Bortxa matxistaren aurka jardutea «lehentasuna» da herritarren %84rentzat

Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko jarrerei buruz azterlan bat aurkeztu du Jaurlaritzak: galdetutakoen %37k kasuren bat dute hurbil

Erika Tavaresen hilketa gaitzesteko, hainbat erakundek Gasteizen egindako elkarretaratzea, urrian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Euskal gizartea gero eta sentsibilizatuago dago berdintasunarekin, eta gero eta neurri gehiago eskatzen ditu emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko». Bortizkeria matxistaren inguruko jarrerei buruz azterlan bat aurkeztu zuen atzo Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak, eta berretsi zuen bortxa horren inguruko kezka nabarmen handitu dela azken urteetan: galdetutakoen %84k uste dute indarkeria matxistaren aurkako borrokak «lehentasunezkoa» izan beharko lukeela. Bihar izango da bortizkeria hori desagerrarazteko nazioarteko eguna, eta gaitzespen ekitaldietan parte hartzeko deia egin zuen Artolazabalek.

Era berean, inkestak agerian utzi du gero eta herritar gehiagok antzematen dutela indarkeria. Galdetutakoen %37k adierazi dute inguruan (familian, lagun artean, lantokian edo auzoan) ezagutzen dutela bikotekidearen edo bikotekide ohiaren tratu txarrak jasandako andreren bat; %27 ziren 2015ean, eta %18 2004an. Halere, azterlanak agerian utzi du mito askok indartsu dirautela. Adibidez, inkestan parte hartu dutenen %50ek uste dute alkoholak eta drogek eragiten dituztela indarkeria ekintza «gehienak»; %27k, salaketa faltsu «asko» daudela; eta %24k, biktima gehienak etorkinak direla.

Atxilotu bat Gasteizen

Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, 41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten herenegun, bikotekidea jotzeagatik. Etxean eztabaida batean ari zirela egin zion eraso emakumeari, eta udaltzainek atxilotu zuten, eraso fisikoa egitea egotzita.

Era berean, atzo epaiaren zain geratu zen Maguette Mbegouren hilketaren epaiketa. 25 eta 44 urte arteko kartzela zigorra galdegin dute fiskalak eta akusazioek haren senarraren aurka; gizonak barkamena eskatu zien atzo andrearen senideei eta alabei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.