Finantzaketa aldatuta, Nafarroako udalen artean 272 milioi banatuko dira

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ituna lortu dute udalen arteko desberdintasunak handitzen zituen eredua moldatzeko

Lurralde kohesioa bultzatzea da akordioaren helburuetako bat. Irudian, Otsagabia. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Datorren urtean Nafarroako udalek diru gehiago izango dute gastu arrunta zein zerbitzuak finantzatzeko, eta beste modu batera banatuko da dirua. Hori da Nafarroako Gobernuak PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin lortu berri duen akordioaren funtsa. Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilariaren esanetan, «erabateko lehentasuna» zen egungo sistema aldatzea udalen arteko desberdintasunak handitzen zituelako. Akordioaren arabera, 2022an udalek 272 milioi euro izango dituzte, aurten baino 16,4 milioi gehiago. Gainera, alderdiek konpromisoa hartu dute udalen artean banatu beharrekoa urtero KPI +%2 igoko dela.

Hala ere, aldaketarik handiena banaketa sistemari dagokio. Orain arte, zerga bilketan tokiko ogasunen parte-hartze funtsetik banatzen zen dirua: gastu arrunta finantzatzeaz gain, montepioko langileen ordainsariak ordaintzen ziren, Iruñeari hiriburu gutunagatik 26 milioi inguru ematen zitzaizkion, edo jarduera ekonomikoko zergaren bilketan izandako galera konpentsatzen zen. Iragan hamarkadan, Nafarroako Unibertsitate Publikoari enkargua eman zitzaion diru hori dena nola banatu kalkulatzeko, baina gobernuak uste du sistema horrek lurraldeen arteko desberdintasunak areagotu besterik ez duela egin.

Hala, 50.000 biztanletik gorako eremu bakarra den heinean, biztanleko 432 euro jaso ditu Iruñeak, besteen aldean nabarmen gehiago: 20.000 eta 50.000 biztanleko udalek 280 euro jaso dituzte batez beste, edo 2.000 eta 5.000 biztanle artekoek, 325 euro.Zenbat eta txikiagoa izan, aldea handiagoa da, eta kontuan izan behar da despopulazioa arazo handi bat dela Nafarroako hainbat eskualdetan: Pirinioetan, Zangoza inguruan, mendialdean, Estellerrian...

Kalkulurako irizpideak

Dirua banatzeko sistema berri bat kalkulatzeko eskatu zaio NUPi: batetik, udalen gastuen beharra,eta, bestetik, finantza ahalmena aintzat hartuta. Gastu behar horrek «bizi diren tokian bizi direla herritar orok zerbitzu eta azpiegiturak jasotzen dituen aukerak» bermatu nahi ditu, Zirizaren arabera: biztanle kopurua, pobrezian bizi den herritar kopurua, 65 urtetik gorakoen kopurua, hirigintzaren azalera eta udal barruko herrien sakabanaketa kontuan hartuko ditu. Behar horren aurrean, aintzat hartuko da horri aurre egiteko udal bakoitzak duen finantza ahalmena.

Kalkulu berri horrekin, 272 milioi eurotik, 197 milioi euro gastu arrunta ordaintzeko banatuko dira. Beste 44,5 milioi euro 0 eta hiru urte arteko haur eskolek,haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoek zein liburutegiak izandako defizita ordaintzeko erabiliko da. Azkenik, 16 milioi euro lurraldeko kohesiorako baliatuko dira. Horretarako, eskualde eta haranetan traktore funtzioa betetzen duten udalei dirua emango zaie lurralde kohesiorako.

Gobernuak nabarmendu duenez, trantsizioa errazteko asmoz, kalkulu berrian udal txiki guztiei aurten jasotako diruaren %100 bermatuko zaie, eta 5.000tik gorakoei diruaren %98, gutxienez. Dena den, udal gehienei egingo die mesede banaketa berriak. Udal txikienen artean, mila biztanletik beherakoek %15 gehiago jasoko baitute (26,7 milioi). Iruñeak, berriz, aurten baino %2 gutxiago jasoko du —86,35 milioi guztira—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.