Zientzia begietatik sartzen denekoa

Gai konplexuak azaltzeko orduan, irudiek garrantzi handia dute, eta ez soilik zientzia dibulgazioa egiteko; adituen arteko argitalpenetan ere guztiz erabilgarriak dira irudiak. Igartzen da, gainera, horretan ari direnek lanarekin gozatzen dutela.

VEGA ASENSIO.
Juanma Gallego.
2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Il était une fois... la vie. Urteetan sartuak direnek ondo gogoratuko dute telebistan ematen zituzten marrazki bizidun horiek. Bertan azaltzen ziren oxigenoa leku batetik bestera eramaten zituzten globulo gorriak, ziztu bizian garuneko aginduak eramaten zituzten neurotransmisore azkarrak eta, batez ere, gorputzean sartzen ahalegintzen ziren birus zital eta itsusi horiek. Oraindik ere askok hala irudikatuko dute, segur aski, biziaren funtzionamendua. Giza gorputzaren funtzionamendua azaltzeko telesail horrek belaunaldi bat markatu zuen, eta, era berean, erakutsi zuen irudiak zein indartsuak diren ideiak sinplifikatu eta trinkotzeko.

Irudigintza tresna bikaina da ideiak azaltzeko, bereziki zientziaren alorrean. Eta ez soilik dibulgazioa egiteko orduan; adituen artean komunikazioa errazteko ere balio du. Hala uste du Vega Asensio ilustratzaileak. Biologian doktoretza egin ondoren, hainbat urte eman zituen biologia molekularreko laborategi batean ikertzen; baina, halako batean, bere lanbidea ilustrazio zientifikora bideratzea erabaki zuen. «Ikerketan eman nituen zazpi urte horietan, konturatu nintzen zientzia irudien bitartez azaltzeko gabezia zegoela. Hortaz, ikerketa laga eta horretan aritzea erabaki nuen».

Ilustratzaile askok zientzia dibulgazioa egiten badute ere, Asensiok arlo akademikoan egiten du lan bereziki, zientzia artikuluak, tesiak, posterrak, monografiak eta halako argitalpen espezializatuetan argitaratzeko moduko ilustrazioak osatzen. «Ikertzaileek badakite arazo bat dutela irudiekin, eta ez dutela baliabiderik arazoari aurre egiteko; baina, askotan, ez dakite badirela zerbitzu hori ematen duten profesionalak».

Adituak nabarmendu duenez, irudiok ez dute zertan ederrak izan. «Askotan oso teknikoak dira, zuri-beltzekoak, eta ikertzaileek baino ez dituzte ulertzen». Horregatik. irudi egokia lortu ahal izateko, funtsezkoa da zuzenezko hartu-emana izatea ikertzaileekin. Bien artean erabakiko dute mezua nola transmititu. Asensiok nabarmendu du prozesu horretan asko ikasten dela. Zientziaren esparru gehienetan lan egiten du, baina, bere ikasketak direla eta, biologia molekularrari buruzko lan bat egin behar duenean sentitzen da erosoen.

Belaunaldi berriak

Orain digitalean egiten du lan. «Ezagututakoan, aldea nabarmena da. Gauzak zuzendu behar badira, askoz errazago egin daiteke». Hori bereziki garrantzitsua da ikertzaile batekin lan egiten duenean. Arazo bakarra egotzi dio digitalean lan egiteari: fitxategien formatuaren etorkizuna. «Tira, orain badakizu lan horiek ordenagailuan dituzula, baina,batek daki hemendik 20 urtera fitxategi horiek zabaldu ahal izango diren. Noski, marrazkiak ere inprimatu ahal dituzu, baina horiek inoiz ez dira izango originalak». Horregatik, besteak beste, uste du eskuz egindako marrazkiak mantenduko direla.

Etorkizunera begira, pentsatzen du animazioa eta hiru dimentsioak oso garrantzitsuak izango direla. «Oso formatu egokiak dira prozesuak ulertzeko. Askotan informazioa hain da konplexua, ezen denbora eta espazioa ere kontuan hartu behar baitira».

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateak ikasturte honetan martxan jarri duen Ilustrazio Zientifikoko graduondoan ere eskolak ematen ditu Asensiok. Oso gustura dago orain arte egindako bidearekin. «Bete ditugu plazak. Hamasei ikaslek parte hartzen dute, batzuk atzerritik etorriak. Espero genuenez, batzuk Arte Ederretatik eta Diseinugintzatik etorri dira, eta beste batzuk zientzietatik; batez ere biologiatik».

Bera ogibide horretan hasi zenean halako ikasketarik ez zegoela gogoratu du ilustratzaileak. «Hutsune bat zegoen, eta hori betetzea lortu dugu».

Irakasleei dagokienez, ilustratzaileak eta zientzialariak daudela dio. «Oso harreman polita sortzen da. Zientzialariekazaltzen dute beren arloetan erabiltzen diren irudiak nolakoak diren, eta zeintzuk diren kontuan hartu behar diren faktoreak; azken finean, ilustratzailearen eta zientzialariaren artean produktu bat osatu behar dute. Harremana egokia ez bada, sortzen den irudia ez da ondo ulertuko».

Asensiok azpimarratu nahi izan du berezko titulazio hau osatzeko Bergarako Laboratorium Museoaren, AZTI-Tecnaliaren eta Euskal Wikipediaren laguntzaizan dutela.

Baina zientziari lotutako irudigintza ez da mugatzen adituen arteko argitalpenetara. Dibulgazioan ere funtsezko pisua du irudiak; horretan dabil Carlos Pazos ingeniaria. Lanbidez aplikazioen eta interfazeen diseinuak egiten ditu, baina zientzia zabaltzen du, halaber, molasaber.org webgunean eta Radio Skylab podcastean. «Enpresaren munduan, ideiak lotzeko hizkuntza bisuala asko erabiltzen da, kontzeptu konplikatuak azaltzeko, eta enpresaren barruan edozeinek ulertzeko moduko diskurtsoak eratzeko», azaldu du Pazosek. Hortaz, irudigintza zientziari buruzko zaletasuna zabaltzeko baliagarria izan zitekeela otu zitzaion duela hiru bat urte. Asmo berarekin: ideia konplexu bat hartu, eta publikoak kontsumitzeko moduan aurkeztu.

Jakin-mina asez

«Prozesuan asko ikasten duzu, gaia ondo ulertu behar duzulako gero irudien bitartez behar den moduan azaldu ahal izateko». Edukiak mota askotakoak izan daitekeenez, irudiak osatzeak beti erronka bat dakarrela nabarmendu du Pazosek. «Prozesua errepikatzen duzun heinean, errazagoa egiten da, noski. Gainera, ez da gauza bera ondo menderatzen duzun gai bat jorratzea, edo hain kontrolpean ez duzun gai bat lantzea. Nire kasuan, astrofisika errazagoa egiten zait, baina biologia molekularrari buruzko zerbait eginez gero, ikerketa lanari denbora gehiago eskaini beharko diot, komunikatu nahi dudan mezua txukundu arte». Pazosek normalean binetak egiten ditu, eta horrek asko errazten du berehala zabaltzea sare sozialen bitartez. Irudia oso modu azkarrean jasotzen eta prozesatzen dela dio. «Errazagoa da, gainera, gero horietaz oroitzea. Hitzei, berriz, denbora gehiago eskaini behar zaie».

Berak landutako formatua sare sozialen bitartez zabaltzea erraza izanda ere, desabantailak ere badira. «Irudi kopuru handiagoa sortu behar duzu jendea gero zutaz oroitzeko. Beraz, etengabe argitaratzera behartuta zaude, erabiltzailearen arreta mantentzeko. Bestela, konturatu naiz jendea berehala ahazten dela zure lanaz».

Arrakasta handiena izan duen irudiaz galdetuta, argitaratu zuen lehena izan zela dio. «Izugarrizko boom-a izan zen. Izarren eboluzioari buruzko infografia bat da: izarrek zer-nolako eboluzioa duten azaltzen da; hau da, masaren arabera, nolako izar bihurtzen diren eta nola amaituko duten. Denbora asko eskatu zidan lan horrek. Zientzia artikuluak eta liburuak irakurri nituen izarren eboluzioaren inguruan ahalik eta informazio zabalena eskuratzeko. Ikusiak nituen antzeko irudiak, baina osatu gabeak ziren beti». Irudia bukatu zuenean, Microsiervos webguneko editore bati bidali zion, eta argitaratu egin zuen. Horrek oihartzun handia eman zion. «Irudi hori partekatu egiten dute oraindik ere, eta, noizean behin, erabiltzeko baimena eskatzen didate. Erabilera librea da, noski, jende guztiak ikusi ahal izateko egin bainuen».

Gaineratu du jardueraren alderik xarmagarrienetakoa mezua jasotzen dutenekin izandako hartu-emana dela. «Ikasteaz gain, zientzia irakatsi ere egiten duzu. Alde horretatik, jendea oso esker onekoa izan ohi da. Idazten dizute, eta animatu egiten zaituzte. Adibidez, izugarri pozten naiz irakasle batek eduki hori klasean erabiltzeko baimena eskatzen didanean».

Umorea eta irudi bitxiak erabiltzen ditu Pazosek irakurlearen arreta erakartzeko. Eta, izaten duen arrakasta ikusita, egia da lortzen duela. «Batzuetan esan didate: 'Inoiz ez nuke bilatuko halako gai bat, baina marrazkitxoek atentzioa eman zidaten. Irakurtzen hasi eta azkenean gai interesgarria iruditu zait'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.