketa.
ESEIk ere lorpen handitzat jo zuen 1978an Espainiako Konstituzioan laugarren xedapen iragankorra jasotzea, horrek ahalbidetzen duelako EAEren eta Nafarroaren arteko batasuna, hala nahi bada. Artean ez zegoen Gernikako Estatutua. Gero, 1979an, zatiketa administratibo hori gertatu zen. Jakina, ESEIrentzat ere ez zen gustuko kontua, baina pragmatiko izaten segitu zuen, babestu egin zuen Gernikako Estatutua, eta jarraitu zuen lurralde batasunaren alde egiten.
Nafarroaren atxikimendu librea defenditzen zuen.
Gregorio Monreal zen ESEIko buruetakoa; nafarra da, Lizarraldekoa, ez oso eremu euskaldunekoa, eta hark ere pentsatzen zuen aintzat hartu behar zela Nafarroaren aniztasuna. Ikusten da gaurkotasun handikoa dela haien planteamendu hura. Baina, era berean, esaten zuten Nafarroaren eremu naturala beste euskal lurraldeekin osatutakoa dela, eta horren bila aritu ziren.
«Demokrazia politikoa» aldarrikatu zuen ESEIk.
ESEIrentzat elementu barneratzailea zen demokrazia, eta diktaduraren kontrako sinbolo moduan ikusten zen. Politikoki indar handiko hitza zen demokrazia, eta ESEIk nabarmendu egiten zuen. Politikaren eremura hedatu nahi zuen demokrazia, baina, talde sozialista zenez, baita bizitza sozialeko alorretara ere: enpresetara, eskoletara, erietxeetara...
Arrastorik utzi al zuen?
Bai. Planteamendu batzuk, aipatutakoak eta. Bestalde, ESEI desegin ostean, han aurrean ibilitako kide asko postu garrantzitsuetan egon zen —instituzioetan, unibertsitateetan...—, eta estilo bat garatu zuten. Esan zuten ESEIko esperientzia funtsezkoa izan zitzaiela.
Gaur egun non legoke ESEI, edo zer izango litzateke?
EAJren eta EH Bilduren arteko zerbait izango litzateke.
Roldan Jimeno. Historialaria eta idazlea
«Ikuspegi modernoa zeukan ESEI alderdiak, eta posibilista zen»
Bost urteko ibilbidea izan eta duela ia 40 urte desagertu zen alderdi politiko bati buruzko liburu bat idatzi du Roldan Jimenok: ESEIri buruzkoa. Uste du «gako doktrinalak» eskaini zituela, eta utzi zuela arrastorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu