Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sareko kidea da Lydia Almirantearena. Nafarroako Parlamentuan izan da elkartea berriki, bakarrik dauden migratzaile adingabeen babes sistema ahulduz joan dela salatzeko, eta zerbitzuak kalitatea galdu duela nabarmendu du.
Parlamentuan, seniderik gabe dauden etorkin adingabeen inguruan aritu zineten. Nolakoa da haien egoera?
Batetik, islatu nahi genuen adingabeak artatzeko premiaz sortu zen kontingentzia plana moldatu edo desagertu egin dela. Gazte asko iritsi ziren garaian sortu zen, eta aldaketa batzuk egon dira; gure ustez, arreta horrek programa oso garrantzitsuak galdu ditu. Bestetik, babes sistema horretatik 18 urtetik gorako gazte asko irten dira, eta horiek oso egoera zaurgarrian utzi ditu.
Salatu duzue 2020an babes sisteman egindako aldaketek zenbait gabezia ekarri dituztela. Zeintzuk dira aldaketa horiek?
Aldaketak ulertzeko, abiapuntuko egoerara jo behar da. Bakarrik zeuden adingabe migratzaile asko heldu ziren, eta beharrezkoa zen haiei arreta eman eta haien beharrei erantzutea. Beraz, hainbat zutarri dituen programa bat diseinatu zen: aterpea ematea; alfabetatze programa intentsiboa martxan jartzea; integrazio komunitarioa bultzatzea; eta baita Nafar Lansarearekin koordinazioa izatea ere, beharrezko gaitasunak eskuratuz joan zitezen.
Programa horrek hainbat zerbitzu galdu ditu: alfabetatzearena, integrazio komunitarioarena... Herri batzuetan haurren jarraipena egiteko sortu ziren mahai sektorialak ere ez daude aktibo. Era berean, gazteak sistematik irten dira, azkar eta ongi planifikatu gabe, eta horrek gazteak egoera zaurgarrietan utzi ditu: ez dituzte aseta oinarrizko beharrak, edota ez dute amaitu erregularizazio prozesua. Egoera konplikatuak dira.
Eta horrek ondorio larriak utzi ditu, ezta?
Bai, noski. Pertsona batek lanera edota etxebizitza batera sarbiderik ez izatea, beharrak asegabe izatea... egoera pertsonal eta sozial konplexuak eragiten ditu. Ondorioak larriak dira. Kostu pertsonala oso handia da; baina baita soziala ere; horretaz jabetu behar gara.
Zerbitzu horrek kalitatea galdu du, beraz?
Bai. Programak bertan behera utzi aurretik ondo egongo litzateke kontingentzia plana ebaluatzea, eta ikustea non hobetu daitezkeen, aztertzea beharrezkoa zen ala ez. Uste dugu planaren zutarriak logikaz pentsatuta eta diseinatuta zeudela. Beraz, bai, esku hartzeak kalitatea galtzea eragin du.
Bakarrik dauden gazte migratzaileen arretari modu berezituan heldu behar zaiola esan duzue, zaurgarritasun handiko egoeran daudelako.
Bai, egoera kalteberan daude, baina, batez ere, aurrez existitzen zen babes sistema berak ematen die arreta; beharrak, ordea, ez dira berdinak, beste kontu batzuk ere badaude tartean. Adibidez, babesgabe daude, baina karga erantsi batekin: ez dute hizkuntza ezagutzen, egoera irregularrean egon daitezke, kultura ezezaguna zaie, mugitu behar diren parametroak arrotzak dira beraientzat... Bestelako beharrak dituzte, eta horri heldu behar zaio.
Arazo hau konpontzeko, zein urrats egin behar dira?
Komunitate honetako herritarrak dira, eta euren beharrei erantzun behar zaie. Hainbat kontu nabarmendu ditugu: batetik, hasierako kontigentzia plana ebaluatzeko premia; bestetik, uste dugu gazteak babes sistematik modu planifikatu batean irten behar direla, haien autonomia bermatzeko. Garrantzitsua iruditzen zaigu autonomia prozesuan inbertitzea ere, gizarteratzean laguntzeko. Adindunak diren arren, 18-25 urteko tarte hori etapa zaila izan daiteke autonomia prozesua aurrera eramateko, eta are gehiago hainbat hesi badituzu. Jarduera gehiago behar dira.
Autonomia programak indartzea galdegin duzue. Ez dira nahikoak?
Programak irauten duen denborari dagokionez, nabarmen murriztu dira. Badaude 18 urtetik gorako gazteak babes sistemaren barruan, eta jarraitzen dute euren prozesuarekin, baina beste gazte batzuek ez. Sistematik kanporatu dituzte, eta ez dute amaitu autonomiarako prozesua, euren kabuz ezin izan dutelako jarraitu. Beharrezkoa da arlo horretan esku hartzea areagotzea, bermatu arte beste edozein gazteren baldintza berdinetan daudela.
Ikuspegi orokorrago batetik, zein talde ikusten dituzue orain egoera zaurgarrian?
Pandemiak markatzen du egungo egoera. Hasieratik konturatu ginen aurreko egoerak esponentzialki areagotzen ari zirela: pandemiaren aurretik arazoak zituenak orain handiagoak ditu. Eten digitala, adibidez: lehen ere existitzen zen, baina orain erabateko digitalizazioan jarri da fokua, kontuan hartu gabe jende bat ezin dela konektatu; ez du baliabiderik. Eta, hala, arazoa mila aldiz handitu da: ez du sarbiderik, esaterako, zenbait gestio egiteko. Eta hori guztiarekin gertatzen da. Lan prekarioa zuten gehienek galduko zuten, edo ez zuten laguntzetarako eskubiderik izango... Horrez gainera, badaude egoera zaurgarrian daudenen talde horretara batu diren pertsonak ere. Asko igo da elikagaiak eskatu dituztenen kopurua, baita diru laguntzak eskatu dituztenena ere. Egoerak okerrera egin du.
Krisia pertsonen arteko desberdintasunak areagotzen ari da?
Bai. Krisi guztietan handitu egiten dira ezberdintasunak. Krisiek erakutsi digute kronifikatu egiten direla zaurgarritasun eta bazterketa egoerak. Pandemiaren hasieran esan genuen esfortzu handia egin behar zela, eta neurri sozialak hartu. Egia da laguntza batzuk egon direla, baina kudeaketa ez da hoberena izan. Ondorioak hor daude.
Egoerak kezka eragiten dizue?
Bai. Hasieratik identifikatu genituen behar batzuk, Gizarte Eskubideen Departamentuan planteatu genituenak. Pandemiaren ondorioei eustea zen asmoa. Sei hilabete geroago berriro aztertu genuen egoera, eta, beste argazki batekin, hainbat neurri proposatu genituen.
Zeintzuk dira atzemandako beharrak? Hartu beharreko neurriak?
Gure azken dokumentuan, pobrezian zeudenen egoera aztertu genuen, eta beharrak jaso. Hainbat kontu azpimarratu genituen: hasteko, bazterketak eta pobreziak izaera multidimentsionala dutela. Garrantzitsua da arazoari ertz guztietatik heltzea, inplikatutako departamentu guztiekin lantzea. Eta zehatzago, adibidez, eten digitalaren kontua atzeman genuen, hainbat arazo sortu dituena. Hezkuntza da beste gai bat: asko hazi da, esaterako, eskola absentismoa. Enplegua ere hor dago. Indartu egin behar da zerbitzu sozialen sistema osoa. Eta osasunean, adibidez, eskatu genuen maskarak doan banatzeko pertsona zaurgarriei.
Lydia Almirantearena. Pobreziaren aurkako Nafarroako Sareko kidea
«Zaurgarritasun eta bazterketa egoerak kronifikatu egin dira»
Almirantearenak adierazi du 2020an etorkin adingabeen babes sisteman egindako aldaketek zenbait gabezia ekarri dituztela, eta horrek egoera zaildu egin diela gazteei. Haren ustez, egungo krisiak arazoak handitu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu