Arartekoaren ondokoak dio bigarren mailakotzat hartu direla hizkuntz eskubideak

Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen VII. urteko konferentzia egiten ari dira. Hizkuntza eskubideen urraketak salatu dituzte

Hizkuntza eskubideak ez murrizteko egindako protesta bat, Bilbon. M.R. / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen VII. urteko konferentzia egiten ari dira Bilbon hiru egunez, mundu osoan «berdintasuna, aniztasuna eta hizkuntza eskubideak sustatzea» helburu gisa hartuta. EAEko Arartekoak antolatu du, eta atzo hasi eta bihar amaituko da. Besteak beste, Ines Ibañez de Maeztu EAEko Arartekoaren ondokoak hartu zuen atzo hitza. Atzera begiratua egin zuen, eta kritiko mintzatu zen COVID-19aren pandemia garaian izan ziren hizkuntza eskubideen urraketez: «COVIDaren pandemiak berriro erakutsi du hizkuntza eskubideak sarritan bigarren mailakotzat hartzen direla». Eta hala erantsi du: «Osasun larrialdiaren egoera erabili da euskaraz artatua izateko eskubidea urratzeko».

Hala ere, ikuspegi orokorrago batetik, Ibañez de Maeztuk uste du euskararen erabilerari dagokionez«aurrerapen garrantzitsuak» egon direla zerbitzu publikoen arloan; ez, ordea, beste eremu batzuetan, eta «justizia eta segurtasuna» jarri ditu horren adibide gisa. Arreta euskaraz jasotzeko eskubidea defendatu du jardunaldian: «Euskaraz artatua izateko eskubidea berezkoa du edozein zerbitzu publikotan eska daitekeen gutxienezko kalitateak, batez ere intimitateari, osasunari eta zainketei lotutako eskubideekin zerikusia duten zerbitzuetan».

Gaur ere izango dira hitzaldiak, eta, nazioarteko ordezkariez gain, bertan izango da Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, besteak beste. Gainera, bihar urteko batzar nagusia egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.