K+: Zientziak eta Humanitateak COVID-19 osteko begirada multidiziplinarretik liburua argitaratu berri du UEU Udako Euskal Unibertsitateak. Errenteriako Udalarekin (Gipuzkoa) itundua duten lankidetza hitzarmenaren abaroan egindako lana da, zeinaren xedea baita herri horretako Torrekua eraikinean Humanitate Digitalen Gunea (HDGunea) sortzea. Xabier Landabidea Urrestik koordinatu eta editatu du liburua (Bilbo, 1981). Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko ikertzaile eta irakaslea da, eta UEUn Komunikazio Saileko kidea. Akronimo bat jarri diote liburuari abiapuntu: koronabirus hitzaren lehen hizkia gogoan hartuta, K bat; + ikurra gero atzean.Muinean, itaun bat: «Hau gertatu zaigu, eta gero zer?».
Hainbat jakintza eremutatik izurriari buruz egindako gogoetak bildu dituzue lanean. Nola egin zenuten diziplinen hautaketa?
UEUk 27 jakintza arloditu; aurrena egin genuena izan zen gonbidapen bat. Adierazi genuen pentsatzen ari ginela liburu kolektibo bat egitea jakintza esparru ezberdinetatik interpretazio libreak jasoko zituena: gure kezkak, gure aukerak, gure beldurrak... Deialdi bat egin genuen, sailburu guztiei helarazi genien, inork interesa bazuen. Azkenean, gauza baten eta bestearen artean, hamahiru proposamen jaso genituen.
Kimika, Arte plastiko, Ekonomia, Hezkuntza, Artearen historia, Psikologia, Arkitektura, Sexologia eta Hizkuntzaren eremuetatik egindako azterketak jaso dituzue. Pena geratu zaizue bereziki diziplinaren bateko ekarpena falta delako?
Niri, bai. Behin liburua esku artean hartuta, konturatzen naiz helduleku asko dituen gai bat dela; leku eta alde guztietatik eragin digu. Orduan, adibidez, nik oso gustura irakurriko nuke Matematika Sailetik, estatistikaren ikuspegitik egindako azterketabat. Gero, gehiago igual autokritika da, baina Komunikazio Sailekoa izanik agian nik egin behar nuen lan bat aztertzeko datu ofizialak zalantzan jartzen dituzten taldeen jarduerak, mugimendu negazionistenak-eta. Ez nintzen ausartu, haserreegi ikusten nuelako neure burua eta agian ez nukeelako ikuspegi objektibo bat-edo edukiko; baina, orain, gauzak ikusita, agian egin behar nuen. Baina, bueno, beste liburu edo proposamen batzuetarako aukerak ere izango ditugu aurrerago.
Beste askotarako ere bai, ezta? Begiratzen den tokira begiratuta ere, arrastoa utzi du izurriak…
Bai. Behin liburua amaituta, ideia hori geratu zait. Ematen du ezetz, baina jakintza arlo guztietan izan du eragina. Botaniko bat gonbidatuko bagenu ere, ziur gauzak esango lituzkeela landarediaren inguruan pandemiarekin lotuta.
Ba al da gogoeta guztiak josten dituen haririk?
Nik gogoetetako ideia bat azpimarratu beharko banu, izango litzateke zaurgarritasuna: zaurgarritasuna agertzen da. Guztiek azaltzen dute honek nola jo gaituen kolektiboki, eta jakintza arlo espezifikoetan izan duen eragina. Bakoitzak bere proposamenak egiten ditu, baina badago, oro har, zaurgarritasun kolektiboaren errekonozimendua. Eta bigarren elementu bat, zera: egile guztiek onartzen dute liburu hau iraungi daitekeela arin, aurki beste gauza batzuk deskubrituko ditugulako, eta 2022an pentsatuko ditugulako 2020an pentsatzen ez genituenak. Beraz, biak. Batetik, zaurgarritasuna. Bestetik, kronologikoki, materialki eta historikoki kokatuta dagoela: pandemia piztu zitzaigun urtean.
Unean-unean egindako azterketak direla, alegia...
Bai, nik uste dut, gainera, gizartean nolabaiteko obsesioa dagoela erantzun behin betikoekin; igaroko ez diren, iraungiko ez diren hausnarketa definitiboak plazaratzeko, edo behintzat sentsazioa emateko halakoak plazaratzen ari garela. Liburu honetan ez dago halakorik. Esaten da: «Momentu honetan hau pentsatzen dugu; momentu honetan, honek kezkatzen gaitu; momentu honetan, hau dakigu».
Bada bereziki harritu zaituen begiradarik?
Bai, nabarmen, gainera. Batetik, gauza ebidentea: asko ikasi dut. Jakintza eremu hauek guztiak kontrolatzen dituen irakurlerik egongo da agian Euskal Herrian, baina orokorrean oso jakintza esparru ezberdinak dira, eta nik ez nekizkien gauza pila bat aurkitu ditut atal guztietan, eta espero ez nituen eraginen berri ere izan du. Adibide bat da Sexologia Sailak egiten duen azterketa da. Haiek aipatzen dituzte sexua, desira, erotika, sare sozialak, sexting-a, harremanak, masturbazioa, pornografia, haurdunaldia, intimitatea... Jakina, pandemiak eragin die gai horiei guztiei, eta nik, egia esan, ez nion erreparatu dimentsio horri. Badaude beste proposamen batzuk ere. Adibidez, Arte Plastikoetatik gaiaz egin den azterketak oso hausnarketa diferente bat planteatzen du.
Hezkuntzari bi atal eskaini dizkiozue. Zer jartzen du horietan?
Bi gogoeta diferente daude. Batetik, Rakel Gamitoren Koronabirusa hezkuntzan. Hor ardatza jartzen da eskolen presentzialtasunaren eta ez-presentzialtasunaren inguruan, ez-presentzialtasunak eskatzen eta eskaintzen dizkigun baldintza, aukera eta arriskuetan. Bigarren azterketa bat ere badago, Abel Camachok eta Pedro Lonbidek egina; horren ardatza da egoerak zer dakarren aurrera begira. Bi artikulu osagarri dira; gauza askotan ados daude, bana ikuspegi ezberdinak eskaintzen dituzte. Hezkuntzatik zergatik bi artikulu? Ba gaia pil-pilean dagoelako, eta jarraituko duelako.
Liburuko gogoeten beste eremu garrantzitsua dira hizkuntzari buruzkoak. Hiru artikulu dira...
Hiru ekarpen daude. Hirurak oso ezberdinak. Karlos del Olmorenak itzultzaileen perspektibari heldu dio. Lehen esaten genuena.Birusak eragin dio itzulpengintzari? Ba, bai. Eta oso gai interesgarriak jarri ditu mahai gainean. Bigarrenean, Sonia Isasik euskararen normalizazio lanari egin dio erreferentzia, baina erakunde publikoekin lotuta. Hirugarren partea dago eginda produkzio zientifikoari eta euskaraz egiten den zientziari erreparatuta. Nik ez nuke esango liburu honek COVID-19ak euskaran izan duen eragin guztia biltzen duenik bere barnean; baina uste dut hiru proposamen diferente hauek nahiko argi uzten dutela eragina baduela, izan duela, eta izango duela.
Epilogoa ere badu liburuak, kooperatibagintzatik egindakoa...
Bai, azken kapitulua berezia da. Lehen atalak akademikoagoak dira, zientifikoak. Azkena, guztiz humanista. Beñat Irasuegi kooperatibazale eta kooperatibagintza garaikidearen konbentzituak idatziko artikulua da. Planteatzen duena galdera humanistiko zahar bat da, zaharrena agian: nola bizi bizitza bizigarriak. Nola bizi bizitza bizigarriak pandemia eta digitalizazio garaian. Esango nuke liburuaren itxiera perfektua osatzen duela. Batetik, Errenteriatik pentsatua, baina Euskal Herrira eta planeta mailara orientatua izan nahi duen hausnarketa bat delako, eta, bestetik, galdera humanista esentzial bat jartzen duelako: hemendik aurrera, eta datorrenarekin, nola prestatu, zer galdera egin behar dizkiogu geure buruari ondo bizitzeko?
Koronabirusa. Xabier Landabidea Urresti. UEUko kidea
«Ematen du ezetz, baina izurriak jakintza arlo guztietan eragin du»
UEUk liburu bat josi du izurria hainbat ertzetatik aztertuta: jakintzaren arloko bederatzi diziplinatatik. Landabideak koordinatu du. Sortu diren galdera sakonei erantzuteko ariketari so, argi du erruz ikas daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu