Koronabirusa munduan

Trumpek diru ekarpena eten dio OMEri, izurria «ezkutatzea» egotzita

NBEk Etxe Zuriko buruari erantzun dio ez dela halako neurrietarako garaia. Osasun erakundeak Washingtonen erabakia deitoratu du

Donald Trump AEBetako presidentea. DOUG MILLS / EFE.
Edu Lartzanguren.
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Nire gobernuari agindu diot diru ekarpena eteteko, ikertzen dugun bitartean zer eginkizun izan duen OME Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusaren zabalkundea izugarri gaizki kudeatzeko eta ezkutatzeko garaian», esan zuen Donald Trump AEBetako presidenteak atzo.

Trumpek lehen ere gogor jo izan du OMEren aurka, eta Txinaren aldekoa izatea egotzi dio. Etxe Zuriak Txinatik helduriko bidaiariei mugak ixteko harturiko erabakia gaitzetsi zuen OMEk urtarrilean, izurriaren kontrako neurri eraginkorra ez zelakoan. «Oso kezkagarria da OME isilik geratu izana ikertzaileak eta sendagileak desagertzearen inguruan, baita [Txinak] COVID-19aren jatorriaren inguruko ikerketari mugak jarri izana ere», esan zuen AEBetako presidentek. Washingtonek OMEren aurrekontuaren ia bosten bat ordaindu zuen 2018-2019ko epean, 826,7 milioi euro.

Trumpen erabakiak erantzun sorta bat eragin du. «Orain ez da garaia» OMEri ekarpena eteteko, esan zuen Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak. «Izurri hau igarotzen denean, une bat egon beharko da atzera begiratzeko eta ulertzeko nola sortu zen gaitz hau eta nola zabaldu zuen kaltea mundu osoan horren azkar», idatzi zuen Guterresek, ohar batean. «Baina orain ez da horretarako garaia». OMEren zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesusek ere deitoratu zuen erabaki hori, eta adierazi zuen espero duela birusaren aurkako borrokan eraginik ez izatea.

Nazioarteko erakundeen kontrako neurriak hartu ditu Trumpek aginteari heldu zion unetik. AEBak Unescotik atera zituen, NBEren Giza Eskubideen Kontseilutik, Klima Aldaketaren Parisko Hitzarmenetik eta Iranekin eginiko hitzarmen nuklearretik.

Errusiak Trumpen jarrera gaitzetsi du, eta bere osasun sistemaren egoeraren erantzukizuna beste batzuei leporatu nahi izatea egotzi dio. «Herrialde horretako politikariek beti topatzen dituzte errudunak: pandemiarenak, Txina eta OME; [Hillary] Clintonen porrotarena, Errusia; AEBetako osasun sistemaren arazoena, Putin bera», esan zuen atzo Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioaren eledunak.

Alemaniako Gobernuak «sostengu argia» eman dio Osasunaren Mundu Erakundeari. «OMEren lana oso garrantzitsua da, batez ere une hauetan», esan zuen Steffen Seibert eledunak. Nazioarteko erakundeak Berlinen «sostengu osoa eta dagokion dirua» dituela gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.