EHUko irakasle eta ikerlaria da Libe Mimenza (Elorrio, Bizkaia, 1988). Euskal hedabideen behategiaren urtekarian, besteak beste, kazetaritzaren aurkako erasoak, komunikazio esparruaren joerak, arnasa luzeko kazetaritza eta tokiko astekarien kalitatea aztertu dituzte. Genero begirada lantzeko bi azterlan daude, eta audientziari lotutako lanak ere jaso dituzte.
Aurreko bi urteetan, abenduan aurkeztu zenuten urtekaria. Zergatik aurten udaberrian?
Argitalpen data atzeratu dugu, urte osoko azterlanak hobesteko. Bestetik, sektoreari idazteko aukera eman diogu aurreneko aldiz: Ttap aldizkari digitalak bere esperientziaren kontakizuna egin du.
Igor Astibia Hekimeneko koordinatzaileak ohartarazi du streaming bidezko plataformek telebista kontsumitzeko eredua aldatu dutela. Zer eragin du horrek euskarazko komunikabideetan?
Netflix 2016an iritsi zen, eta dagoeneko Hego Euskal Herriko herritar guztien %19rengana iristen da; 34 urtetik beherakoetan, %39rengana iristen da. Munduko telebista ekoizle handienak kezkatuta daude horrekin, eta euskaldunok ere hala egon beharko genuke. Urtekarian, EHUko ikasleen kontsumo azterketa bat dago: ondorioa da ikus-entzunezkoen kontsumoaren %60 inguru Internet bidezkoa dela; Netflix eta Youtube aipatzen dituzte guztiek. Beharrezkoa da euskarazko edukien eskaintza handitzea; izan ere, beste hizkuntzetan dagoena ugaritzen ari da, eta euskaraz dauzkagun edukiak mantendu besterik ez dugu egin.
Astibiak azaldu du interesgarria litzatekeela edukiak euskaraz eskaintzen dituzten telebisten arteko elkarlana handitzea.
Korrika garaiko elkarlana, adibidez, fintzen eta handitzen ari da. Interesgarria da halako elkarlanak egitea; guztiak haziko dira elkarri trafikoa emanez. Euskarazko komunikazio produktuen kontsumoa haziko da modu horretan.
Joan den urtean bezala, euskarazko komunikabideak Facebooken aztertu dituzu zuk. Zer ondorio atera dituzu?
Sare sozialak erabat integratuta daude herritarren egunerokoan; Hego Euskal Herriko hiriburuetan, populazioaren %60 dago Facebooken. Sare sozial horrek bi afera ditu: pribatutasuna eta desinformazioa. Konfiantza auzia du. Edonola ere, euskarazko hedabideek aktiboki erabiltzen dute Facebook. Estrategiak baliatu beharko lirateke ez soilik trafikoa webgunera bideratzeko, baizik eta publiko potentziala Facebooken plataforman bertan ere eskuratzen saiatzeko.
Josu Amezagak urtekarian jaso duenez, euskaldunen artean euskarazko bi irrati dira gehien entzuten direnak: Euskadi Irratia eta Gaztea.
Euskarazko irratigintzak igoera nabarmena izan du azkeneko hiru hamarkadetan: 2018an, 1984an halako sei ziren euskarazko irratien entzuleak. Soilik irratian lehenesten dira euskarazko hedabideak, eta halakorik ez da gertatzen telebistan, prentsan eta Interneten. Gertutasuna eta estiloa arrakastaren bi faktore izan daitezke, baina garrantzitsua izango da faktore guztiak aztertzea. Naiz irratia eta podcast eskaintza ere begiratu beharko dira aurrerantzean.
Amezagak jaso duen beste datu bat da hedabide tradizionalen kontsumitzaileen adina nabarmen handitu dela.
Orokorrean, hizkuntza guztietako hedabide tradizionalen audientzia zahartu da; euskarazkoena ere bai, baina zahartze demografikoa da faktore nagusietako bat. Gazteen artean, euskarazko telebistaren kontsumoa jaitsi egin da; EITBren auzia dago tartean. Erronka bat daukagu, euskarazko hartzaileei begirakoa: euskaldund u diren belaunaldiengana iristea dagokigu.
Euskarazko komunikazioaren esparruak nolako pausoak eman behar ditu etorkizunari begira?
Euskarazko komunikazioaren esparrua antolatzeko garaia da: iraupenetik hedapenera igarotzekoa. Halaber, herri mugimendua beti izan da motorra euskal prentsan, eta horregatik deitzen dira herri ekimeneko komunikabideak. Baina profesionalizazioak beste elementu batzuk galdegiten ditu; prekarizazioa hor dago, eta egoera duinean lan egiteko ordua da. Diru laguntzen eredu berriak, agian, kokatuko gaitu norabide horretan, zati batean. Baina harago egin behar da, eta erabaki politikoak behar dira urgentziaz, euskarazko komunikazioaren esparrua diseinatzea eta osatzea premiazko eginbehar bat baita.
Libe Mimenza. Euskal hedabideen behategiko koordinatzailea
«Belaunaldi berriengana iritsi behar da»
Euskal hedabideen behategiaren 2018ko urtekaria aurkeztuko dute gaur. Mimenzaren ustez, euskarazko komunikazioaren esparruan iraupenetik hedapenera igarotzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu