Izaskun Rama. EmakumeEkin elkarteko presidentea

«Emakumeok beti eman behar ditugu azalpen gehiago»

Emakume ekintzaileek ere genero arrakala pairatzen dutela salatu du Ramak, eta hura aztertuko duen ikerketa bat eskatu du, ondoren «neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko».

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Getxo
2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hilabete darama karguan Izaskun Ramak (Getxo, Bizkaia, 1983), eta, dioenez, hasi zaio ardurari neurria hartzen: «Miren Lauzirika nire aurrekoak altu utzi zuen langa, baina asko ikasi nuen haren alboan». Izan ere, aurretik ere EmakumeEkin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakume ekintzaileen elkarteko zuzendaritzan zegoen, eta eskarmentua lagungarri zaio. Horrez gain, Maiken kooperatibako kide da, eta enpresa aholkularitzak zerbitzuak eskaintzen ditu.

Hamar urte bete ditu EmakumeEkinek; nolako sasoia du?

Ona. 150 bazkide ditugu, gehienak Bizkaian. Helburua hasierako bera da: emakume ekintzaileen egitasmoak ikusaraztea eta bide horretan dituzten oztopoak azaleratzea. Azpian genero geruza bat duten trabak identifikatzen ditugu, emakume ekintzaileoi enpresa munduan berdintasunez ekitea eragozten baitigute.

Ekintzaile izatea ausardia kontua ere bada. Are gehiago emakumeentzat?

Ausardia behar da, baina baita ondo planifikatzea ere, argi ikustea zer egin nahi duzun... Baina gauzak egiteko modu asko daude. Ez duzu dena alboratu behar ekintzaile izateko; konbinatu dezakezu. Beste lan bat duzun bitartean ere ekin diezaiokezu, beste jende batekin elkartu, sarean lan egin. Mila modu daude. Ekintzailetzaren barruan dagoen aniztasuna ikusarazi behar da; askotan, eredu hegemoniko kapitalistak bakarrik ikusten dira, eta errealitatea askoz aberatsagoa da.

Emakumeen ekiteko modua ezberdina al da?

Bai. Estruktura txikiagoak izan ohi ditugu, eta sarean lan egiteko joera handiagoa dugu. Negozioari ekitea prozesu bakartia da. EmakumeEkin-en metodologiaren zati bat horri aurre egitea da: esperientziez aritzea, galderak egin ahal izatea... Beste bazkideen esperientzian oinarrituta egiten dugu lan; beste batek ikasi duena oso aberasgarria izan daiteke zuretzat.

Miren Lauzirika zure aurrekoak ere askotan aipatzen zuen ekintzailearen bakardadea.

Errealitate bat baita. Elkartea bost emakume ekintzailek sortu zuten, bostei gertatzen zitzaizkien gauzak detektatu zituztelako. Halakoetan ikusten da emakumeak nola hezi gaituzten. Gizarteak ezartzen dituen rolen eta estereotipoen zamak arrastoa uzten du. Eta ekiteko garaian ere bai: geure buruarengan dugun konfiantza, saltzeko modua...

Nola ekiten diozue emakumeek?

Zerbitzu sektorean askoz gehiago ekiten diogu. Azken ikerketen arabera, andreek inpaktu soziala duten enpresak sortzeko joera handiagoa dugu. Era berean, desoreka asko ditugu detektatuak.

Esaterako?

Ekintzailetasunean dagoen genero arrakala ikertu dadin eskatu genuen iaz: zenbat fakturatzen du gizon batek sektore jakin batean lehen urteetan, eta zenbat emakume batek? Desoreka dagoela uste dugu, eta aztertu dadin nahi dugu, gero neurriak hartzeko.

Gizon baino emakume ekintzaile gehiago daudela diozue.

Ikerketek diote hala dela. Aurreko bi urteetan, kopurua antzekoa zen, eta, aurten, emakumeek gaina hartuko dugu. Baina, tira, kopurutik harago baldintzei begiratu behar zaie, neurketa kualitatiboa egin. Kapitalarekin ekin behar bazaio, gizonak 30.000 eurorekin hasten dira batez beste, eta gu, 16.000rekin. Diru gutxiagorekin ekiteko joera dugu, arrisku txikiagoak hartuz. Finantzaketa eskatzera zoazenean, badirudi errazago jartzen zaituztela auzitan; azalpen gehiago eman behar dituzu. Beti gehiago demostratu behar dugu, eta hori oso nekagarria da.

Emakume eta gizon ekintzaileen artean alde handia al dago?

Emakume ekintzailearen profila 43 urtekoa da, gizonezko ekintzaileena baino urtebete gazteagoa. Amatasunak eta kontziliazioak garrantzi handia dute erabakian, emakume asko ekintzaile bihurtzen baitira amatasunarekin zerikusia duten zaintza lanek hainbesteko arreta eskatzen ez dietenean. Hori bi ahoko ezpata da: ekiten diozu malgutasun handiagoa izateko itxaropenarekin, kontziliatu ahal izateko, eta gero ez zaude ez batera ez bestera. Askotan, lan ordutegia eskola ordutegiarena araberakoa da, eta hori muga bat da negozioa garatzeko.

Estereotipo eta mikromatxismoek pisu handia al dute hasierako harremanetan?

Bai. Oraindik eragina du emakumea edo gizona izan. Are gehiago, baita bilera arruntetan ere. Enpresetako beste arduradun batzuekin elkartzen bazara, badirudi zure ahotsak indar gutxiago duela eta zeure burua erakutsi behar duzula. Ekintzaile gisa zer egin behar duzun esaten dizute.

Beste lan bat duten emakume ekintzaileen kasua aipatu duzu.

Gero eta gehiago dira eta. Emakume horrek lan bat du, baina aldi berean egitasmo batean sartzen da: sarean, lantaldean... Azpiegiturak txikiak dira, baina asko, eta, denak batzen badituzu, motor ekonomikoetako bat gara. Dirua mugitzen dugu.

Zeintzuk dira egun ekintzaileek dituzten arazo handienak?

Lehen hilabete eta urteei eusteko erremintaren bat gehiago behar dela uste dut. Horretara bideraturiko laguntzak eskatuko nituzke, bermaturiko errentaren bat edo. Hiru urte pasa daitezke lehen soldata ikusten duzunerako. Denbora horri eusteko koltxoi onik izan ezean, oso luze egin daiteke epe hori.

Ekiteak ere porrota ekar dezake. Prozesuaren parte da. Emakumeen porrota ezberdina al da?

Egitasmo bat muntatzean, emakumeok konfiantza txikiagoa dugu geure buruarengan, eta hori argi ikusten da gure lanari prezioa jartzeko garaian. Kosta egiten zaigu gure lanari bidezko prezioa jartzea; esaterako, zerbitzuetan. Gertatzen da ekintzaileari gustatuegiten zaiola bere lana, eta horregatik ez dio ematen duen balioa. Hor zantzu batzuk ditugu identifikatuak; de facto merkatzen dute bere lana. Esaterako, aurrekontu bat eskatzen diote; zenbakiak egin, eta 3.500 euro ateratzen dira. Eta ekintzaileak uste du: «Hau ez didate ordainduko: 2.500 jarriko dut». Aurkeztu aurretik, bere burua prekarizatzen du. Halakoak ikustean, EmakumeEkin-en erremintak ematen dizkiegu: «Prezioa jaisteko gogoa baduzu, igo ezazu». Edo beste bazkide bati galdetu. Gure bilera batean hori zenbati gertatu zaien galdetu genuenean, makina bat bazkidek altxatu zuten eskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.