Patxi Izagirre eta Ane Izagirre. Psikologo klinikoa eta psikologoa

«Umeei gehiago hitz egiten zaie heriotzaz modu folklorikoan»

Hik Hasik antolatu dituen udako topaketetan, Umeei heriotza ez ezkutatzeko eta informazioa emateko eskatu dute Ane Izagirrek eta Patxi Izagirrek. Beharrezkotzat jo dute ikastetxeetarako protokolo bat egitea.

GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Heriotzaz hitz egin behar da, baita haurrekin ere, eta aukera eman behar zaie hiletetan eta agurretan parte hartzeko. Hala iruditzen zaie Patxi Izagirre psikologo klinikoari (Zumarraga, Gipuzkoa, 1970) eta Ane Izagirre psikologoari (Orio, Gipuzkoa, 1999). Hik Hasiren 25. urteurrenean, Heriotzaren psikopedagogia ikastaroa eskaini dute udako topaketetan. Gogoan izan dute Joxe Mari Auzmendi, besteak beste, heriotzaren gaia jorratzeko egindako apustuagatik.

COVID-19agatik heriotza presenteago egon da. Arreta berezirik eskaini al zaio doluari?

ANE IZAGIRRE: Ez dakit ikastetxe guztietan zer egin duten, baina badakit modu bateratuan ez dagoela ezer adostuta.

PATXI IZAGIRRE: Iruditzen zaigu aukera itzela dagoela protokolo moduko bat sortzeko, behingoz gaiari heltzeko, ikusita zenbat aitona-amona hil diren, zenbat dolu egin gabe geratu diren.

Haurrek eta gazteek zer esperientzia eduki dituzte heriotzarekin azken hilabeteetan?

P.I: Ikusten ari garena da ez dela aukerarik izan agurrak egiteko; zoritxarrez, jendea bakarrik joan dela gehienetan, eta komunikatu gabe joan da. Normalean ez baditugu txikiak modu inklusiboan sartzen, egoera honetan are eta gutxiago.

Etorkizunean horrek eraginik izan dezake?

P.I: Bai, bai, eta hori da maiz gertatzen dena.

A.I: Edo etorkizuneko galera batek berpiztu dezake oraingo tapatzea.

P.I: Krisia sortu denean, goazen aukera ematera agurrak modu inklusiboan lantzeko, samina parteka dezaten. Baina ez hori bakarrik: modu prebentiboan, arlo didaktikoan ere kontuan har dezagun heriotza. Bizitzaren parte da, eta aurretik horretaz hitz egitea, kontuan hartzea, tabu moduan ez uztea... iruditzen zaigu baliagarria dela.

Zer gertatzen da hildakoa haurren adinkidea bada?

P.I: Identifikazio horretan, gertuago ikusten dute arriskua. Maiz beharra dute erritualetan eta parte sinbolikoan, agurretan, parte hartzeko, baina, aldi berean, zalantza moduko bat sortzen da gurasoengan edo irakasleengan: noraino izan daitekeen hori traumatikoago, noraino babestu behar ditugun ume horiek.... Erantzun normalena izaten da beldurra izatea heriotzari, eta beldur horretan ea zerbait gertatuko ote zaion berari, aitari, amari... Eta orduan hasten dira heriotzaren inguruko galdera nihilista eta existentzialista horietan pentsatzen, larritasunarekin.

Umeei eta gazteei nahikoa hitz egiten al zaie heriotzaz?

A.I: Etxean ez bada, eskoletan modu programatu batean behintzat ez da egiten.

P.I: Oraindik kostatzen zaigu modu gordinean lekua egitea, eta helduei kostatzen zaigu entzutea umearen ezintasuna, larritasuna, obsesioa, beldurra... Umeen sufrimendu hori ikusten dugunean, presaka eta korrika joaten gara ipuinen bila, metaforetara, azeria, zuhaitza edo zerua aipatzera, esan beharrean 'ez da berriro bueltatuko', 'pena handia da', 'ni ere triste nago'. Iruditzen zait ikaragarri kostatzen zaigula hori umeekin egitea, haiek direlako gure ezintasunaren ispilua.Gehiago hitz egiten zaie modu folklorikoan, sinbolikoan, didaktikoan... Baina gordintasun eta errealismo atzeraezin horretan, eskas.

Dolua berdina izaten al da helduetan, gazteetan eta umeetan?

A.I: Gauza da jende askok pentsatzen duela umeek ez dutela dolu prozesua pasatzen, eta pasatzen dute.

P.I: Kognitiboki adin desberdinak daude. Lehen Hezkuntzan prestatuago daude atzeraezintasuna ulertzeko; Haur Hezkuntzan, ez.

Nola ulertzen dute errazago?

A.I: Aurretik atzeraezintasuna zer den ikusi badute. Adibidez, ume bati txupetea kentzen bazaio betiko, ikusiko du atzeraezina dela, ez duela berriro lortuko, baina, negarrez hasten delako berriro bueltatzen bazaio, ikusiko du itzulgarria dela eta aldaketa ez dela betiko.

Ez da berdin izango heriotza bat-batekoa izan edo gaixotasun baten ondorio. Lanketa desberdina izaten da?

A.I: Gaixotasun terminala bada, badakizu hilko dela, eta lanketa aurrez prestatzen hasten zara. Bat-batekoa denean, aldez aurreko prestaketa eta agurra ezin izan da egin, eta dolu prozesua hortik aurrera hasiko litzateke.

P.I: Aukera ematen badiogu aitarekin egoteko, opari bat emanez, agur bat eginez, besarkatuz..., ondoren geratuko zaion dolu prozesua askoz ere osasungarriagoa izango da. Abisatuta dauden heriotza horietan aukera handia dago dolu prozesu sendagarri eta prebentiboa egiteko, umeekin informazioa ondo erabiltzen badugu. Informazio faltan, haiek espekulatu egiten dute.

Irakasleek nola landu dezakete gai hau ikasgeletan?

P.I: Zoritxarrez, kasu egiten diote gelan norbait hil denean. Inprobisazio horretan, heldulekurik gabe sentitzen dira, eta babesa behar dute jakiteko zer egin, nola bideratu, egiten ari direna ondo dagoen edo okerragoa den... Bakarrik sentitzen dira.

Gaiari modu didaktikoan heltzearen alde zaudete, ez krisi baten aurrean soilik. Hala egiten al da?

P.I: Pixkanaka material gehiago dago.

A.I: Hemen badago jendea ez dena etorri krisi batean, baizik eta gehiago prebentzioagatik edo jakin-minagatik. Instituzionalki heriotzaren gaia ez da lantzen prebentzio gisa.

P.I: Zerbait egitekotan, askoz ere gehiago egiten da HHn eta LHn; baina DBHn eta Batxilergoan, askoz ere gutxiago. Deigarria egiten zait, askoz ere prestatuago baitaude kontzeptua barneratzeko.

Heriotzaren psikopedagogia beste modu batera lantzen diharduzue, musikaren bidez.

A.I: Azkenean, musika tresna bat da, gure egunerokoan erabiltzen duguna eta emozioekin zuzenean lotuta dagoena.

P.I: Tiradera batean daude emozioak, eta trauman gaudenean, sufrimenduarekin, heriotzarekin, ezintasunarekin... tiraderako emozio guztiak giltzapetuta daude kandaduarekin. Musika da giltza kandadua irekitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.