Azken asteetan, bolo-bolo ibili dira koronabirusaren gaitzaren hedatzea ijito komunitateari leporatzen zioten Whatsapp mezuak eta albiste sentsazionalistak. Halakoak etetea galdegin dute Euskal Herriko ijito elkarteek eta SOS Arrazakeriak. Hori ez da, ordea, ijitoek azken egunetan pairatu duten arazo bakarra. Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioko lehendakari Ricardo Hernandezen esanetan, salbuespeneko neurriek «hondamendia» eragin diete familia askori.
Konfinamenduak eta alarma egoerak kolektibo zaurgarriei kalte handiagoa egiten diela salatu du Gaz Kalo federazioak.
Bai. Alarma egoeran, gizarteak berezkoak dituen arrakalak handitu egiten dira. Ez naiz ari ijitoen kontrako arrazakeriaz bakarrik. Oro har, gizartearen periferian bizi diren kolektibo guztiak are bazterrerago gelditzen dira halako egoera batean. Gizarteak, bere osoan, alarma egoerari aurre egiteko gaitasuna du, baina elkartasunez ez bada, nekez eginen du aurrera.
Zeintzuk dira bazterreko sektoreen behar nagusiak?
Gizarte talde asko ezin dira gelditu hamabost egunez etxean: itolarrian bizi direlako, diru iturri finkorik ez dutelako edo euren etxeak gutxieneko baldintzak betetzen ez dituelako. Familia gehienek badute etxe duin bat, egun osoan tenperatura egokia mantentzen ahal dute, eta kide bakoitzak badu bere gelan egoteko aukera. Gizartearen bazterrean bizi direnentzat, aldiz, egoera oso bestelakoa da: pilatuta bizi dira metro gutxiko espazio batean, agian ez dute berogailurik edo janaria gordetzeko tokirik, familia batzuek ez dute etxerik ere...
Egoerak badu ondorio ekonomikorik ere ijitoen familientzat?
Oso ondorio larriak ditu. Ijito familia asko bizi dira azoka eta salmenta ibiltariaren bidez jasotzen dutenetik, baina hori guztia debekatu dute. Supermerkatuak zabalik daude, eta azokak, itxita. Horrek esan nahi du familia askok ez dutela inongo diru iturririk izanen datozen asteetan. Hondamendia izanen da. Nik dudarik ez dut: gizartea, oro har, krisi honetatik aterako da, baina bazterrean zirenak, tartean ijitoak, lehen zeuden baino askoz okerrago egonen dira. Ezinezkoa da kalteak zehatz-mehatz kalkulatzea, baina badakigu katastrofikoa izanen dela.
Haurrek eskolarik ez izatea ere arazo bihur daiteke kolektibo horientzat, ezta?
Zalantzarik gabe. Pentsa dezagun, une batez, eguneko otordu egoki bakarra eskolan egiten duten haur horiengan. Zer egoeratan egonen dira orain? Edota, besterik gabe, etxean ordenagailu eta Internet konexiorik izan ez eta, beraz, etxerako lanak online egiteko aukerarik ez dutenengan. Horren ondorioak ikasgelan ikusiko dira, ikasleen arteko arrakalak handituko baitira.
Zer behar da, egoera horri konponbidea emateko?
Gutxieneko baldintzak eta baliabideak bermatu behar dira: elikadura, higienea, baliabide materialak... Funtsezkoa da hori guztia bermatzea, eta ardura administrazioarena da. Neurri zehatzei dagokienez: bat, ezarri behar da gutxieneko diru sarrerak bermatzeko sistema bat, egoera zaurgarrian direnentzat; bi, azken egunetan zabaldutako espediente zigortzaileak eta etxe kaleratzeak eten beharra dago; eta hiru, errenta bermatua berritzeko tramitazioan etenda gelditu diren eskaerak automatikoki berritu beharko lirateke.
Horrelakoa izan da administrazioen erantzuna?
Tamalez, ez. Espainiako Gobernuaren eta gobernu autonomikoen lehen neurriak ez ziren aplikatu kolektibo zaurgarrien beharrak aintzat hartuta. Gerora, egia da Nafarroako Gobernuak, adibidez, salbuespeneko neurriak hartu dituela bazterketa egoeran diren familiei laguntzeko, elikagaiak emateko eta kasurik larrienak artatzeko. Guk jendaurrean txalotu dugu hori, baina errealitatea da, lehen kolpean, ez zituztela elementu horiek aintzat hartu.
Jarrera xenofoboak eta arrazakeria ere azalera atera dira azken asteetan, koronabirusaren aitzakiarekin. Konponbide zailagoa du horrek?
Pobreziarekin eta bazterketa sozialarekin lotutako egoerak azaleratzen diren heinean agertzen da arrazakeria ere. Azkenaldian ikusi dugu zenbaitek talde zehatz batzuei egotzi nahi izan dietela kutsatzearen ardura, jatorri etnikoagatik edota egoera soziokulturalagatik. Askok, ijito bat kalean ikusi, eta automatikoki pentsatzen dute konfinamendua hausten ari dela eta jendaurrean seinalatzen dute, edo Poliziari deitzen diote. Agian, ijito hori ogia erostera joan da, besterik gabe, baina horrelakoxeak dira aurrejuzguak, eta azkar asko hedatzen dira sare sozialetan, adibidez. Dozenaka kasu iritsi zaizkigu halakoak, azken egunetan. Gaz Kalofederazioan jada salatu ditugu jokabide horiek, SOS Arrazakeriarekin batera, eta arduraz jokatzeko deia egin dugu, berez konplikatua den egoera hau are jasangaitzago bihurtzeko arriskua dagoelako.
Jokabide horiek, baina, gizartean errotuta zeuden lehen ere...
Hala da, bai. Gizartearen alde txar hori azalera atera du egoera honek. Eta arriskutsua da, giza eskubideen eta elkarbizitzaren ikuspuntutik, azken hamarkadetan eginiko urrats guztiak hamabost egunean deseginen direlako.
Hedabide batzuek ere lagundu dute jarrera arrazista horiek zabaltzen...
Hedabideen arazoa egunerokoan dago. Askotan, asmo oneko editorial ederrak argitaratzen dituzte arrazakeriaren kontra, baina egunerokoan, albisteak bat-batean emateko beharrak irensten ditu. Batzuetan, ez dituzte gainbegiratzen berri agentzietatik datozen albisteak, eta bere hartan argitaratzen dituzte. Hedabide horiei eskatuko nieke kode deontologikoa betetzeko, besteak beste, pertsona baten jatorri etnikoa seinalatu eta kolektibo osoa jomugan jartzen duten albisteak argitara ez ditzaten.
Koronabirusa. Ricardo Hernandez. Gaz Kalo ijito elkarteen federazioko burua
«Bi asteotan desegin daitezke elkarbizitzan eginiko urrats guztiak»
Nafarroako ijito elkarteen lehendakariaren esanetan, koronabirusak eragindako albo kalteak askoz larriagoak izan dira gizartearen ertzetan bizi direnentzat: «Arrazakeria batu zaio bizi baldintza makurrei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu