Zortzi gazte atxilotu zituen atzo arratsaldean Ertzaintzak, Ernai gazte antolakundeak deituak zituen protestetan. Ehunka gazte atera ziren Ernaik deituta karrikara, Larrialdi egoeran gaude lelopean, eta manifestazioak egin zituzten Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian. Bizkaiko hiriburuko manifestazioaren bukaeran, gazteen aurka egin zuen Ertzaintzak, eta gutxienez bost atxilotu zituen. Gasteizen ere izan ziren istiluak, eta gazte bat atxilotu zuten. Ernaik ez du zehaztu bi hirietako zeinetan atxilotu dituzten beste bi gazteak.
Herrizaingo Sailaren arabera, Bilboko martxa auzitegi paretik pasatu zenean, zenbait gazte Ertzaintzaren aurka egiten hasi ziren, eta Ertzaintza oldartu egin zen. Poza kalean pintaketak egin eta errepidean koltxoiak bota zituztela ere zehaztu zuen Herrizaingo Sailak.
Manifestazioan, «etorkizuna beltza» datorrela nabarmendu zuten Ernaiko kideek, eta gazteen egoera iraultzeko aterabideak «eraldaketa soziala» eta «burujabetza» direla aldarrikatu dute. «Ofentsiba berri baten aurrean» daudela iritzita, horri aitzin egiteko elkarlanerako deia egin diete indar sozialei eta sindikalei.
Ertzaintzak gutxienez zortzi lagun atxilotu ditu Ernairen protestetan
'Larrialdi egoeran gaude' lelopean, mobilizazio jendetsuak egin dituzte. Gazteen egoera iraultzeko, «eraldaketa soziala» aldarrikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu