Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatusaren oinarriak hizkera juridikora eraman behar zituen talde teknikoak astelehenean eman zion lana Eusko Legebiltzarrari. EH Bilduk proposatuta, taldeko kide izan da Iñigo Urrutia (Jatabe, Bizkaia, 1966 ) Euskal Herriko Unibertsitateko aldezlea.
Bukatu duzue; zer sentipen?
Gazi-gozoa. Talde tekniko bati enkargua eman zitzaion, oinarriak hartuta, lege testu bat lantzeko; iruditzen zait talde parlamentarioek adostutako zenbait oinarri talde tekniko honen bitartez aldatu nahi izan direla. Ez dagokio hori, akordio politiko bati forma juridikoa ematea baizik.
Formulak balio izan du?
Metodologia izan zen errazenetikzailenerako bidea egitea. Lau itzuli eman dizkiogu testuari, eta eztabaida interesgarriak sortu dira; zenbait gai gakotan posizioak zein diren eta ikuspegi juridikotik zer hurbilpen egon daitezkeen ikusteko bidea eman digu.
Zein zen jarrera lehen bileretan?
Denak geunden hormari itsatsita, larregi mugitu barik. Neurtze bilerak ziren. Hamabostean behin hasi ginen biltzen, eskubideen ataletik abiatu ginen eta konfiantza lortu bitartean hilabete bat edo bi igaro ziren. Gero azkarrago egin zen lan. Halere, erritmoak oso motelak ziren. Planteatu nuen bi kapitulu elkarrekin jorratu beharko genituzkeela, baina ez zegoen presa askorik.
Nola kudeatu dira denborak?
Metodologia arazo iturri izan da hasieratik. Batetik, txostenak nola egingo ziren; planteatu nuen, oinarriak bi alderdiren arteko adostasunean oinarritzen zirenez, bi horiek izendatutako adituek txostengile lanak egitea. Azkenean erabaki zen Legarda izatea atal guztietakoa. Markoa txostengileak ezartzen zuen. Martxo aldera, gutun bat bidali nien kideei, esanez bizkarrezurra definitzeko beharra geneukala, argitzeko sistema konfederal edo autonomiko baterantz gindoazen. Otsailean edo martxoan ibili ginen nazioarteko harremanekin, eta hasi ziren aldeak ikusten; batzuen proposamena autonomikoa zen, muga guztiekin. Gurean, konfederala izanik, eskumen kontzertatuen gaietan blokeorako eskubidea gorde behar da. Hori ikuspegi autonomikotik egindako txosten batean txertatzea zaila izan zen.
Zer erantzun zizuten?
Bakoitzak bere planteamendua aurkeztu zuen; ordurako, sistema autonomiko baten aldekoak ziren gehienak; otsailerako edo martxorako.
Autonomia izan duzue?
Bakoitzak harreman etengabeak izan ditu izendatu duen alderdiarekin. Nire kasuan, lantalde tekniko bat sortu genuen, juristak politologoak, berdintasun teknikariak... Hamar bat lagun biltzen ginen, ikuspegi teknikoa jorratzeko. Gero, jarraipen politikoa egiteko, beste talde bat izan dugu, informatzeko eta euren inputak jasotzeko. Elkarlan baten emaitza da gure proposamena.
EH Bilduk apirilean egin zuen lehen ohar publikoa, lana azkartzeko.
Mami politiko handieneko atalak falta ziren: atarikoa, botere antolakuntza, kontzertu politikoa... Talde teknikoan planteatu nuen azkartu behar genuela. Ordurako oso zaila zen epean bukatzea.
Otegik udal bozen atarian esan zuen EH Bilduk bere testua aurkeztuko zuela. Zergatik?
Atalka genbiltzan: eskubideak, kontzertu ekonomikoa, nazioarteko harremanak, erreforma sistema... Puzzle baten zatiak. Metodologia horrekin ez zegoen argi nora gindoazen. Hor planteatu zen: egin dezagun bizkarrezurra lehenik, eta, behin jakinda nora goazen, zehaztu dezagun. Ordurako, EH Bilduren talde teknikoak landua zuen testu oso bat. Fruitua eman zuen: adituen eztabaida gehiago zentratu zen.
Noiz ikusi zenuen ardatza EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen zegoela?
Irailetik aurrera. Bat egiteak gero eta handiagoak ziren hiruren artean. Lehen hilabeteetan, Mikel Legardak eta biok planteamendu komun samarrak eramaten genituen, eta Arantxa Elizondok eta Alberto Lopez Basagurenek, beste hainbeste. Azken hilabeteetan, mami politiko handiagoko tituluetan, guk jarraitu dugu eredu konfederala defendatzen, baina Mikeleklerro autonomikora egin du.
Ekainaren 5eko bileran tentsioa izan zen; EH Bilduk testua argitaratuz gero, mahaitik joateko prest zeuden aditu batzuk.
Argi nuen une horretan aurkeztu behar zela bizkarrezurra eta testu osoa; epea amaitzen ari zen eta besteek ere agertu behar zuten nora joan nahi zuten. Hurrengo ataletan, hirukoaren testuan gure zenbait eduki jaso zituzten.
Aldebiko kontakturik egon da?
Harreman oso egokia izan dugu; kontaktuak izan dira. Konfiantza maila oso handia lortu dugu Legardak eta biok; aurrera begira, interesgarria izan daiteke. Erabateko konfiantzan hitz egin dugu.
Gainerakoekin?
Minimoak. Bi bektore izan dira: eskuina-ezkerra eta deszentralizazio mailaren araberakoa. Eskubideak jorratzean, bat egite gehiago neuzkan Arantxarekin.
Azaroaren 18ko bileran jakinarazi zenuen zuzenketak erretiratzeko asmoa.
Astindu handi bat izan zen, proposamen asko Legardarenekin zihoazelako. Testu nagusiko ekarpen guztiak erretiratu nituen. Mikelen posizioa ahuldu zen; gutxiengoan geratzen zen. Estrategia aldatu behar izan zuen.
Zergatik erretiratu zenituen?
Argi ikusten nuelako azken emaitza autonomia estatutu bat izango zela. Nik jaso nuen mandatua izan zen testu konfederal bat diseinatzea, eta agiria zuzenketaz josi beharrean, erabaki genuen testu oso bat eramatea.
Zer hutsune ikusten dizkiozu hirukoaren agiriari?
Sistema autonomiko baten parametroetan kokatu da estatus berria. Atarikoan, Nafarroarekiko eta Iparraldearekiko harremana ez da jaso modu berritzailean. Erabaki eskubidea, printzipio demokratikoa eta eskubide historikoak estatus berriaren oinarri juridikotzat hartu behar ziren. Testuak ez dauka anbiziorik. Autonomia estatutu baten izaera du.
Zein da erabaki eskubidea xedapen gehigarrian edo Atariko Tituluan agertzearen aldea?
Oinarriek zioten erabakitzeko eskubideak eta printzipio demokratikoak ardatz izan behar zutela estatuarekiko harreman berrian. Zentralitate handiagoa eman behar zitzaion. Gure testuan, Atariko Tituluan jasotzen dugu, eskumenen arloan, kontsultak eta erreferendumak egiteko eskumena Euskal Estatu Erkidegoak izango luke...
Zein alde dago zuen eta hirukoaren testuen artean eskubideak bermatzeko sisteman?
Gure eskumen katalogoa osatuagoa da; hirukoak bereizi egiten ditu erregimen komuneko eskumenak eta foralak. Erregimen komunekoak ez leudeke kontzertu politikoaren barruan, eta hor kokatu dira eskumen sozioekonomiko guztiak: gizarte segurantza, industria, merkataritza... Sistema autonomiko hutsean kokatu dira. Gure planteamenduan, oinarriek jasotako eskumen ekonomiko guztiak eskumen kontzertatu gisa sartzen ditugu.
Ematen du denbora legealdi honetan tramitatzeko?
Zaila da, baina merezi du. Irakurketa negatiboa egin da erabaki eskubideaz, baina badu irakurketa positiboa: lehen ez zuen formulaziorik eta orain hiru daude. Badaude aukerak ados jartzeko.
Iñigo Urrutia. Estatus berriko talde teknikoko kidea
«Sistema autonomiko baten parametroetan kokatu dute estatusa»
Urrutiak zapore «gazi-gozoarekin» bukatu du estatus berriaren testu juridikoa idazteko lana, jasotako enkargua «sistema konfederal bat diseinatzea» zelako. Otsailerako edo martxorako antzeman zuten aldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu