Itsaso Olaizola. Hizkuntza ekologian aditua

«Jasangarritasunaren erdigunean egon behar luke euskarak»

Lurraldearen plangintzak harremanekin eta, beraz, hizkuntzarekin duen lotura azaldu du Olaizolak. Euskaraz egiteko hautua komunitatearekin eta bizi eredu hobeago batekin lotu beharko litzatekeela nabarmendu du.

JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Usurbil
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun

Lurraldearen eta hizkuntzaren arteko harremana birpentsatzeak hizkuntzaren biziberritzeari begirako hainbat gako eman ditzakeela uste du Itsaso Olaizola hizkuntza ekologiako adituak. (Donostia, 1973). Lurralde ereduak harremanak baldintzatzen dituenez, kulturekiko eta hizkuntzekiko loturetan ere eragiten duela azaldu du, berriki, UEUk eta Jakinek Usurbilen egindako EH2040: demografia, lurraldea, zaintza, hizkuntza jardunaldian.

Zer lotura du lurralde garapenak hizkuntzarekin?

Muin-muinekoa, esango nuke. Bizi garen modua eta lurraldearekin dugun harremana lotuta dago bizi garen hizkuntzarekin. Hizkuntza ekologiak aztertzen du hizkuntzen arteko harremana, baina baita hizkuntza horietako bakoitzak bere testuinguruarekin duen harremana ere. Eta testuingurua da zeren arabera egingo duen hiztun komunitateak euskara gehiago edo gutxiago. Eta horretan dimentsio fisikoak, lurraldeak, garrantzia du. Parkeak izateak, funtzio ezberdinak izango dituzten herriak izateak, elkarrizketak sortuko diren lekuak izateak herri eta lurralde bizi bat sortzen dute. Eta lurralde bizietan aukera handiagoa dago euskaraz aritzeko, hiztunak aktibatuta baldin badaude.

Ez da automatikoa, beraz.

Datuek erakusten dute hautu kontziente bat egin behar dela euskaraz bizitzeko, erabaki pertsonal eta kolektibo bat dela. Orduan, afera da noiz egiten den hautu hori, zergatik erabakitzen den euskaraz egitea. Galdera horri erantzun nahi dio hizkuntza ekologiak.

Harremanetarako guneen garrantzia nabarmendu duzu. Horiek babestea lubaki garrantzitsua izango da hizkuntzaren ikuspegitik?

Nik uste dut baietz. Lurraldea nola kudeatzen dugun, turismoa nola kudeatzen dugun, zer etxebizitza mota, zer tamainatakoak... Horrek guztiak markatuko du erabilera. Jasangarritasunaren erdigunean egon behar luke euskarak, eta zehar lerro izan. Baina zehar lerro zentralitatez, eta ez bukaeran aipatzen den hori. Ez. Euskaraz egingo da gune honetan? Hori pentsatu behar da edozein gune eraiki aurretik.

Ez du halako zentralitaterik, ordea.

Ez. Ingurumenaren babeserako araudi zorrotzak daude, adibidez, Europako Batasunak estatuei ezarriak, eta azken horiek badituzte betebehar batzuk. Hizkuntzekin ez da hori gertatzen; batez ere sustapenetik landu izan da, baina ez horrenbeste beharrezkotasunetik. Eragin Linguistikoen Ebaluazioaren teknika da beharrezkotasunaren adibide on bat.

Hizkuntza aniztasuna aberastasunarekin lotu duzu. Lotura hori erraz egiten da, ala txikikeriatzat hartzeko joera handiagoa dago?

Badago hori ere, bai, baina ikuskera horrek eramaten gaitu eraman gaituen tokira: pobretze izugarri batera. Nik uste dut lehen eginkizuna dela guk geuk kontzientzia hartzea. Ez dugu barneratua zergatik egin behar dugun euskaraz, eta, azken batean, euskaraz egiteak egingo digu herri bat izatea, kultura bat...

Eta hobeto bizitzea, esan duzunez. Nola ulertarazi lotura?

'Zer da zuretzat ondo bizitzea?' galdera egiten denean, ekofeminismotik edo transition mugimendutik adibidez, behar materialez hitz egiten da, noski: elikagaiak, etxebizitza... Baina, gutxieneko horiek bermatuta daudenean, gainerako guztiak harreman sareak dira. Izaki sozialak gara, eta harremanak behar ditugu. Eta garen horretatik jartzen gara harremanetan; gure kasuan, euskaratik.

Eta nola transmititzen da hori, euskaldunen komunitate trinkotik harago?

Kutsaduraz, nik uste. 1960ko hamarkadan Espainia aldetik etorritako askok erabaki zuten euren seme-alabak euskalduntzea, ikastolara eramanda. Mugimendu euskaltzalea mugimendu ireki eta moderno moduan hartzen zen, eta bazegoen gogo bat komunitate horretako kide izateko. Taldetasunak garrantzia du, eta, beraz, euskaldunok talde erakargarria izan behar dugu. Ez kanpora begira gaudelako, baizik eta gu garen horrekiko koherentziaz biziko garelako. Horrela bizita, askoz erakargarriagoa gara bestela baino.

Geroz eta hizkuntza gutxiagotu gehiago daude Euskal Herrian. Horrek ere jokatzen du euskararen erakarmen indar horren alde?

Interesgarria da aniztasunari balioa ematea, eta, besteekiko interes hori azaltzeak ere laguntzen du datozen horiek hemengo hizkuntzara hurbiltzen. Batzuek oso naturalki egiten dute. Hala ere, hizkuntzak funtzionala izan behar du. Hori transmititu ezean, euskara arriskuan dagoen hizkuntza hori da. Eta arriskuan badago, zergatik ikasi hori eta ez arriskuan ez dagoen eta denek erabiltzen duten hori? Euskara beste hizkuntzengandik zerk bereizten duen, hori da pentsatu eta transmititu behar dena.

Egon daiteke joera bat datozen urteetan tokiko eskalari gehiago erreparatzekoa, izan energetikoki, izan elikagaien aldetik. Euskararen prestigioari mesede egin diezaioke horrek?

Dudarik gabe. Nik uste dut momentu oso interesgarria dela, eta zaintza krisiaz, krisi ekologikoaz , ekonomia krisiaz eta abarrez hitz egiten ari garen momentu honetan tokiko eskalak, subiranotasunaren aldarriak, garrantzia hartuko duela. Hor asmatu behar genuke hizkuntzaren auzia ondo kokatzen. Iparraldean Bizi mugimenduak, adibidez, lurraldeari oso lotutako diskurtsoa egiten du; ekologiatik abiatuta, baina, aldi berean, tokiko hizkuntzaren garrantzia nabarmenduz. Modu horretan, lortu dute ekologismotik iritsitako hainbat lagunek kontzientzia hori hartzea. Gure erronka handia da, hain justu, euskalgintza beste borroketan sartzea: mugimendu feministan, ekologistan, zaintza ereduan, lurraldearen diseinuan… Ondo bizitzeko proposamenarekin lotu behar genuke, halaber.

Etsipen eta frustrazio sentimenduak ere berdintzen du mugimendu euskaltzalea beste zenbait gizarte mugimendurekin, aipatu duzunez.

Maila pertsonalean gertatzen da, baina baita borroka kolektiboetan ere. Nik ikusten dut adineko jende asko etsituta bezala euskararekin. Hori ez da norbanakoaren auzia soilik, borroka guztietan taldeari gertatzen zaiona baizik. Orduan, taldea asko zaindu behar da. Badaude mugimenduak gizarte traumaz hitz egiten dutenak. Ezinegon bat da sistemarekin. Gertatzen da arrazismoarekin, klima larrialdiaren kontrako borrokarekin, adibidez, eta uste dut hizkuntza gutxiagotuen borrokan ere landu daitekeela hizkuntza-trauma.

Lantzeak berak laguntzen du, beraz.

Bai, eta konpartitzeak. Eta onartzeak. Etsipenean egotea ez da batere erakargarria. Hori ez da orekatua, eta orekan bizi behar dugu. Jarreraz, optimismo erradikala eduki behar dugu. Nola egiten da hori? Uste dut horretan dimentsio soziala lantzea garrantzitsua dela. Izan ere, ematen du arazoak orain indibidualak direla, eta arreta jarri behar da kolektiboki gertatzen den horretan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.