Ahal Dugu-n hautagaitza aurkeztu du Gorrotxategik, «zubi lana» egiteko

Espainiako Kongresuko diputatu eta senatari izan da. Pablo Iglesiasen sostengua du. Prest agertu da Rosa Martinezekin negoziatzeko

Miren Gorrotxategi, atzo, Ahal Dugu-ren diputatuek babestuta, bere hautagaitza aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko bigarren hautagaia aurkeztu zuen Ahal Dugu-k atzo, Bilbon: Miren Gorrotxategi izango da Rosa Martinez sektore ofizialeko hautagaiaren aurkaria.Abadiñokoa (Bizkaia) da jaiotzez, EHUko zuzenbide irakaslea ogibidez, eta alderdiko kide sorreratik. Euskalduna da, eta lehenik euskaraz mintzatu zen atzo prentsaren aurrean. Bere hautagaitzak Madrilen oniritzia duela irudikatu zuen: Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren sostengua du, eta, horren seinale, Juantxo Lopez Uralde, Pilar Garrido eta Roberto Uriarte Kongresuko diputatuek babestuta agertu zen. Halere, hautagaitza «integratzaile eta bateratzaile» bat aurkeztu zuen, Zubiak lelopean: «Zubi lana egiteko indar bat izan behar du Ahal Dugu-k, etxe barruan zein kanpoan».

Eskubide galerari erantzuteko, «justizia soziala» jarri du helburutzat Gorrotxategik, «mugimendu feministak eta ekologistak erakutsitako bidean». Ez du eman proiektu politikoaren inguruko xehetasunik, baina nabarmendu du Espainiako Gorteetan izandako esperientzia duela oinarri. Izan ere, 2016 eta 2019 artean senatari izan zen —Unidas Podemosen hautagaia izan zen ganberako presidente izateko—. Iazko maiatzetik irailera, Kongresuko diputatu ere izan zen. 2017an, Ahal Dugu-ren idazkaritza nagusirako hautagaitza aurkeztu zuen, baina Lander Martinezek eskuratu zuen kargua.

Ahal Dugu-ko hauteskunde primarioei begira, Gorrotxategik adierazi du prest dagoela Rosa Martinezen taldearekin hitz egiteko eta negoziatzeko —Lander Martinezek babestu egin du—, eta ez du baztertu prozesu horren ondorioz zerrenda bakarra eratzea. Azaldu du bere burua aurkeztu aurretik alderdi barruko «sentsibilitate guztiekin» hitz egin duela, baina orain idazkari nagusiari dagokiola berarekin harremanetan jartzea, bat egite aldera. Horri buruz, aitortu du ez duela gustuko izan Martinezen jarduna: «Akats bat izan da ez planteatzea batasuneko hautagaitza bat».

Ostiralean amaituko da Ahal Dugu-ren barruan hautagaitzak aurkezteko epea. Otsailaren 23tik martxoaren 1era egingo dute kanpaina ofiziala, eta orduan izango da bozkatzeko aukera; martxoaren 4an izendatuko dute lehendakarigaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.