Mendigorriko eskolan ezinen dute ikasturtea D ereduan hasi

Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du onartu kautela neurri gisa ikasturtea euskaraz hastea. Garesen, edo gazteleraz hasi beharko dute

Mendigorriko gurasoak eta Behatokiko kideak, uztailean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuaren ezezkoa ikusita, Mendigorriko gurasoek D eredua ezartzearen aldeko auzibidea zabaldu zuten uztailean. Kautelazko neurri gisa eskatu zuten 2020-2021 ikasturterako D ereduan hasi ahal izan zitezela haurrak Mendigorriko Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxean. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, ordea, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du onartu kautela neurriaren eskaera. Mendigorriko gurasoek, beraz, «euren nahiaren eta borondatearen aurka» hartu beharko dute haurrak eskolatzeko «erabakia»: herrian gelditu nahi badute, A ereduan matrikulatu beharko dituzte haurrak, eta, D ereduaren alde eginez gero, Garesera joan beharko dute. Behatokiaren ustez, «bi aukera horiek ez dituzte asetzen Mendigorriko familiek adierazitako nahiak». Bi aukerek dakartzate «ondorio kaltegarriak», Behatokiaren ustez: Garesera joateak ingurune sozialetik «ateratzen» ditu, eta Mendigorriko A ereduan ikasteak, berriz, «euskararekin kontaktua izan ahalko zuten gune bakarra» ukatzen die.

Behatokiak jakinarazi du, halere, bide judiziala aurrera doala, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren esku dagoela epaia. «Ezezko honek ez du Mendigorrian D eredua ezartzearen prozedura ixten. Auzia hasi besterik ez da egin, eta, ondorioz, auziaren mamiaren inguruko epairik ez da eman, oraindik ez baita epaiketa gauzatu», adierazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.

Gabezien erakusle

Gaubekak salatu du «Nafarroako hizkuntza eskubideak bermatu beharko lituzkeen araudiak dituen gabezien erakusle» da Mendigorrikoa. Haren ustez, «egungo marko juridikotik haragokoa» da afera, «Nafarroako egungo araudiak ez baititu behar bezala bermatzen euskaraz ikasi eta bizi nahi duten pertsonen eskubideak». Nafarroako Gobernuak herritarren eskubideak baztertzen dituela eta interesen araberako jokaera duela gaitzetsi du Behatokiko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.