Galdera zaharrei, erantzun berriak

Lisipe bildumako hamargarren zenbakia argitaratu du Susak: 'Kapitalaren lantegi ezkutuak: Mapa bat ezkerrarentzat'

Kapitalaren lantegi ezkutuak liburuaren aukezpena, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Oihane Puertas ONA
Donostia
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Susa argitaletxeak Lisipe pentsamendu feministaren euskarazko bildumako hamargarren liburua atera berri du: Kapitalaren lantegi ezkutuak: Mapa bat ezkerrarentzat. Nancy Fraser filosofo estatubatuarraren azken gogoetak biltzen ditu, eta Irene Arrarats Lizeagak (BERRIAko Euskara Taldeko burua), Maialen Berasategi Catalanek eta Mirentxu Larrañaga Sueskunek (BERRIAko itzultzaile eta zuzentzaileak) eta Danele Sarriugarte Mochalesek ekarri dute euskarara. Atzo egin zuten liburuaren aurkezpena, Donostian.

Obrak kapitalismoa du oinarri; besteak beste, kapitalismoa «ordena instituzionalizatu» gisa kontzeptualizatzeko beharra, ordena hori posible egiten duten «faktore ikusezinak» aztertzea, eta kapitalismoaren «erro misogino, sexista eta arrazistaren leheneratze politikoa».

Fraserrek zenbait soluzio planteatzen ditu, «praktika eta antolaketa berriak» gauzatzeko helburuarekin. Horretarako, filosofoak «galdera zaharrak» egiten dituela adierazi zuen Arraratsek, «erantzun berriak» lortzeko asmoz. Horrekin batera, irakurleari «bi erronka» proposatzen dizkio: alde batetik, kapitalismoaren kontra dauden guztien arteko «bloke bat» nola osatu planteatzea, eta, beste alde batetik, «beste mundu bat» irudikatzea.

Kapitalismoa eta arrazakeria ere lantzen ditu liburuan, eta, Berasategiren arabera, Fraserrek «esplotazioaren eta espropiazioaren ikuspegiak» uztartzea proposatzen du, gizarte kapitalistak oinarrian duen «arraza zapalkuntza estrukturala» azaleratzeko. Horri aurre egiteko, «arrazen arteko aliantzak» sortu behar direla azaltzen du Fraserrek: «Espropiazioa eta esplotazioa batera deuseztatzen dira, edo ez da bakar bat ere deuseztatuko».

«Kapitalismoak berezkoa du krisiak sortzea», adierazi zuen Sarriugartek, eta Larrañagak gaineratu zuen «gizarte kapitalista molde orok babesten» duela «krisirako joera». Izan ere, kapitalismoak berekin dakartzan krisiez ere badihardu liburuak, zaintza krisiaz eta krisi politikoaz, esate baterako.

Larrañagaren arabera, zaintza krisiak «kapitalismoari berez dagokion kontraesan sozialean» du oinarria, «kapitalismo finantzalizatuan», eta, horri aurre egiteko, «ordena sozialaren egiturazko eraldaketa sakon» bat egin beharko litzateke. Krisi politikoari dagokionez, berriz, Sarriugarteksistemaren kontraesanetako bat azaleratu zuen: «Kapitalismoak jarduten du botere publikoak behar ez balitu bezala, baina behar-beharrezkoak ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.