Hasi eta lau urtera, eta pandemiak eragindako gorabehera ugari gaindituta, Euskadiko Orkestrak 2019an abian jarritako Elkano: mundibira musika bidelagun egitasmoa azken portura iritsi da. Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman ziola 500 urte betetzen zirela-eta ekin zion orkestrak proiektuari, eta, orduz geroztik, hainbat euskal konpositorek gai hori ardatz hartuta idatzitako lanak estreinatu ditu. Azkena Zuriñe F. Gerenabarraren Lorratz izango da, bihar bertan Donostiako Kursaalean aurrenekoz emango duena. Ostiralean Gasteizko Principal antzokian aurkeztuko dute; astelehenean, Iruñeko Baluarten; hilaren 7an, Bilboko Euskaldunan; eta azkenik, 9an, berriro ere Kursaalean.
Lorratz-ek Victoria itsasontzia Sanlucar de Barramedako portura iritsi zeneko unea ospatzen du (Espainia), eta, horrela, lehen mundubiraren amaieraren irudikapena osatzen du. Gerenabarrena: «Lorratz konposatzeak esploratzera bultzatu nau, soinu-bidaia honen nabigatzaile hipotetiko gisa, espazio ezezagunari begiratzean azaleratzen den sentipen neurrigabea adieraziz. Ordena, kaosa, liskarra eta begiespena barne hartzen ditu soinu bidaia zirkular honek, handitasun likidoaren eta unibertso neurrigabearen ideiarantz hedatzen den indar zentrifugo gisa».
Gerenabarrenaren obraren aurretik, beste lau konposizio estreinatu ditu EOk Elkano: mundibira musika bidelagun proiektuaren barruan: Mikel Chamizoren Navigare necesse est, Mikel Urkizaren Mis monstruos marinos, Joel Merahren Jakinduriaren usaina eta Teresa Catalanen La victoria vacía.
Robert Treviño orkestrako zuzendari titularra izan da Elkanori buruzko egitasmoaren arduradun nagusietakoa, eta azken obra horren estreinaldia ere berak zuzenduko du. Gerenabarren obraren estreinaldiaren ondoren, orkestrak Anton Brucknerren 8. sinfonia interpretatuko du. Treviño bera aditu da konpositore austriarraren musikan, eta, hain zuzen ere, Brucknerrena izan zen euskal entzuleen aurrean 2016an zuzendu zuen lehen konposizioa; orduz geroztik, askotan agertu da orkestraren programazioan.
EOk 'Lorratz' estreinatuko du, Elkanori buruzko proiektuko azken obra
Zuriñe F. Gerenabarrenarena da lana, eta Euskadiko Orkestraren denboraldiko laugarren kontzertu programaren barruan joko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu