Thomas Lacostek (Bordele, Okzitania, 1972) ekoitzi duen Hipotesi demokratikoa dokumentala film ikusienetakoa izan da azken asteetan Ipar Euskal Herrian, zinemagilearen arabera. Aurreaurkezpen bira egin ondotik, apirilaren 20an atera zen Frantziako Estatuko zinemetan. Hiri handietan aretoak bete dira, eta jende andanak parte hartu du ondorengo eztabaidetan. Oraindik ikusgai da Lapurdi kostaldean.
Zer harrera izan duzu orain arte?
Biziki ona, bereziki Euskal Herrian. Batetik, gazteak: anitzek erran didate lehen aldia zela beren herriaren historia kontatua zitzaiela, haienganatzeko aukera zutela. Bada publiko militanteago bat, filma bizi izan duena pisu arintze baten eta duintasunaren berreskuratze baten gisara. Eta bada euskal gatazkatik aski urruneko jendea, ikusitakoarekin harritua dena; ez zuten neurtzen alde batean zein bestean izandako bortizkeria eta sufrimendu maila.
Ez zuten ezagutzen?
Alde batekoa baizik ez zuten entzuna, Frantziako eta Espainiako prentsak mailukatu duelako. Bada erreakzio hori: 'Nolatan izan dugu orain arte istorioaren bertsio bakarra, eta hein horretaraino karikaturatua?'. Euskal Herritik kanpora, gehiengo batek ez daki ezer euskal gatazkaz. Entzuna zuten «terroristei» buruz mintzatzen, baina deskubritzen dutelarik torturaren errealitatea XXI. mendean, armagabetzean ari ziren militanteen atxiloketa, Luhusoko operazioa, Josu Urrutikoetxearen kasua... asaldatzen dira.
Beste atal bat ere bada: filmak nola begiratzen dion munduari.
Demokraziari buruzko sakoneko galderak egiten ditu. Frantziaren eta Espainiaren egoera demokratikoari buruz, baina baita zuenean hozitzen ari denaren indar demokratikoari buruz ere. Eta alde bakarreko prozesu horrek nola argitu ditzakeen beste gatazka eremu batzuk, izan Ekialde Hurbilean ala Kolonbian, adibidez. Estatuen inertzia, bortizkeriaren kostua... Gatazka bakoitza bakarra da, eta ezin dira berdin konparatu, baina eztabaida eta gogoeta biziki interesgarriak sortzen ditu.
Prentsak ere txalotu du.
Biziki komentario baikorrak izan ditugu Frantziako hedabideetan. Zati batek betaurrekoak aldatu ditu, eta beste begi batzuekin begiratu dio Euskal Herriko gatazkari. Beste batzuek ez dute ezer ulertu eta ETAren historiari buruzko film bat bezala aurkeztu dute. Ez da batere hori proiektu honen funtsa: gatazka baten historia da, eta nola lortu duzuen berau eraldatzea.
Zergatik film hau?
Nazioarteko gogoeta kritikorako aldizkari bat animatu nuen luzaz, Le Passant Ordinaire izenekoa, eta horren harira munduko gatazka andana aztertu nituen. Zuen historiaz interesatzen hasi nintzenean, gehien harritu ninduena da zenbateraino estigmatizatua eta ikusezin bilakatua zen. Gainera, nazioarteko zinemak orain arte ez zuen landua zuen historia. Horregatik ageri da Ken Loach filmaren babesle gisa. Ipar Irlandari buruz egin duen lana ez da sekula egin izan Frantzian, Euskal Herriari buruz. Badakigu badela euskal zinema bat, biziki indartsua, baina ez du baliabiderik lurraldetik kanpo. Euskal pilota izan zen 2004an; bistan dena, film horiek guziak ikusi ditut. Baina gatazka bere osotasunean hartu eta bere eraldatzetik aterabidera lantzen zuenik ez zen orain arte. Lanean hasi ginenean hori nuen buruan: kontratu moral bat; ezin genuen hutsik egin. Ahalik eta ongien egiten entseatu gara, genituen baliabide gutxiekin.
Nola osatu duzu dokumentala?
Orain arte, zinema militante eta engaiatua egin dut beti, baina nire lanak aski serioak ziren diru-laguntza aukera guziak ukaiteko; hor, ate guziak ixten ziren. Armagabetzea aitzin hasi ginen grabatzen, gertatzen ari zen, bazen dokumentatzeko zerbait. Akitania Berria eskualdeko laguntza bat baizik ez genuen izan. Filma prest zela, Frantzian banatzen diren laguntza gorenak eskuratu genituen. Batzorde independente batek ematen ditu, filma ikusi ondoren. Aho bakarreko erabakia izan zen. Baina ekoizpena oso baliabide gutxirekin egin genuen.
Bost urteko lana da.
70 pertsona baino gehiago elkarrizketatu ditugu; 315 ordu grabaketa. Egindako elkarrizketa guziak libreki ikusgai jartzea izanen da ondoko etapa, horretarako sortuko dugun plataforma digital baten bidez. Hasi gara lanean, baina dirua eskas dugu bideratzeko.
Oraingoz zinema aretoetan da.
Uste dut zerbaiten hasiera dela. Ipar Euskal Herrian zerbait gertatzen ari da film honekin. Espero dezagun Frantzia mailan gauza bera lortuko dugula. Espainiari dagokionez, banatzaile bila ari gara. Ez dut uste bihar goizerako Madrilen hedatuko dutenik, baina Katalunian, Hego Euskal Herrian, Galizian... badira aukerak.
Ez duzu kezkarik Espainiako Estatuan izan lezakeen harreraz?
Badakit badela jende bat iraganean giltzapeturik; izugarria da haientzat. Hasiera batean haiek gabe eginen dugu, eta aitzinera joanen gara. Bi aldeetako sufrimendua ezagututa, existitzeko izan duzuen zailtasuna... Hori ere bada hipotesi demokratikoa: bere emantzipazioaren bila ari den eta erregimen frankistaren kontra borrokatu den herri batek dakarrena. Eta hipotesi demokratikoa da ere eszenatoki politiko-militar batetik eszenatoki hertsiki politiko batera pasatzea lortu duen herri bat. Mespretxua saihestu eta ezagutzan oinarritzen bagara... Hori da bi biktimen arteko solasarekin filmean egiten entseatzen garena: bi emakume horiek etika eta indar bat badute dena eraldatzen duena. Konfiantza hori hedatu nahi dut zuen herria inguratzen duten bi estatuetan.
Pario bat ere bada Hipotesi demokratikoa.
Batzuek ez dute nahi, baina gazteek berenganatzen badute, olatua humanoagoa izanen da, eta berekin gauza anitz eraman ditzake. Hori da nire parioa. Gero, historia bat bada idaztekoa; historia politikoak segitzen du. Baina hobeki aitzinatuko da bakoitzak bere historia eskuragarri badu, estigmarik gabe, ezagutzan, eta informazio guziak eskuetan; ez bakarrik Poliziaren bertsioa. Historiografiari egiten zaion ekarpen bat da, besteen artean.
Cannesko zinemaldirako hautatua izan zen... eta, azkenean, baztertua.
2020ko maiatzaren 29an, Christian Jeune Cannesko filmen hautaketaren arduradunak deitu gintuen abisatzeko festibaleko selekzioan ginela. Ekainaren 3an, aurkezpen ofiziala baino bi ordu lehenago, berriz deitu gintuen, erranez 35 urteko ibilbidean ez zitzaiola halakorik gertatu, baina selekziotik kendua izan zela. 2021ean ere bi ordu lehenago gelditu ginen kanpo. Badakigu filmaren kontrako presioak izan direla eremu anitzetatik, hasiera-hasieratik. Funtsean, Cannesko festibala ez zitzaidan askorik axola, nahiz eta polita izanen zen filmeko partaideekin eskailerak igotzea; haatik, nazioarteko zinemaren diplomazia onuragarria izanen zitzaion filmari. Horregatik, Ken Loach, Dardenne anaiak, Rithy Panh eta beste asko gure alboan egotea oso garrantzitsua da filmaren etorkizunarentzat.
Thomas Lacoste. Zinemagilea
«Zerbait gertatzen ari da 'Hipotesi demokratikoa'-rekin»
Pozik eta harrituta mintzo da Thomas Lacoste dokumentalak Ipar Euskal Herrian eta Frantzian izandako harrerarekin. Euskal gatazkaren eraldatzea landu du, historiografiari ekarpena egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu