Aitor Esteban. EAJko diputatua

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.

CHEMA MOYA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak kontuak onartuta, alderdi gehienek amaitutzat jo zituzten haien inguruko elkarrizketak. Horien artean, baina, ez dago EAJ. Aitor Esteban bozeramaileak (Bilbo, 1962) azken unera arte negoziatzeko asmoa adierazi du, helburu nagusiak lortu dituzten arren.

EAJk 44 zuzenketa adostu zituen Kongresuan, baina negoziazio mahaian jarraitu du. Zer lortu zen han eta zer geratu zenegiteko?

Lehenengo akordioa bizitzeko gutxiengo errentaren kudeaketaren ingurukoa izan zen, osoko zuzenketak aurkezteko epean. Argi geneukan hori orain bideratzen ez bazen ezinezkoa izango zela. Beraz, guretzat ez zeukan zentzurik hori lortu gabe aurrekontuak babesteak. Ez zen batere erraza izan, baina lortu da, eta pentsatzen dut behar den bezala bideratuko dela. Behin hori itxita, nik uste dut gauza interesgarriak lortu direla. Proiektu garrantzitsuak lotu dira. Ez datorren urterako bakarrik, jarraipena eskatzen dutenak baizik. Horrez gain, pozik nago aurrerapauso handia eman dugulako egoera txarrean dauden familia askorentzat: gaixotasun arraroak edota minbizia dituzten adingabeentzako diru laguntzak bost urtez luzatzea.

Senatuan, helburutzat zenuten AHTaren Gasteizko eta Bilboko sarbideetako lanen kudeaketaren inguruko akordio bat egitea. EAJren eskaerak betetzen ditu sinatu berri duzuenak?

Oso garrantzitsua zen bi hirietarako sarrerak eta geltokiak lurperatuta egotea eta Eusko Jaurlaritzak kudeatzea. Ezinbestekoa. Orain arte behin eta berriro ukatu digutena lortu da.

Kopuruak eta egutegia zehaztu gabe utzi dituzue.

AHTaren kudeaketa mandatua segurtatzeak lanen epeak laburtuko direla bermatzen du, Eusko Jaurlaritzaren ardurapean egongo direlako. Obra batzuen eta besteen tramitazio egoera ezberdina da. Bilboko sarbideko tunelen kudeaketa mandatua 2022ko lehenengo hiruhilekoan gerta daiteke. Gasteizen, MITECOk espedientea amaitu behar du.

Egindako akordioarekin, Espainiako Gobernuak bermatuta du EAJren babesa? Edo bada beste gairik mahai gainean?

Osoko zuzenketen izapidea gainditu zenetik, ez dugu zalantzan jarri aurrekontua onartuko dela. Onartzearen aldekoak izan gara beti. Bitartean, tramiteak ez dira amaitu.

Legealdi amaierara arte iritsiko da Espainiako Gobernua?

Pentsatzen dut [Espainiako presidente Pedro] Sanchezek luzatu gura izango duela. Azken batean, bere agintaldiaren amaieran Europako buruzagitza eroango luke; ikusgarritasun handia izango luke. Baina ez dakit Sanchezen buruan zer egongo den. Eta ez dakit amaitu nahi izanez gero koalizioan edo bere alderdiarekin bakarrik egingo duen. Ikusi beharko dugu. Hauteskundeak hurbiltzen diren heinean, tentsioa gero eta handiagoa izango da. Aurrena, udal eta aldundietako hauteskundeak daude. Ikusi beharko dugu ea zubi hori nola pasatzen duen Espainiako Gobernuak.

Zer-nolako rola jokatzen dute aurrekontuek bide horretan?

Aurrekontuez hitz egiten dugu, baina aurrekontuaren zati handiena ezin daiteke zuzenketen bidez aldatu. Zati handiena funtsak dira, Europatik datozenak. Haiek ezin dira zuzendu. Kontuan hartu behar da diru sarrerengatik aurrekontu bereziak izango direla. Horrek, ziur asko, posibilitatea emango dio bigarren urte batez aldaketarik gabe jarraitzeko.

Eta zer espero du EAJk Europako funtsez?

Gura duguna da benetan ekonomiaren oinarriak aldatzeko erabili daitezela. Hala planteatu da euskal instituzioetatik. Uste dut Euskadik zeresan handia duela, bere eragin berritzaileagatik eta gure ekonomiaren egituraketagatik. Parte nabarmena jaso beharko genuke. Gainera, pentsatzen dut horiek exekutatzeko beste batzuk baino egoera hobean gaudela. Baina ikusi beharko da non dauden lehentasunak. Hori Espainiako Gobernuak daki.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak aipatu zuen EAJ lehentasunezko bazkidea dela haientzat. Hala ikusten duzue?

Nik hemen oso denbora ezberdinak ezagutu ditut. [Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez] Zapateroren lehen agintaldian oso akordio gutxitara iritsi ginen, eta Rajoyren lehenengoa ere oso gogorra izan zen. Orain, kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana. Bestela, aurrekontu honetatik kanpo geratuko ginateke, eta nik kontrako sentsazioa daukat. Badakit nola dauden gauzak: gora eta behera, mugimenduan dagoen egoera bat da. Hor, bakoitzak daki zein momentutan zer egin dezakeen bere programa aurrera ateratzeko.

Kostata, baina badirudi badatorrela mozal legearen erreforma.

Badator, guk aurkeztu genuelako. Osterantzean, hemen ez zen ezer mugitzen. Hasi da eztabaida, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Gure helburua oreka bilatzea da, segurtasun lanaren eta eskubideen arteko oreka. Orain hiru urte hitz egiten hasi ginen PSOE, PP eta gu, aldaketak egiteko. Hainbat gauzatan adostasun bat lortu genuela esango nuke. Zer gertatzen da? Orain, berriro hastean, PPk txartzat jo du bere momentuan ontzat hartutakoa. Eta alderdi sozialistak ere hainbat puntutan alde egin du. Ikusiko dugu zer gertatzen den eztabaidan, baina pentsatzen dut aldaketa egin egingo dela.

PSOEk eta UPk aurkeztu zuten zuzenketa sorta. Zuekin hitz egitekoak ziren gero.

Horretan ari gara. Baina uste dut oraindik goiz dela esateko ea zertan gauzatuko den, eta gure arteko akordioekin noraino helduko den. Agian ez da hala, baina harrituko nintzateke hilabete honetan aurrerapauso handirik emango balitz. Ez dut uste bultzada erabakigarria datorren urtea hasi baino lehen emango zaionik.

Hurrengo urrats handia lan erreformarena izan liteke?

Harrituta nago nola ez den lehenago iritsi. Sanchezen lehenengo gobernuan adostasun zabal bat egon zen orain eztabaidatzen diren gaien inguruan, aurrera ateratzeko bestekoa. Nik ez dakit zergatik egon den hainbeste denbora geldirik. Ea zer testu ateratzen duten, eta nola: lege proiektu gisa, edo lege dekretu gisa. Ez dut uste ideia ona denik dekretu gisa ateratzea, baina batek daki. Gobernuak ohitura hori du.

Erreforma horrek zer beharko luke EAJren babesa izateko?

Badaude gauza gehiago, baina guretzat oso garrantzitsua da hitzarmenen lehentasuna euskal markoan ezartzea. Hori ontzat ematen ez bada, zaila izango da gure babesa izatea.

Aurreko asteburuan egin zenuten alderdiaren batzar nagusia, eta entzute prozesu baten berri eman zenuten. Aldaketa beharra sumatzen duzue?

Gure alderdia nahiko adi egon da beti gure gizartean dauden gaiak ezagutzeko. Denborak, joerak eta belaunaldiak aldatu egin dira, eta ez dugu konexio hori galdu nahi. Gizartearekin batera, alderdia ere aldatu behar da. Oraingo alderdia ez da duela hogei edo 40 urtekoa, eta etorkizunekoa ere egokitu egin beharko da. Horregatik, beste formula batzuk bilatu nahi ditugu. Alderdian parte hartzeko eta ideiak edo kezkak helarazteko bideak zabalduko dira. Hori etengabe egingo da hemendik aurrera, baina modu berezian datozen hilabeteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.