Gipuzkoako zahar etxeetako enpresei «errespeturik eza» leporatu diete langileek

Langileen ordezkariak haserre atera dira negoziazio mahaitik; esan dute mobilizazioen bidean segitu behar dutela: «Greba gehiago izango dira»

Langileak protestan, atzo. BERRIA.
arantxa iraola
Donostia
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako gatazkaren harira, atzo goizean elkartu ziren patronala eta ELA—sektorean gehiengoa du, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak. Bileraren ondoren, Txomin Lasak (ELA) eta Ane Sarriegik (LAB) hartu zuten hitza, eta patronalak bileran aurkeztu zien proposamena «erabateko errespeturik eza» izan dela deitoratu zuten: «Onartezina izan da». Kanpoan langile asko zeuzkaten zain, eta penatuta eman behar izan zizkieten bileraren emaitza eskasari buruzko azalpenak. «Gauzak argi esan behar dira: gezurrik esan gabe. Oso itxura txarra du honek», azaldu zuen Lasak. Herrialderako lan itun berria eskatzen ari dira 2017tik, eta 2018ko udaberrian hasi ziren protestak iragartzen. 190 egunetan baino gehiagotan egin dute greba.

Sindikatuek esan zuten bileran ikusi zutela patronalak ez dituela kontuan hartu nahi langileen eske oinarrizkoenak ere. «Egin diguten proposamenean, 2019-2022 urteak hartzen dira aintzat: 2017 eta 2018 urteak galduta daude. Ondo dakite guk hori ez dugula onartuko», adierazi zuen Sarriegik. Lasa bat etorri zen: gogora ekarri zuen «marra gorritzat» jo dutela langileek negoziazioetan aintzat hartu beharreko denbora tartearena. Beraz, atzoko bilerara «esperantza» apur batekin joan baziren ere, aukera zapuztu bat izan zela sentitu zuten berehala.

ELAk negoziazio mahaian eseri gabe egin zuen denboraldi bat, eta atzo Lasak iragarri zuen hurrengo bilerara ere ez direla agertuko: «2017-2018 urteak aintzat hartzen dituen proposamen bat egiten ez duten bitartean, ez gara eseriko». LABek, berriz, aztertu egingo du hurrengo bilerara agertu edo ez. Baina zalantza handiak dituzte. «Ez dakigu jolas onartezin honetara etortzea merezi duen ere», onartu zuen Sarriegik. Eguna jarrita dago: otsailaren 12a. Sindikatuetako ordezkariek argi utzi zuten, atzoko bileran jasotako ekarpenen zurruntasuna ikusita, bide bakar bat ikusten dutela datozen asteetarako: «Mobilizazioena». Otsailaren 7ra arteko greba antolatua du ELAk, eta atzetik gehiago etorriko direla iragarri zuen Lasak: «Greba gehiago izango dira: seguru. Eta egoera ikusita, gainera, luzerako izango da». Gipuzkoako Diputazioaren jarrera ere salatu zuten, esku hartzen ez duelako.

Gatazka hasi zenetik, langileen lan baldintzak hobetzeko neurri bakar bat egon da, baina herabea izan zen, eta herrena: iazko azaroaren 8an UGTk soldaten gaineko itun bat hitzartu zuen enpresekin, baina langileen ordezkaritzaren %10 besterik ez du sindikatu horrek sektorean, eta beste sindikatuek ez zuten ontzat jo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.