Rodolfo Martin Villaren auzipetzea baliogabetu du Argentinako justiziak

78ko sanferminetako eta Martxoaren 3ko hilketak egotzi dizkio Servinik. Epaileen arabera, ez dago froga nahikorik, baina ez dute artxibatuko

Rodolfo Martin Villa, 2017an, Efe agentziak eginiko elkarrizketa batean. SANTI DONAIRE / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Rodolfo Martin Villaren aurka Argentinan irekita dagoen auzibidea eten egin dute. Maria Servini epaileak auzipetu egin zuen urrian Espainiako ministro ohia, baina, orain, apelazio auzitegi batek erabaki du prozesamendua baliogabetzea, delituen eta egiletzaren inguruko «frogarik ez» dagoela argudiatuta; hala ere, ez du kasua artxibatuko.

Francisco Francoren diktaduran eta ondorengo urteetan kargu ugari izan zituen Martin Villak Espainiako Gobernuan. 1975ean Sindikatuekiko Harremanetarako ministro izendatu zuten, eta 1976an, Gobernazio ministro; garai hartan segurtasun indarrek izandako jardun bortitzaren erantzukizuna egotzi izan diote. Hain justu, gizateriaren aurkako delituengatik auzipetu zuen Servinik, lau hilketaren erantzule delakoan: 1978ko sanferminetan, German Rodriguezena, eta 1976ko Martxoaren 3an, Gasteizko sarraskiko hiru langilerena —ondorengo egunetan beste bi lagun zendu ziren, baina horiei buruzko ikerketa zabalik utzi zuen Servinik—.

Martin Villak helegitea jarri zion erabaki hari, eta Argentinako Ganbera Kriminal Federalak tramitera onartu zuen; orain, auzitegi horretako bigarren aretoaren arabera, «ez dago frogarik, ez zuzenekorik, ez zeharkakorik, ezta zantzurik ere» ministro ohiari egotzitako delituen inguruan. Batetik, epaileek adierazi dute Servinik akats bat egin zuela kalifikazio juridikoan, ez dutelako frogatutzat jotzen Gasteizko eta Iruñeko hilketak gizateriaren aurkako delitu izan zirenik —justizia unibertsalaren arabera jarduteko izendatu zituen hala Servinik—.

Ganberak erantsi du instrukzioan ez dela nahikoa froga aurkeztu baieztatzeko «botere aparatu» bat zegoenik Martin Villaren esanetara, eta «biztanleria zibilaren aurkako plan orokortu eta sistematiko» bat zutenik garai hartan. Ondorioz, epaileek diote ezin dela ministro ohia krimenon egiletzat jo. Hala, Argentinako magistratuek uste dute ez dagoela «nahikoa arrazoirik» ministro ohia auzipetzeko, baina ezta auzibidea artxibatzeko ere; «ikerketaren emaitzen zain» geratuko da ganbera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.