Koronabirusa. Izar Arregi. Psikologo klinikoa eta familia terapeuta

«Kontzientzia hartuta ez dela bi asterako, positiboa izan daiteke»

Arregik uste du etxean sartuta egon beharra, serio hartuta, bizitza aldatzeko aukera bat izan daitekeela. Ezinbestekotzat jo du ordutegi bat jartzea; bestela, antsietatea, depresioa eta insomnioa sor daitezke.

GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Konfinamendua izango da askorentzat kalera atera ezinda hainbeste denbora igarotzen duten lehen aldia. Horri aurre egiteko, errutina bat ezartzea ezinbestekoa iruditzen zaio Izar Arregi (Azpeitia, Gipuzkoa, 1976) psikologo kliniko eta familia terapeutari.

Zer eragin psikologiko izango du hamabost egun edo gehiago etxean itxita egon beharrak?

Desberdin eragingo die zaharrei, bakarrik bizi direnei eta familiei. Asko eragiten duen beste aldagai bat da bizilekua. Hala ere, denontzat oso garrantzitsua da errutinaeta ordutegi bat jartzea: jaiki; eroso jantzi, baina ez pijamarekin egon; garbitu; eta ordutegi batekin hasi. Ordutegi horretan kirola sartu behar da. Adinekoen kasuan, komeni da hogei minutuz luzaketak egitea goizean eta arratsaldean, korridorean ibiltzea... Irakurtzeko denbora ere hartu behar da. Komeni da gazteei ordenagailuko jokoak arautzea ere.

Kontsumo gorabeherak dauzkatenentzat, izugarrizko aukera da puntu eta aparte bat egiteko; adibidez, astean zehar alkohola kentzeko. Elikadura desegokia ere oso txertatuta daukagu. Bestelako kontsumoa daukatenentzat, bai kokaina edo bai porruak, garaia da esateko honaino heldu garela, eta, orain, bi aukera dauzkagu: berdinean jarraitu, okerrera joan, paranoiekin hasi eta bakartzeak dakartzan ondorio psikologiko gogor guztiak jasan, edo mugarri bat izan, ohitura berriak txertatu, familia harreman berriak jarri eta autodiziplina serio batekin hasi. Benetan kontzientzia hartzen badugu ez garela bi astean bakarrik egongo, baliteke positiboa ere izatea. Horrela hartzen ez badugu, aukera dago egoera oraindik eta gehiago okertzeko.

Bestela, zer ondorio izan ditzake bakartuta egoteak?

Bakartzearen arriskuak dira antsietatea, depresioa eta lo egiteko arazoak. Hasten zara gaizki lo egiten, beste ordu batean jaikitzen, jantzi gabe egoten, ordenagailuan ibiltzen edo telebista ikusten, jan ere erdizka... Eguna joatean, ez zarenez nekatu, berriro ere gaizki egiten duzu lo. Errutina horretan sartuz gero, agur. Bakartzea, ahal dugun neurrian, murriztu behar dugu. Nola? Errutina bat jarrita. Matematikako ariketak eta hitz gurutzatuak egitea komeni da; gorputza eta burua nekatu behar dira. Albisteak entzungo ditugu koronabirusari buruz, baina gaia aldatu behar da; bestela, burua obsesionatu egiten da. Kontuan eduki behar da elkarrekin ordu asko egoteak asko zailtzen duela bizikidetza; ez joan idealetara. Etxean bakoitzak bere espazioa eduki behar du, eta, era berean, etxeko bizikidetza eta komunikazioa hobetzeko modu baten gisan erabiliko dugu.

Nola eragingo du 24 orduz pertsona berekin egoteak?

Kontuan hartzen badugu errespetua bermatu behar dugula, eta gure gorabeherak edukiko ditugula, bizikidetza eta elkarren arteko harremanak hobetzeko balio dezake. Ordu batzuetan, banandu egin behar da senarrarengandik edo seme-alabengandik. Kontziente izan behar dugu hilabete eta erdiko kontu bat dela. Ez badituzu bizikidetza arau batzuk eta diziplina bat jartzen, okerrerako izan daiteke. Mugarri izan daiteke, berriz, orain arte umeez ama arduratu bada, aita ere egoteko; harremanak lantzeko anai-arreben artean eta gurasoen eta seme-alaben artean; bikotea lantzeko eta etxeko ardurak banatzen hasteko.

Umeei eta nerabeei nola lagun dakieke egoera ulertzen?

Helduek ulertzen badugu, gazteek ulertuko dute. Ordenagailutik lan egiten eta diziplina edukitzen ikasi behar dute, baina ikusten ari naiz izugarrizko lan pila dauzkatela. Nerabe asko ez daude ondo gurasoekin, eta orain etxean egon behar dute, eskolako kontuak dauzkate, lagunekin eta bikotekidearekin ezin dute egon, hormona aldaketak dauzkate, kirolik egin gabe daude, eta ez dira kabitzen. Hor leherketaren bat egongo da, eta ondoren esango dugu: «nola helduko diogu?». Nik psikologoei deitzea aholkatzen dut.

Ondorioak, egunak igaro ahala, larriagoak izango dira?

Zenbat eta denbora gehiago, orduan eta okerragoa izango da, baina, alarma hau bukatzen denean ere, kosta egingo da bere onera bueltatzea.

Eten egin da aitona-amonen eta biloben eta seme -alaben eta gurasoen arteko harremana?

Komeni da seme-alabekin bideo deiak egitea eta, ordua jarrita, egunean pare bat aldiz deitzea. Oso-oso garrantzitsua da elkarrizketena ere. Koronabirusa besterik ez dugu aditzen, eta zein elkarrizketa edukiko dugu? Adinekoei begira, gazteak ekintzak egiten ari dira. Balkoitik bingoa antolatzea, adibidez, txalotzekoa iruditzen zait. Baliabide berriak bilatu behar dira, baina serio hartuta, ez hau hamar egunean bukatuko dela pentsatuta.

Bestela, harremanak eten daitezke?

Eten bat baino gehiago da; beraiek ere depresioan sartzen dira. Ikusten dute adineko bat hil dela, ez dagoela hiletarik, eta pentsatzen dute: «Orain ni hiltzen banaiz, ez da hiletarik egongo». Gainera, gertatzen da zenbait ez direla jabetzen errealitateaz. Batek esaten zuen: «Ni gerra denbora pasatuta nago, eta hori baino okerragoa ote dugu bada hau», edo «zergatik ezin dut bada elkartera joan». Batzuk gehiegi daude beldurtuta, eta beste batzuk, gutxiegi.

Honek, aurrera begira, ondorioak ekar ditzake?

Bai. Bukatzen denean, psikologokoak eta psikiatrak kolapsatuta egongo dira. Serio hartzen badugu, egoera hau indargune bat izan daiteke; bestela, depresioa, antsietatea, estresa, insomnioa, komunikazio falta eta familia harremanak puskatzea eragin dezake. Enpatia sozial bat sortzeko balio behar du, komunikatzeko modu desberdinak topatzeko eta seme-alabekin daukagun harremana eta anai-arreben artekoa hobetzeko. Ondo dagoena hobeto egoteko balio dezake, serio hartuta eta aldaketa estrukturala eginez gero. Informazioa eta laguntza eskatzea beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.