Chantal Kehrig. Gauche 64 koalizioko hautagaia

«Eskumen soziala da lehentasuna»

Kehrigek lehentasuntzat jo du osasun krisiak eraginen duen krisi sozialari aurre egitea. Haren ustez, goizegi da lurralde kolektibitatea plantan ezartzeko, Euskal Hirigune Elkargoa «gazteegi» ikusten baitu.

BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Hendaia-Hegoko Euskal Itsasbazterra kantonamenduko hautagaia da Chantal Kehrig (Angulema, 1968), Frederic Tranche (PS) Hendaiako axuantarekin batera. Gauche 64 departamenduko ezkerraren koalizioaren izenean aurkeztuko dira bozetara. Kehrig kontseilari izan da sei urtez, eta bigarren kargualdiaren bila abiatu da.

Zein bilan egiten duzu iragan den kargualdiaz?

Gure kantonamenduarentzat, bilana oso positiboa da: departamendu kontseilura eraman ditugun afera guziak bururaino kudeatu dira, eta esperotako finantzamenduak izan dituzte. Baina, orokorrean, departamendu mailako bilanak ñabardura gehiago ditu. Zerbitzuen berrantolaketa pairatu behar izan dugu; egunerokoan lanean ikusi ditugun zerbitzuak horretaz kexatzen dira. Berrantolaketa biziki manera nahasian egin da. Lanbide batean murgildua zarelarik, eta zure eguneroko antolaketa goitik behera aldatzen dizutelarik, ez da erraza. Denbora anitz behar da berriz egokitzeko, eta denbora anitz behar da afera berriak segitu ahal izateko, aurretik baitezpada ezagutu gabe. Departamendu kontseiluko gehiengoaren nahikeriaz eraman da berrantolaketa hori, baina begi bistakoa da sekulako hutsak eta gabeziak badirela.

Azken kargualdi denboran Euskal Hirigune Elkargoa sortu da. Departamendu kontseiluan nola hartu duzue instituzio horren sorrera?

Pentsatzen dut argiki identifikatuak diren eskumenekin ez dela arazorik gertatzen. Baina, eskumen partekatuen eraginez, herritarrentzat zailagoa da ulertzea gure instituzioek nola funtzionatzen duten.

Eskumenak argiki banatzeko lanik eraman ote duzue?

Lan hori egitekoa da oraindik. Euskal Hirigune Elkargoa oso gaztea da oraindik: 2017an sortu zen, eta, oraingoz, gauzak ez dira erabat argituak. Elkargoak derrigorrezko eskumenak hartu ditu, baina hautuzko eskumen anitz ere bere gain hartzeko hautua egin du. Nolabait, bi lurralde batzen dituen departamenduarentzat ondorio hau du: eskumen batzuk elkargoak hartu ditu Iparraldean, eta Biarnon, berriz, departamenduaren esku gelditu dira. Halabeharrez, gure lurraldeko herritarrentzat gauzak ez dira nahiko argi gelditzen, beharbada.

Ba ote du zentzurik Ipar Euskal Herrian elkargoa eta departamendua izateak? Lurralde kolektibitatea aldarrikatzen dute batzuek.

Pentsatzen dut ez garela oraino prest lurralde kolektibitatearentzat. Elkargoa gazteegia da: lan zama ikaragarria dute elkargoko teknikariek politika publikoak aitzina eramateko. Lehenik lurraldeaz jabetu behar du elkargoak, konpetentzia guziak zehaztu behar ditu, derrigorrezkoak eta hautuzkoak. Lan hori guzia finkatu behar du lurralde kolektibitatea aipatu aitzin. Eskumen soziala departamenduarena da oraino, eta, uste dut hala egon behar duela gutxienez kargualdi batez, elkargoa ez baita batere prest horren karga hartzeko. Denbora behar da aferak lantzeko, eta, elkartasun politikari dagokionez, departamenduak bere lana betetzen du. Maila hori beharrezkoa ikusten dut oraindik, behin-behinean bada ere. Dena den, elkargoa ez da oraino prest departamendu kontseiluan diren eskumenak bere gain hartzeko.

Abstentzio handia aurreikusten da bozetarako. Nondik dator, zure ustez?

Pandemiaren eraginez dela erranen nuke. Herritarrek badute bestelako arazorik, hauteskundeak ez dira lehentasunen artean. Kanpaina denboran, nahiko zaila da jendearengana hurbiltzea; egunerokoan, haien arrangura ez da bozkatzea. Enpleguaren eta enpresen munduan sekulako segurtasun eskasia bada; beraz, hautetsiak pixka bat lekuz kanpo gelditzen gara herritarrei bozkatzera joateko erratean. Dena den, ez dut uste pandemia baten erdian data egokirik badenik bozkatzera joateko. Garai biziki zaila da, eta horrek eragiten du bakoitza bere baitan hetsirik egotea.

Eskumen soziala du departamenduak. Pentsa daiteke osagarri krisiak krisi soziala eraginen duela. Nola aurreikusten dituzu datozen sei urteak?

Zinez ezinbestekoa da eskumen horretan zentra gaitezen. Elkartasun politikaren eskumena departamenduaren geneetan da. Departamenduak horretan huts egiten badu, zinezko hutsegitea litzateke; erran nahiko luke herritarrak ez ditugula lagundu behar den bezala. Herriko Etxeek ahal dutena egin dute hurbiltasuna bermatzeko, elkargoak ere bai, baina departamendua da eskumen hori duena. Eskumen sozialak lehentasuna du; beraz, eraginkorra izan beharko du horretan.

Eraginkorra izateko, langileak behar dira, eta ordezkaritzak lurralde bakoitzean, herritarrengandik ahal bezain hurbil izateko, behar duen herritar oro egoki bideratzeko. Hurbiltasuna ezinbestekoa da dosierren azterketa epeak laburtzeko. Gutxieneko errenta galdetzeko, kasurako, epeak biziki luzeak dira; hurbiltasuna bermatuz, laburtuko lirateke.

Gutxieneko errenta lortzeko galdeak emendatzea aurreikusten da, gainera...

Departamenduaren buxeta egokitu behar da, eta eskumen garrantzitsuenetara bideratu; eskumen sozialera, erraterako. Buxeta ez da sakabanatu behar, eta gutxieneko errenta galdetzen duten herritarrei ahal bezain fite erantzun behar zaie. Larrialdia hor izanen da: denei erantzun behar izatea. Segurtatzen ahal dugu gutxieneko errenta galdetzen dutenen kopurua emendatuko dela; beraz, buxeta horretara bideratu beharko da lehentasunez, eta zenbait gauzetarako murriztu. Hautuak egin beharko dira, eta ardura hartu, barreiatu gabe.

Migratzaile adingabeen ardura du departamenduak. CIMADE elkarteak salaketak egin ditu, hutsuneak agerian ezarriz. Bat egiten ote duzu kritika horrekin?

Gure lankideetako batek etengabe salatu du azkarregi egiten direla adina zehazteko probak, eta, ondorioz, harrera eskasa dela. Abisua eman dio departamendu kontseiluko gehiengoari, baina ez da zinez entzuna izan. Bada garaia gai hori serioski hartzeko, eta adingabe horiez osoki arduratzeko. Departamenduaren betebeharra da: osoki asumitu behar dugu. Adingabeak identifikatu behar ditugu: ezin dugu tronpatu.

Departamendua EEPren parte da. Konstituzio Kontseiluaren erabakiak dudan ezarri du erakundearen segida. Zer diozu?

Ni euskararen alde kokatu naiz beti, baita ikastolen alde ere. Gure kantonamenduko hautetsien posizioa biziki argia izan da sei urtez: gure talde politikoak horrekin bat egiten ez badu ere, gure ezberdintasuna asumitzen dugu. Barne mailan eramaten dugun borroka da: gure eremuan, euskarak bere lekua badu; ezin dugu bazter utzi. Gure lankide batzuek, Biarnokoek, gaia gutxiago ezagutzen dute, eta, beraz, desadostasunak badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.