Filosofia ikasten ari zela, telebistako lanetan hasi zen George Reese (Houston, AEB, 1967). 1990eko hamarkadan, teknologiako hainbat enpresa sortu zituen —tartean, enStratus—. Azkeneko urteetan, Polo, Reconquista eta Therapy for the Unlawful film laburrak idatzi eta zuzendu ditu. Websailen Seeka TV plataformaren sortzaileetakoa izan zen, eta egun enpresako presidenteordea da.
Distopia futurista bat da Utopia Planitia. Gizaki talde batek Marte kolonizatuko du, 2055ean. Nola piztu zitzaizun ideia?
John Miltonen Paradisu galdua olerki luzeak eman zidan inspirazioa, honako esaldiarekin: «Garunak bere tokian, eta bere kabuz/ zerua infernu bilaka dezake, eta infernua zeru». Ideia da gizateriak ez duela behar Satanasek infernurik izatea, ezta Jainkoak zerurik ere. Gizakiak bietara iristeko gai dira, beren kabuz.
Istorioan errefuxiatu eremuak azaltzen dira, Marten. Alderaketa metaforiko bat dago gaur egun dauden errefuxiatuekin?
Ziur asko, bai. Zientzia fikzioak erakartzen nau; horrelako gaiak landu ditzakezu, baina egun bizi garen garaiko emozioen arazoak ezabatuta. Nire websailean, kolonoen artean eta errefuxiatuen artean dagoen aldea da noiz iritsi ziren Martera: hogei urteren aldea.
Euskal Herrian girotutako atalak 2099. urtean gertatzen dira. Nola txertatu duzu Gotzon Otxoa pertsonaiaren trama?
AEBetan grabatu ditugun ataletan, kolonoak izan dira protagonista. Gogo handia nuen errefuxiatuen istorioa garatzeko, eta irudikatzeko nolakoa izan zitekeen Lurretik Marterako bederatzi hilabeteko bidaia arriskutsu bat. Errefuxiatuen trama nortasun independente indartsua duen toki batean garatu nahi nuen, eta Euskal Herria perfektua da istorio horretarako.
Zer iruditzen zaizu Bilbo websailak grabatzeko?
Hunkituta nago, Bilbon toki zoragarriak baitaude. Zoragarria litzateke han fikzio gehiago grabatu ahal izatea, toki harrigarriak daude eta.
A Film To Kill For ekoiztetxearekin elkarlanean egingo dituzu egunotako grabaketak. Noiztik duzu harremana haiekin?
Rose of Dolls eta Oliver Mend Miami Web Fest jaialdian ezagutu nituen, duela lau urte. 2017an, Bilboko Seriesland jaialdira etorri nintzen. Minnesota Web Fest jaialdia antolatzen aritu naiz, eta haien aholkuekin eskertuta nago.
Bilboko Seriesland jaialdian, Projet pitch aukeratu dute aurten zure wesaila.
Jaialdi zoragarria da, munduan websailen inguruan dagoen onenetakoa. Oso dibertigarria ere bai.
Aukerarik ikusten duzu etorkizunean Euskal Herriko enpresekin koprodukzioak egiteko?
Bai, ikusten ari naiz Euskal Herrian laguntzak ari direla sustatzen websailak egiteko. Ameriketako Estatu Batuetan, Hollywoodi ematen zaio arreta guztia. Ikusi dut Euskal Herrian zerbait desberdina sortzeko grina duten sortzaileak daudela, eta suharki ari direla.
Seeka TV plataformaren sortzaileetako bat zara. Nolako garapena izaten ari da?
2016an hasi ginen lanean, eta 2017an jarri genuen martxan jendaurrean. Orduz geroztik, haziz joan gara, baina lan handia dugu aurretik beste eduki plataforma batzuetatik bereizteko.
Otsoen lurraldean euskarazko websaila zuen plataforman ikus daiteke. Euskaraz eta antzeko hizkuntza gutxituetan dauden websailek nazioartean funtziona dezakete?
Ingelesez besteko websailen artean, Seeka TVko arrakastatsuenetakoa da Otsoen lurraldean. Hala ere, ingelesezkoak ez diren edukiek oraindik ez dute hain ondo funtzionatzen, gure hartzailerik gehienak AEBetan eta Kanadan ditugulako. Baina ikusle gazteenei ez zaie hainbeste axola audioaren hizkuntza zein den, eta ohituta daude azpidatziekin.
Urte luzez teknologia industrian egin zenuen lan. Zer eman dizu pertsonalki fikzioaren sorkuntzara itzuli izanak?
Kontua da gaztetatik idatzi izan dudala literatura, eta filosofia ikasketak egin nituen. Baina aitortu behar dut 2015ean oso nekatuta nengoela teknologiaren munduarekin. Horrek eraman ninduen sorkuntzara itzultzea. Edonola ere, teknologian daukadan esperientziak isla dauka Utopia Planitia websailaren zenbait ñabardura teknikotan.
Hau da telesailaren trailerra:
George Reese. Zinemagilea
«Euskal Herria perfektua da istoriorako»
'Utopia Planitia' websailaren bi atal grabatuko ditu Reesek gaur, bihar eta etzi, Bilbon eta Getxon. Euskarazko elkarrizketak tartekatuko dituzte. «Emozioz beteta nago», aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu