Joxe Azurmendiri buruzko kongresua egingo dute, gaurtik etzira, Donostian

Pentsalariaren lana zabaltzeko asmoz antolatu dute biltzarra Jakinek eta EHUk. San Telmo museoan izango da, gaurko 15:30ean hasita

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Ur-jauzi sistema, Joxe Azurmendiren (Zegama, Gipuzkoa, 1941) saiakeragile lana ulertzeko modu bat, prentsalariak berak behinola adierazi zuenez: «Nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta bere ideiak martxan jartzen dira. Horrek ez du beste saiakera bat idatziko, nobela bat baizik. Orduan, ideia hauek ur-jauzi modura iritsi egiten dira iritsi behar duten tokira. Hau da nire esperantza behintzat». Esperantza horrekin idatziak ditu Hizkuntza, etnia eta marxismoa (1971), Zer dugu Orixeren kontra? (1976), Zer dugu Orixeren alde? (1977), Espainolak eta euskaldunak (1992), Demokratak eta biolentoak (1997), Hizkuntza, Nazioa, Estatua (2017) eta beste hainbat saiakera eta ehunka artikulu. Lan horiek guztiak «azken mende erdiko Euskal Herriaren eta mundu aldakorraren lekuko» izan dira, Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren antolatzaileen ustez.

Gaurko 15:30etik etziko 14:30era bitartean egingo dute kongresu hori, Donostian, San Telmo museoan. Azurmendiren ibilbidean gako diren bi eragilek elkarlanean antolatuta: Jakin fundazioak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak —aurtengo uztailean sortu duen Joxe Azurmendi Katedraren bitartez—. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dute.

«Hutsune bat identifikatuta geneukan Joxe Azurmendiren pentsamenduaren zabalkundean. Iruditzen zitzaigun hor egin zitekeela lan polita eta handia, talde bat osatzen, hark landutako gairen batean adituak zirenekin eta Azurmendirengana gerturatuta edo gerturatzeko prest zeudenekin. Hori izan zen apustua hasieratik», antolakuntza taldeko Haritz Azurmendi Arrueren arabera. Joxe Azurmendiren nazioa Nazionalismo Ikerketen argitan. Abertzaletasun kulturalaren defentsa Euskal Herri garaikidean doktorego tesia egina dauka, eta hizlari gisa ere ageri da egitarauan, beste 60ren bat parte hartzaileren ondoan.

Izen ugari

Parte hartzaileen zerrenda luzean, idazle, akademiko zein irakurle interesatuak, arituak edota adituak aurki daitezke. «Denak zeuden prest. Denek aitortzen zuten haren obran badagoela pentsamendu sendo bat, norberarena aberasten duena; eta haren pentsamendua badela erreferentzia bat, haren pentsamenduaren bueltan komunitate oso handia kabitzen dela. Jende askok egin du esfortzua kongresu honi beretik zerbait eskaintzeko», Azurmendi Arruek nabarmendu duenez. Ekarpenak, betiere, antolatzaileek ezarritako sei gidalerroon inguruan egingo dituzte: hizkuntzaren eta kulturaren filosofia; naziogintza eta estatugintza; gogoeta etikoak; gizaberea; pentsamendu soziala eta kooperatibismoa; eta euskal pentsamenduaren transmisioa. «Azurmendiren lan gehientsuenek, planteamendu honekin, badute beren lekua egitarauan», antolakuntzako kidearen iritziz.

Bihar izango da kongresuko egunik trinkoena, hiru gelatan egun osoko egitarau bana aukeran jarrita. «Gauza asko dago egun horretan, mahai bat baino gehiago aldi berean, gai oso zehatzetan zentratuta zenbait, eta denera ezingo du iritsi jendeak», Azurmendi Arrueren esanetan. Egitarauko ekitaldi guztietan eman du izena jende askok, erantsi duenez. Zenbaitetan, 70etik gora pertsonak. «Egunero 70-80ren bueltan ibiliko gara, eta ez genuen espero hainbesteko parte hartzerik. Jendearen erantzunarekin oso gustura gaude. Dena grabatzen saiatuko gara, eta, ahal den neurrian, jendearen eskura jartzen».

Ostirala, kongresuko azken eguna, lasaiagoa izango da, belaunaldi berriagokoen hitzaldiekin, Joseba Sarrionandiaren itxiera testuarekin eta Joxe Azurmendiren poemagintzan oinarrituta Aginako Zero Bat taldeak sortutako ikuskizunaren emanaldiarekin. «Espero dezagun hemen bildutako indarrak urteetarako lana ematea. Hau lehen kongresua izango da, baina ez azkena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.