EHUk, MUk eta Deustuk eskola denak aurrez aurre ematea jarri dute helburu

EHU aurreko ikasturtean bezala hasiko da: eskolen %75 behintzat aurrez aurre izango dira. Iparraldeko campusetan, txertatzeko aukera egongo da

Bildarratz, Ferreira, Guibert eta Atxa, bileraren ostean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Ikasturte berria hastear dela, unibertsitateak ere irailetik aurrera izango duten jardunaren berri ematen ari dira. Eva Ferreira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak bilera egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta, bukatu ostean egindako agerraldian, 2021-2022ko ikasturteko helburua zein izango den zehaztu zuten: hiru unibertsitateetan erabateko presentzialtasuna berreskuratzea.

Hala ere, eskolak aurrez aurre eta online emanez hasiko dute ikasturtea, oraingoz. Ferreirak azaldu zuenez, iaz bezala, gutxienez %75eko presentzialtasuna bermatuko dute, eta, datuek baimentzen badute, gero eta eskola gehiago emango dituzte aurrez aurre. Nabarmendu zuenez, xedea hauxe izango da: bigarren seihilekoan ikasleek eskola guztiak ikasgelan bertan jasotzea. Deustuko unibertsitateak, berriz, eskolak bi eratara emateko egokitu ditu; hau da, prestatuta daude eskolak «egokitutako presentzialtasunarekin» eta erabat presentzialki emateko, Guiberten hitzetan. Iazko ereduarekin hasiko dira, baina, «ahal denean», eskola guztiak aurrez aurre emateari ekingo diote. Atxak ere zehaztu zuen Mondragon Unibertsitatean presentzialtasuna zenbatekoa izango den: graduen eta masterren %80tan eskola guztiak presentzialki ematen hasiko dira.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek mezu argi bat zabalduz ekin zion agerraldiari: «Iazko ikasturtea arrakastatsua izan zen». Gainera, nabarmendu zuen unibertsitateen eta Hezkuntza Sailaren arteko koordinazioa eta elkarlana «etengabeak» izan direla. Orain, irailera begira jarrita daude, eta «normaltasuna berreskuratzeko ikasturtea» izatea espero du. Horretarako gakoak segurtasun neurriak betetzea eta txertoa izango direlakoan dago.

NUPen, dena aurrez aurre

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateetan, berriz, 2021-2022ko ikasturtea eskola guztiak aurrez aurre emanez hasiko dute. Txertaketari ere arreta berezia jarriko diote. Nafarroan, lurralde horretako unibertsitateetan ikasiko duten atzerritarrei txertatzeko aukera eskainiko diete, eta Ipar Euskal Herriko hainbat campusetan ere txertatzeko aukera emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.