Oskar Matute. EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan

«Gobernuak gehiago egin dezake, eta horretarako garaia da»

Matutek uste du Espainiako Gobernuak «ikuspegi progresista batetik» heldu behar diela mahai gainean dituen aferei; bide horretan EH Bilduk «jendearen bizimodua hobetzen ahalegintzen» jarraituko duela dio.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bastida
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Oskar Matute EH Bilduko diputatua (Barakaldo, Bizkaia, 1972) atseden egun batzuk hartzen ari da, Espainiako Kongresuaren jarduera eten egin dutela baliatuta. Udako etena aukera ona da agintaldiaren balantzea egiteko, erdira iristeko hilabete gutxi batzuk falta diren honetan.

Pentsatzen dut zaila dela agintaldiaren orain arteko balantzea egitea izurria kontuan hartu barik.

Pandemia seguru asko gure bizimodua aldatzera etorri da, eta denoi eragin digu. Ni saiatu naiz beti gai honetan kritika neurriz egiten, badakidalako inor ez zegoela prestaturik honen moduko kontu bati aurre egiteko. Ni bereziki kezkatzen naute herritarrengan izaten ari diren ondorioek. Izurri hau jendearen egonkortasuna, buru osasuna, etorkizunerako asmoak pitzatzen ari da, eta horrek kezkatzen nau, beldurrak hartutako gizartea oso jokabide arriskutsuetara lerra daitekeelako.

Zer irizten diozu botere publikoek emandako erantzunari?

Lehen esan bezala, inor ez zegoen honetarako prestaturik, eta, beraz, ulergarria da kasu batzuetan inprobisazioak agintzea, baina, edonola ere, argi dago gauza batzuk hobetzeko modukoak izan direla. Nik, adibidez, ez dut inoiz ulertu zergatik pandemiaren kontrolean izandako arrakastak beti gobernuarenak diren, eta, aldiz, zerbait gaizki doanean errua herritarrei egozten dieten, eta, kasu batzuetan, sektore osoak estigmatizatuz, gazteak eta ostalariak adibidez. Porrotak eta arrakastak denonak dira, baina, batez ere, horri aurre egiteko tresnak eskura dituztenenak.

Irakaspenik atera al duzu pandemia honetatik?

Batez ere, zaintza eta bizitza erdigunean jarri behar direla. Askotan errepikatutako esaldi hori edukiz bete da, eta ikusi dugu osasungintza eta denok bizimodu duina izatea kapitalaren erreprodukzio dinamiken gainetik jarri behar direla. Niri oso deigarria egin zait, esaterako, lanpostuetan izandako kutsatzeez batzuek txintik atera ez izana; irabaziak osasunaren gainetik jartzen dituzten seinale.

Askotan esan da Pedro Sanchezen egungo gobernua «Espainian inoiz izan den gobernurik progresistena» dela, eta mota guztietako iruzkinak egiteko aukera eman du esaldi horrek. Zure ustez, bere jardunean hala izaten ari da?

Nik onar dezaket orain arte ezagutu ditugun gobernuen moduko bat askoz kaltegarriagoa izango zela langile eta herri klaseentzat. Baina hori ezin da aitzakia izan gobernu honek egindako guztia ontzat emateko. Nik uste dut gehiago egin daitekeela, eta gehiago egin beharko luketela. Gobernuaren zati batek esaten duenean gehiago egin nahiko lukeela lan arloan, argindarraren prezioan, bankuen irabazietan, etxebizitzaren esparruan eta abarretan, niri gustatuko litzaidake sinestea, baina horretarako argi mintzatu beharko lukete, eta esan nork eragozten dien hori egitea. Horri aurre egin behar zaio ikuspegi progresista batetik; bestela, ezin duzu esan historiako gobernurik progresistena zarela.

Gu argi mintzatzen gara. Hau ez da gure gobernua; guk arduraz jokatzen dugu, 1936an faxismoaren aurrean paratzen jakin zutenen ildo historikoari jarraitu nahi diogulako, baina horrek ez du esan nahi gobernu honek egiten duen guztia txalotu behar dugunik, badakigulako gehiago egin dezakeela, eta gehiago egiteko garaia dela.

Zuek akordio bat duzue PSOErekin eta UPrekin Lan Erreforma bertan behera uzteko, baina urtebete baino gehiago igaro da akordio hori lortu zenutenetik.

Guk badakigu Espainiako Gobernuan badaudela Europako Batzordeko beltzezko gizonen alde lanean ari direnak, [Ekonomia ministro] Nadia Calviño bezala, eta badaudela beste sentsibilitate bat izan dezaketenak. Batzuei zein besteei berdin esan diegu haiekin hitz egin dugunean: gu hitzeko jendea garela, jendaurrean zein pribatuan Lan Erreforma baliogabetzearen alde egingo dugula, eta haiek ere berdin egin beharko luketela ez badute hitza jan nahi. Badakigu urte honetan saiatuko direla horren alderik kaltegarrienak indargabetzen, eta hori ondo dago, baina ez da nahikoa, ez dagoelako Lan Erreforma bakar bat, 44 erreformaren segida bat baizik, eta denek higatu dituzte langileen eskubideak.

Horri buelta eman behar zaio; berdin digu epeka edo dena aldi berean egiten duten, baina horretan oraintxe bertan hasi behar dute. Eta agintaldiaren amaieran hori aurkezterik ez badute, ez da izango EH Bildu saiatu ez delako. Guk ez dugu inolako asmorik Espainian gobernatzeko, baina gure esku badago jendearen bizimodua hobetzea, horretan ahaleginduko gara, eta salatu egingo dugu horretan aritzen ez dena, edozein delarik ere.

EH Bildurentzat kontraesana da Espainiako aurrekontuei baiezkoa ematea, jakinda horietan Errege Etxerako eta armadarako dirua bideratzen dela?

Politikan kontraesanak badaude, eta lau kontraesan baino gehiago ez dauzkana mundu paralelo batean bizi da. Baina ez dut uste horiek kontraesan nagusiak direnik. Nik errealitate printzipioan sinesten dut: daukadan indarrarekin, zer egin dezakedan eta zer galaraz dezakedan. EH Bilduk hori egin du.

Gogoeta da ea lor dezakegun aurrekontuak hobeak izan daitezen eta gizarte libreago batean eragiten duten arloak sendoagoak izan daitezen, edo, aldiz, borroka horretatik at gelditu, eta purismoaren talaiatik gainerako guztiei esan zer desbideraturik dauden. Azken jarrera horrek ez zaitu inoiz kontraesan batera eramango, baina gero, ibilbidearen azterketa egitean, ikusi beharko da zure jarrerak indartzeko balio izan ote dizun.

Zer irizten diozu EH Bilduk agintaldi honetan Kongresuan egindako lanari?

Nik uste dut positiboa dela, baina ez bertan goxo gelditzeko modukoa. Jakin dugu egoera politikoa ulertzen, hortik eragiteko aukera sendotzeko, eta horrek ekarri du EH Bilduri buruzko hesi eta klixe batzuk erortzea. Gero eta jende gehiagok, Euskal Herritik kanpo ere, EH Bildu aliatu moduan ikusten du, baina asko falta dugu egiteko. Azken finean, oso argi dugu helburua: Madrilen ere lan egitea EH Bilduren posizioak indartzeko eta gero eta jende gehiago erakartzeko euskal errepublika aske eta subiranoaren proiektu politikora.

Madrilen eragiteko lantegi horretan lehia al dago EAJrekin?

EAJk badu euskal agenda bat, baina EH Bilduk ere badu bere euskal agenda, eta biek ez dute zertan bat egin. Agenda horretan EAJk batzuen interesak defendatzen ditu, ez halabeharrez herri sektoreenak, eta EH Bilduk herri sektore horien interesak defendatzen ditu. Edonola ere, EAJren buruzagi batzuk jelosiak jota egotea ez dut ulertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.