Nafarroako gazteen arteko euskarazko ahozko jarduna aztertu nahi dute Iruñeko Komunikabideak fundazioak eta Euskaltzaindiak. Horretarako, mintegi bat antolatu dute irailaren 28an, 09:00etatik 16:00etara, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak jardunaldiak zenbait helburu ditu: «Iritziak jasotzeko bilgune bat sortzea, hausnartzea, esperientziak trukatzea eta 8-12 urteko gaztetxoen euskarazko ahozko jarduna hobetzea». Izena emateko epea zabalik dago irailaren 26ra arte.
Euskaltzaindiaren arabera, erdararen erabilera igotzen ari da, eta horren zergatiaren inguruan eta beste zalantzen inguruan hausnartu nahi dute: «Nolakoa da gaztetxo horien euskarazko ahozko jarduna? Zer hutsune daude arlo horretan? Zer baliabide ditugu euskarazko ahozko jarduna hobetzeko ikasgeletan? Eta ikasgelatik kanpo, aisialdi antolatuan, kirol jardueretan...?».
Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Jagon saileko Sustapen batzordeko buruak eta Enrike Diez de Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak fundazioko lehendakariak aurkeztu zuten egitasmoa, ostiralean, Iruñean. «Eskolak bakarrik euskal hiztunak sortzen ote dituen kezka dago», esan zuen Alemanek. Horri beste hausnarketa bat gehitu zion: «Oinez, ibiliz ikasten da, eta euskal hiztunak eremu guztietan euskaraz arituz lortzen dira». Diez de Ulzurrunek azpimarratu zuen gazteek euskararekin zer-nolako harremana izan duten jaso nahi dutela: «Gaztetxoak entzuteko asmoa dugu».
Mintegian parte hartuko dute hala nola Dindaia fundazioko Esther Lakastak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko Helena Baraibarrek, Euskaltzaleen Topaguneko Ander Barandiaranek eta Iturrama institutuko ikasleek. Mintegiaren hasieran curriculumen mugak eta aukerak izango dituzte hizpide; amaitzeko, ahozko jarduna lantzeko baliabideen inguruan mintzatuko dira.
Gazteen arteko euskarazko ahozkoa aztertuko dute Nafarroan
Erdararen erabilera zergatik igotzen ari den hausnartu nahi dute Iruñeko Komunikabideak fundazioak eta Euskaltzaindiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu