Koronabirusa. Franck de Cazanove. Farmakologoa

«Txertoa ekintza kolektibo baten gisan ulertu behar dugu»

Baionako ospitaleko farmaziako eta laborategiko burua da De Cazanove. Txertaketa kanpaina antolatzen aritu da azken hilabeteotan. Hasierako «arazoak» gaindituta, txertoez eta finkatutako estrategiaz mintzatu da.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Farmakologoa da Franck de Cazanove (Versailles, Frantzia, 1966). Baionako ospitalean egiten du lan, eta txertaketa kanpainaren gorabeherak bizi ditu iragan urtarriletik. Frantziako Gobernuaren txertaketa estrategia hizpide, COVID-19ari aurre egiteko txertoen inguruko eztabaidei erantzuna ematen saiatu da.

Txerto zenbait badira COVID-19ari aurre egiteko. Zeintzuk dira, eta zein dira horien arteko ezberdintasunak?

Ukan dugun lehen txertoa Pfizer BioNTech da. RNA mezularitzaren bidez funtzionatzen du. Gorputzeko zelulei agintzen die birusak duen spike proteina ekoizteko, antigorputzak garatu ahal izateko. AstraZeneca txertoa, berriz, bektoriala da. Adenobirus bat baliatzen da SARS-CoV-2aren aurkako immunizazioa egiteko. Azkenik, baina horiek ez dira oraindik baimenduak Frantzian, badira birusaren bertsio arin bat baliatzen duten txertoak. Txinako eta Errusiako txertoek horrela funtzionatzen dute; gripearen kontrako txertoa, kasurako, mota horretakoa izaten da.

RNA mezularitzaren bidezko teknika berria da. Batzuek mesfidantzaz hartu dute.

Azpimarratu behar da teknika ez dela berria: badira urteak teknika hori ikertzen dela. Berria dena da txerto bat egiteko baliatzea. Mesfidantza piztu du, oso azkar ekoitzi delako. Jakin behar dena da, alde batetik, nahiko sinpleak direla ekoizten. Bestetik, kasu honetan, kontu administratibo guztiak azeleratu dituzte, eta komunitate zientifiko ia osoa horretan aritu da. Sekulako baliabide ekonomikoak ere jarri dituzte. Ikerketek frogatzen dute Pfizerren txertoaren eraginkortasuna oso handia dela; txerto klasikoak baino gehiago: %90eko eraginkortasuna du; txerto klasikoagoetan, %60 eta %70 artekoa da gehienetan. Ez dago polemikarik; ikaragarrizko aitzinatze tekniko eta zientifikoa da. Desafio bati aurre egin behar zitzaion, eta hala egin dute. Ez da jukutriarik!

Gerora begira, aitzinamendu handia izan ote daiteke?

Beharbada pixka bat gehiegi aitzinatzen naiz, baina uste dut baietz, interesgarria dela. COVID-19aren kasuan ongi funtzionatzen badu —eta hala dirudi—, pentsatzen dut garatuko den teknika bat izango dela. Munduan badira zenbait hilabete hasi zela txertaketa, hainbat milioi herritarri jarri diete txertoa; eraginkorra dela erran daiteke. Hasierako beldurra gainditua dela uste dut; ez dago arrazoirik teknika horrekin ez segitzeko. Arras posible da erremedio anitzen etorkizuna izatea.

Badira hiru hilabete txertaketa kanpaina hasi zela. Zertan da?

Hasieran, Pfizer txertoaren dosiak jaso ditugu, kantitate txikian. Zahar etxeetako egoiliarrez gain, lehentasunezkoak ziren 50 urtetik gorako osasun langileak. Banaketa osasun egitura guztietara egin behar izan dugu. Nahiko fite, 75 urtetik gorako herritarrak ere sartu dira txertaketa kanpainan; beraz, hori ere kudeatu behar izan dugu. Horiei Pfizer txertoa jarri behar zaie. Bestalde, AstraZeneca txertoa ere jasotzen hasi gara. Pixka bat konplikatuagoa da txerto horrekin. Berez, osasun langileentzat erabiltzeko agindu zuten, baina txerto horrek fama txarra izan du, nolabait errateko. Denetarik entzun da horren inguruan. Hastapenean, 65 urtez beherako herritarrentzat soilik baimendu zuten. Horrek mesfidantza sortu du, eta osasun langileek erretizentzia handiagoa dute AstraZenecarekin. Duela aste bat Eskoziako ikerketa bat atera zen: AstraZenecak Pfizerren heineko eraginkortasuna duela dio. Azken finean, 65 urtez gorakoentzat ere baimendu dute. Aldaketa horiek guztiek gauzak lausotzen dituzte; jendea pixka bat galduta dabil.

Batzuek diote lehen dosiak direla lehentasuna. Besteek, jarri beharreko biak bermatu behar direla. Zer diozu?

Eztabaida hori otsail hastapenetan izan da Frantzian. Batzuek zioten lehen dosiak ahal bezainbat jarri behar zirela jende gehiagoren immunizazioa egiteko, bigarren dosiak atzeratu behar baziren ere. Besteek zioten bigarren dosia ez zela atzeratu behar, txertoaren eraginkortasuna apaltzeko arriskua zegoelako. Eztabaida sortu eta berehala, Frantziako Osasun ministroak esan zigun bigarren dosia jartzeak izan behar zuela lehentasuna. Merkaturatze baimenak argi dio eraginkorra izateko bi dosi beharrezkoak direla. Lehen dosia jarrita, 21 eta 28 egun arteko epea dago bigarrena egiteko. Ikerketak hala badio, ezin dugu bigarren dosia atzeratzeko arriskurik hartu.

Txertoak zer-nolako immunitatea sortzen du?

Oraingoz, immunitatearen inguruan gauza oso gutxi dakigu. Nehork ez daki. Ez da lasaigarria hori entzutea, baina hala da. Ez dakigu ea gripearen kontrako txertoa bezala urtero hartu beharko den, ez baitakigu immunitatea zenbatekoa den. Interesgarria izango da Israelen gisako herriei begira egotea. Lehenago hasi ziren masiboki txertatzen; beraz, emaitzak kasu handiz begiratu beharko ditugu. Dena den, hilabete batzuk beharko ditugu oraino immunitateari buruzko informazioak lortzeko. Gaitzarekin eta txertoarekin lortzen den immunitatea gauza bera izango dela uste dut, gorputzean sistema bera aktibatzen delako. Kontua da gorputz batetik bestera asko aldatzen dela. Eritasun honek argi erakutsi du: badira asintomatikoak, badira sintoma arinak, biziki ezberdinak izan daitezkeenak, eta badira forma larriak. Esaterako, gaitza pasatu dutenei dosi bakarra jartzea logikoa litzateke, antigorputzak jada badituztelako. Eztabaida hori ere bada, eta hori oraingoz ez da trenkatua.

Posible dea txertatuta ere kutsatzea eta transmititzea?

Gripearen txertoarekin bezala gertatzen da: txertatua izan zaitezke eta gripea izan. Eraginkortasuna ez da inoiz %100ekoa. Gainera, mota horretako birusek etengabeko mutazioak dituzte; horrek ere kezka sortzen du. Beraz, bai, txertatuta ere COVID-19 eritasuna izan dezakegu. Baina babes handia ematen du txertoak, horretan ez dago dudarik. Aldiz, jakin badakigu txertoarekin eritasunaren forma larriak saihesten direla. Horri buruzko informazioa lortzeko, adi egon beharko dugu txertaketa masiboak goiz hasi dituzten herrialdeetan gertatzen denarekin.

Pasaporte immunitario deitua aipatzen da geroz eta gehiago. Zer diozu horretaz?

Txertoaren aldekoa naizen heinean, jendeari txertoa harrarazteko balio badu, zergatik ez? Askatasun arazoak sortzen ditu, baina, krisiak izan duen eragina ikusirik, ez dut bidegabekoa ikusten. Uste dut txertoa ekintza kolektibo baten gisan ulertu behar dugula, betebehar baten gisan. Bide horretan sinetsi behar dugu. Herrialde jakin batzuetara bidaiatzeko beharrezkoak dira txertoak, eta, COVID-19aren kasuan, txertoa eska dezakete; bakan batzuek eskatu beharrean, askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.