Basurtuko ospitaleko eta Santa Marina ospitaleko buruen dimisioaren berri zabaldu denean, Maddalen Iriartek (Donostia, 1963) BERRIA hartu du EH Bilduren egoitzan. «Eskandalua» dela deritzo, eta herritarrek eta Osakidetzako profesionalek ez dutela halakorik merezi: «Gobernua Osakidetzaren irudia zikintzen ari da. Ez dago txertatze estrategia publikorik, ez dago auditatu daitekeen egutegirik, ez kolektiboen sekuentziaziorik... Eta horren aurrean, zero autokritika». «Agintekeriaz» jokatzea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari.
Esan duzu Jaurlaritzak ez duela akordiorik nahi izan EH Bildurekin. EH Bilduk Jaurlaritzarekin?
Argi erakutsi dugu zer-nolako proposamena aurkeztu diogun: egingarria erabat, egoeraren interpretazio zuzenagoa egiten duena. Aurrekontu hauek zaharkituak geratu zaizkio gobernu honi, pentsatu duelako pandemia parentesi bat zela; baina luze joko du, eta sortu dituen eta oraindik sortuko dituen arazoak erantzun beharrekoak dira. Aurrekontu batzuk herritarren beharrei erantzuteko dira, eta, horregatik, gure proposamenak neurri txiki batean zuzentzen zuen gobernu honek ekarri digun aurrekontu kontserbadorea, momentua interpretatzen jakin ez duena.
Zenbateraino bideratu daiteke negoziazioen bidez aurrekontu «kontserbadore» bat?
Beste baten aurrekontua zuzentzea oso zaila da, batez ere gure eredutik hain urrun egonda. Baina gure neurriak oso egingarriak dira: COVID funtsaren 140 milioiak erabiltzen hastea oso gauza logikoa da. Hezkuntzara 50 milioi bideratzea edonork ulertzeko moduko zerbait da. Sektore kaltetuentzat soberakinetatik dauden 200 milioi horiek hartzea egingarria da. Arduratuta gaude gazteen langabeziarekin; estatuko altuena da, %42koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horretarako hogei milioi erabiltzea oso ulergarria da. Zahar etxeei eta zaintzei dagokienez, esaten genuen Gipuzkoako ereduari jarrai diezaiotela Araban eta Bizkaian.
Eta hori guztia ordaintzeko dirua?
Honek sortuko duen guztia izugarria izango da, eta horregatik esaten genuen nahitaezkoa dela zerga sistemari buruzko hausnarketa bat egitea, ez gertatzeko betikoa: betikoek ordaintzea krisiaren kostua; alegia, urratsak egitea zerga sistema justuago baterantz. Oso urrun gaude Europako presio fiskalaren batezbestekotik.
EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua dute, baina oposizio osoak jarri ditu osoko zuzenketak. Zein da zure interpretazioa?
Gobernu honek gehiengo osoa du, baina inoiz baino ahulago dago, ez delako gai izan hitzetik hortzera darabilen auzolana sustatzeko eta gehiengo hori zabaltzeko. Gehiengo osoarekin ahul eta bakarrik geratu da.
Europako funtsak ere sartu dituzue proposamenean. Jaurlaritzak ez ditu aurrekontuen negoziazio mahaian nahi.
Nazio ikuspegitik, herri honek estrategikoki zer behar dauzkan eta izango dituen aztertzea eta horren arabera proiektuak sailkatzea oso herri ariketa interesgarria da.
Bilera bakarra egin duzue Jaurlaritzarekin. Zer jarrera antzeman duzue?
Azken hilabeteotan antzemandako bera; pandemia hasi zenetik, Jaurlaritzari hainbat proposamen igorri dizkiogu. Erantzun ere ez digu egin. Aurrekontu honetarako proposamena egin diogunean ere, ez digu erantzun; elkarrizketarako eta eztabaidarako abagunerik ez dugu izan. Sorpresarik ez, baina dezepzio eta etsipen handia daukat, era honetara ez dugulako lortuko aurrerapausoak ematea. Sailburuak egunkari honetan definitu zuen aurrekontuez egindako errelatoa bilbotarkeria bat dela. Aurrekontu bat horrela aurkeztea ez da gertatzen gure inguruan; gobernu honek errelato bat egin nahi izan du, baina errelatoek ez dute ziurtasunik ematen eta, batez ere, ez dituzte herritarrak babesten.
«Sorpresarik ez», diozu. Zer aldarterekin joan da EH Bildu negoziazio horretara?
Aurrekariak ikusita, ez genuen espero sorpresa handirik, baina jakin nahi genuen Jaurlaritzak ahotan duen elkarlan eta auzolan horretarako zer aukera zeuden. Horretara joan ginen, eragin nahi izateko aldartearekin, galdetuz proposamen bat onartzeko prest ote zeuden, guk proposamen bat mahai gainean jarriko genuela, oso argi utziz gurea proposamen politiko integrala izango zela. Hori jakinda, esan ziguten bidaltzeko.
Bidali zenuten.
Bidali genuen, eta mezu bat jaso genuen esanez hitz egiteko abagunerik ere ez genuela izango.
Azpiazuk esan zuen EH Bilduk «instituzionalki» ez dagokion rol bat hartu nahi izan duela. Zer diozu?
EH Bildu politikan dago politiketan eragiteko. Hori da oposizioko edozein alderdik egin behar duena: hori da gure funtzioa, hori egin dugu, eta hori egiten jarraituko dugu, instituzioetatik jendearen bizitza babesteko. Azken barometroen arabera, jendeak kezka batzuk dauzka: enplegua, aldi baterako erregulazioen amaiera, osasuna. Herritarrek esaten dutena entzutea eta aldarrikapen horiei erantzunak ematen saiatzea da gure funtzioa.
Negoziazioak eman duena ikusita, Jaurlaritzaren gehiengoa aintzat hartuta... Nola begiratzen dio EH Bilduk legealdiari?
Indar eta ilusio berarekin, konbentzituta gaudelako guk mahai gainera daramatzagun gauzek jendearen bizitza hobetuko dutela eta zaintzak erdigunean jarri behar ditugula, premiazkoa dela. Etsitzeko inolako asmorik gabe.
Baina Jaurlaritzarekiko harremanetan?
Ezin da ulertu egoera honetan gobernuak soilik bere buruarekin hitz egitea. Uste dut prozesu honetan Jaurlaritza nahastu egin dela, perspektiba galdu duela; aurrekontu bat tresna tekniko bat da, oso politikoa, herritarren beharrei erantzuteko. Jaurlaritzak erantzun dio EAJk EH Bildu higatzeko duen beharrari. Guk gurean jarraituko dugu.
EAJk galdetu izan du zergatik Eusko Legebiltzarrean ez den posible Iruñean eta Madrilen posible izan dena. Aritmetika kontu bat da?
Jaurlaritzak eta batez ere EAJk badakite gobernu alternatiba bakarra EH Bildu dela. Badakite, gurekin akordio bat irudikatuta, haiek askoz zailagoa dutela guri hainbat gauza bizkarreratzeko. EH Bildu higatu nahi horretan egiten duen ariketa da. Madrilen eta Iruñean akordioak posible izan dira bietan elkarrizketa etengabea izan delako. Interpretazio murritza egiten dute; Nafarroan UPNri eta Espainian eskuinari muga jartzea sekulako helburu politikoa da. EAJk argi eduki behar du zein den EH Bilduk duen ordezkaritza; ez du gutxietsi behar, ezta EH Bilduri beren botoa eman dioten ehunka milaka herritarrak ere.
ELAk kontuen aurkako posizio «irmoago baten falta» sumatu du.
Kontuan izanda herri honetako sindikatu garrantzitsuena dela eta ehunka milaka langileren ordezkari dela, guk beti arretaz eta errespetuz entzuten ditugu ELAk esaten dituenak. Ez dirudi ELAk beste horrenbeste egiten duenik; erreparatu izan balio guk aurrekontuez legebiltzarrean egin dugun kritika zorrotzari, ezingo zukeen esan duena esan. ELAk bere garaian izan zuen herri honetako politikagintzan eragiteko gaitasun handia; ez dakit orain muzin egin dion edo ez dakien eragiten. Sinergien garaia da: gu prest gaude elkarlanerako.
Zer zentzutan? Zer eginkizun izan behar du?
Nik ez dizkiot ELAri lezioak emango. Izan du gaitasuna ikuspegi subiranista batetik eragiteko, bide bat marrazteko; egin du beste garai batzuetan. Estatus berriaren oinarri eta printzipioak aurkeztu zitzaizkionean, ELAk apenas esan duen ezer. Pandemia honen ondorioek erakusten dute estatu baten beharra daukagula, detaile guztietan gertatzen delako Espainiako eta Frantziako gobernuen zain gaudela. Badugu bide hori jorratzen hasteko beharra. EH Bilduk bide hori egingo du, eta prest dago bide hori egin nahi dutenekin batera jorratzeko.
Aurrekontuen negoziazioak hasi aurretik, ematen zuen gasaren ustiaketa arrakala bat eragiten ari zela EAJren eta PSE-EEren artean. Nabari duzue desadostasunik?
Nire esperientzia laburrean, eta aurrekontuen negoziazio guztietan, PSE-EE ez da egon, eta ez genuen espero. Prozesuak amaitutzat eman direnean atera izan dira, astintzera.
Udal batzuetan jarri zarete ados; Eibarren, kasurako.
Borondate politikoa dagoenean, guk akordioak egiten ditugu; erakutsi dugu hori, gobernuan gauden udaletan nahiz ez gaudenetan. Hemen ez da borondate politikorik egon.
Eibar, Nafarroa, Madril... PSE-PSOE limurtzeko saio bat dago?
Ez da goxatu behar: Alderdi Sozialistak erabaki behar du zer den, sozialista den.
Baina sintonia bat sortu behar da.
Sintonietarako prest gaude. PSEk ezkerretik eragin nahi badu, gu prest gaude. Erabaki beharko du ezkerretik eragin nahi duen edo EAJk aurkeztu dizkion aurrekontu kontserbadoreak onartu nahi dituen; orain ditugun arazoei erantzuten ez dieten aurrekontu hauek babestu nahi dituen. Ni oso akordiozalea naiz, baina akordioa akordioagatik ez dago gure egiteko moduetan; akordioak atzean izan behar du eduki politiko bat.
Pandemiaren kasuan, kritikatuegin dituzue txertatzeko estrategia eta gardentasun falta. Nola jokatuko luke EH Bilduk?
Jendeak jakin behar du zein diren erabakiak, zergatik jarri behar duen maskara, noiz txertatuko duten. Ez da horrela izan. Batzuetan uler daiteke estrategia falta; horregatik aurkeztu genion Jaurlaritzari larrialdiko plan bat. Aurrera doa pandemia, eta errua inoiz ez da ongi diseinatu ez den estrategia batena. Atzo [asteartean], Ana Galarragak BERRIA-n idatzi zuen British Medical Journal-ek zioena, eta hortik jo zuen: oso erraza dela ustez gaizki ari direnak seinalatzea zure gabeziak estaltzeko. Harvard Unibertsitateko beste ikerketa bat eta Ugo Mayorrek esandakoak irakurri ditut, BMJ-k zioenaren harira. Hasieratik EH Bilduk azpimarratu du kutsatuak arakatu eta kontaktuak bakartu behar direla. Hortik doaz BMJ, Harvard eta Mayor. Ez naiz medikua, baina egin diezaiogun kasu komunitate zientifikoari; prozesu honetan ez zaio kasurik egin, eta, batzuetan, bizkarra eman zaio.
Kongresua du EH Bilduk hemendik maiatzera bitartean. Zein ildo hartuko du?
Guk euskal errepublika bat nahi dugu, eta egunero egiten dugu lan horretarako. Ezarriko ditugun ildoak bide horri jarraipena emateko ezarriko ditugu.
Maddalen Iriarte. EH Bilduko bozeramailea
«Jaurlaritzak badaki gobernu alternatiba bakarra EH Bildu dela»
Aurrekontu «kontserbadoreak» egitea eta EH Bildu «higatzeko errelato bat» osatzea egotzi dio Iriartek Jaurlaritzari. Uste du indar subiranistaren proposamenak «egoeraren interpretazio zuzenagoa» egiten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu