Paul Rocher. Ekonomialaria

«Armak ezin dira arautu, ez baitago erabilera segururik»

Pilota jaurtigailuak, negar gasa, pistola elektrikoak... Poliziaren armak «hilgarritasun apalekotzat» dauzkate gobernuek, baina Rocherrek uste du eufemismo bat dela hori: «Datuek erakusten dutenez, polizia indarkeria areagotu dute».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gazer, mutiler, soumettre liburuan (Gaseztatu, elbarritu, azpiratu), Poliziak erabiltzen dituen arma «ez-hilgarrien» fenomenoa aztertu du Paul Rocher ekonomialari eta zientzia sozialetan adituak (Paris, 1987). Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu du lana.

Poliziak erabiltzen dituen arma arinen «eufemismoaz» mintzo zara liburuan. Zergatik?

Teorian, pistolak eta munizio hilgarria albo batera utzi eta, horren ordez, gomazko pilotak, negar gasa eta bestelako arma arinagoak erabiltzeak apaldu egin beharko lituzke Poliziaren oldarraldietan hildakoen eta larri zauritutakoen kopuruak, ezta? Hori litzateke logikoena. Baina ez da hala izan. Aitzitik, efektua kontrakoa izan da.

Nola da posible?

Liburua, berez, galdera horri emaniko azalpen bat da. Datuek erakusten digute azken hamarkadetan gora egin duela Poliziak zauritutakoen kopuruak, eta baita hildakoenak ere. Jakina, denak ez dira arma «ez-hilgarri» horien ondorioz zauritu edo hil, baina istiluen kontrako material horren erabileraren pare igo dira zaurituen eta hildakoen kopuruak. Arma mota horiek jendetzak eta mobilizazioak kontrolatzeko era etikoago edo gizatiarrago baten gisara aurkeztu zizkiguten gobernuek, baina, ironikoki, Poliziaren metodoak bortitzago bilakatu direla ikusi dugu.

Zergatik? Zer dute arma horiek?

Armak dira, hain zuzen. Eta horiek eskuragarri izate hutsak erabilera malgutzea ekarri du: Poliziak inoiz baino gehiagotan erabili ditu, errazago tiro egin du, eta ardura txikiagoarekin jokatu du, oro har. Arma ez-hilgarri kontzeptua bera tranpatia da, eufemismo bat, iradokitzen baitu arma horiek ez direla arriskutsuak, eta hori akuilu bat da polizientzat: aise tiro egitera bultzatzen ditu.

Zer kalte eragiten dute?

Agerikoena kalte fisikoa da, noski, askotan ikusi ahal izan dugunez: gerta daiteke jendeak begi bat galtzea pilotakada baten ondorioz, edo zauri larriak izatea besoetan, buruan, odol jarioak... Baina, horiez gain, auzi honek badu ondorio psikologiko bat ere. Polizia jendearen kontra tiroka ari bada, manifestariei bortizki oldartzen bazaie, litekeena da jende askok protestetan parte hartzeari uztea, edo birritan pentsatzea, beldur direlako. Hortaz, Polizia indarkeria osasun arazo bat da, objektiboa eta biktima kopurua aintzat hartuta neur daitekeena; baina arazo demokratiko bat ere bada, praktika horien helburuetako bat baita jendea izutzea, bere oinarrizko eskubideei uko egin diezaien.

Kolore askotako gobernuek erabili dituzte gisa horretako armak, mobilizazioak amatatzeko. Zein da jokabide horren atzean dagoen motibazio politikoa?

Liburuan, ikuspuntu ekonomikotik aztertu dut arazoa batez ere. Arma ez-hilgarrien olatu handia 1990eko hamarkadan hasi zen. Lehendik ere baziren, noski, baina urte horietan orokortu ziren, neoliberalismoak hauspotuta. Funtsean, neoliberalismoa zera da, aberastasuna behetik gora birbanatzea: txiroenei kendu eta aberatsenei eman. Halako banaketa batean, litekeena da jendea kexatu eta kalera ateratzea, ahalmen ekonomikoa apaldu eta bizi baldintzak okertu dizkietelako. Gobernuek badakite gizarteak ez dituela gogo onez onartuko neurri neoliberalak; ondorioz, bide berriak bilatzen dituzte egoera kontrolpean izateko. Nola egiten da hori? Istiluen aurkako armen bidez. Agintarientzat, manifestazioak eta grebak eteteko baliabide oso eraginkor bat dira arma ez-hilgarriak, besterik ez, baina badago beste faktore bat ere.

Zein?

Arma horien erabilera orokortu ahala, gero eta biktima gehiago eragiten ditu Poliziak gizartearen sektore gero eta handiagoetan, eta, ondorioz, kontrako olde handi bat sortu dute, eta, zeharka, baita protesta gehiago ere. Hortaz, gurpil gaizto bat da: neoliberalismoak ezinegona sortzen du gizartean, eta protestak pizten dira kalean; estatuek arma ez-hilgarriak ematen dizkiote Poliziari, protestak eragozteko; armen erabilera bera bihurtzen da protestagai; eta, gero eta sektore gehiago protestetara batu ahala, gehiago dira errepresioa jasaten dutenak.

Krisi garaiak akuilu al dira estatu indarkeriarako?

Argi dago. NDFren [Nazioarteko Diru Funtsa] txosten batean irakur daiteke austeritate neurriak ezartzearen ondorioz gora egiten dutela bai gizartearen ezinegonak bai protestak ugaritzeko aukerak. 2020an, adibidez, protestak izan ziren mundu osoan, eta arma ez-hilgarrien bidez erreprimitu zituzten. Urte hartan hil zuten George Floyd ere, eta horrek protesta olatu handi bat eragin zuen mundu osoan. Bat nator lehen esan duzun gauza batekin: kolore politiko askotako gobernuek aplikatu dute indarkeria mota hau, arazoa ez baita gobernu edo alderdi batena. Frantzia, Txile, Pakistan, Palestina... Polizia bortizkeria globalizazio betean da.

Norbait larri zauritu edo hiltzen dutenean, eztabaida pizten da polizia indarkeriaren eta protokoloak berritzearen inguruan.

Baina protokoloak berritzeak ez du ezer konponduko. Armen eskuragarritasuna bera da nik zalantzan jartzen dudana. Datu estatistikoek frogatzen dute armak ezin direla arautu, ez baitago erabilera segururik. Armen erabilerak, bere hartan, bortizkeria polizialera garamatza, gidalerroak edo irizpideak edozein izanda ere.

Baina aukera hobea dirudi arma arinagoen mesedetan suzko armak alde batera uzteak, ezta?

Faltsua da argudio hori ere, arma ez-hilgarriek ez dituztelako baztertu pistolak eta enparauak. Azken urteetako grafikoei erreparatuz gero, ikusiko dugu gora egin duela arma ez-hilgarrien erabilerak, nabarmen, baina, horrekin batera, ohiko pistolen erabilera ez dela apaldu, eta urtetik urtera igotzen ari dela pixkanaka. Hortaz, bortizkeria kasuak murriztu nahi baditugu, armak debekatzea da aukera bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.