Zerga berrien bidez 220 milioi euro biltzea espero du Eusko Jaurlaritzak

Jaurlaritzak 707 milioi euroren defizita lotu du Madrilekin, eta aldundiek 157rena izango dute

Montero Espainiako Ogasun ministroa eta Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, atzo, Madrilen. IREKIA.
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek Google eta Tobin tasen bilketaren kopuru esanguratsuak jaso ahal izango dituzte. Espainiako Gobernuak kalkulatu du horien bitartez urtero 1.600 milioi euro bildu ahal izango dituela, eta litekeena da horietatik 220 milioi inguru ogasunentzat izatea, kalte handirik egiten ez dien sistema bat hitzartu dutelako Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan. Hurrengo egunetan jaso behar dituzte lehen diruak, urteko lehen erdian egindako operazioen zergak ordaintzekoak baitira.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak asteazkenean iragarri zuen Espainiako Gobernuarekin akordio bat lortu zutela, baina atzoko bilera egin arte ez zuen zehaztu nahi izan nola ordainduko diren zergak. Pozik azaldu zen Azpiazu, haren ustez Madrilekiko «aldebiko harremanaren» adibide baita akordioa, «urrats bat gehiago autogobernuan».

Finantza transakzioen gaineko zergari (FTZ) dagokionez —Tobin tasa deitzen zaiona—, diru bilketarako konexio puntua zera izango da, akzioak eskuratzen dituzten enpresen helburu soziala. Hau da, foru ogasunek hiru lurraldeetan egoitza duten enpresen akzioen salerosketaren ordaina jasoko dute, akzioaren balioaren %0,2, hain zuzen ere. Horrek ekarri beharko luke diru gehien Bizkaian jasotzea, han dutelako egoitza Iberdrolak, Gestampek, Cie Automotivek eta beste enpresa handi gehienek.

Burtsan mila milioi eurotik gora balio duten enpresen akzioen salerosketak soilik zergapetuko ditu tasak. Muga horretatik gora daude CAF gipuzkoarra (1.220 milioi) eta Vidrala arabarra (2.865 milioi). Nafarroako Gobernuak Madrilekin antzeko banaketa lotuz gero, hango ogasunak etekina atera ahal izango dio Viscofanen akzioen salerosketari (2.735 milioi).

Zerbitzu digital jakin batzuen gaineko zergak ZDJZ edo Google tasa, berriz, %3ko zerga ezartzen die Interneten publizitatea, bitartekaritza eta datu transmisioa eskaintzen duten zerbitzu digital handiei. Zerbitzu horietan parte hartzen duen erabiltzailea Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoakoa bada, lurralde horietan pagatuko du zerga.

Merkataritza elektronikoaren BEZari dagokionez, kontsumoaren lurraldea izango da ordainketarako irizpidea. Ekonomia Sailak adibide batekin azaldu du zehazki nork ordainduko duen zerga. Horrela, Alemanian dagoen kontsumitzaile batek bizikleta bat erosten badio euskal enpresa bati online duen dendaren bidez, saltzaileak Alemanian indarrean dagoen BEZa kobratuko dio erosleari; euskal ogasunari emango dio, eta hura arduratuko da Alemaniako Ogasunari diru hori transferitzeaz. Baina eroslea Arabakoa, Bizkaikoa edo Gipuzkoakoa bada, Alemaniako Ogasunak utzi beharko du dirua euskal ogasunaren esku.

Azpiazuk ziurtatu du ez dagoela modurik merkataritza elektronikoaren BEZaren eragina kalkulatzeko, oraindik EBk ez duelako indarrean jarri.

Kontu publikoak

Hitzartutako zerga berriek lagun diezaiekete Jaurlaritzari eta aldundiei krisiak zerga bilketan eragindako jaitsieraren zati bat konpentsatzen. Nekez estaliko dute zulo osoa, batez ere agindu dutelako ez dutela gerrikoa estutuko krisiari aurre egiteko, eta aurrekontu «hedakorrak» egingo dituztela. Aurrekontu horietan nolako defizita izan dezaketen ere adostu zuten atzo. Berez, erreferentzia bat besterik ez da, krisiaren ondorioz ez baitago araurik indarrean bi parametro horiek derrigorrez maila jakin batetik behera uztera behartzen duenik. Jaurlaritzaren defizit helburua BPGaren %0,9 izango da, hau da, 707 milioi euro. Datorren urtean ere baliteke aldundiek zuloa izatea, %0,2koa: 157 milioi.

Gasteizko gobernuaren zorra %15,6ra iritsi ahal izango da: 12.255 milioira. Urteko lehen hiruhilekoan 10.900 milioi euroan zegoen, Espainiako Bankuaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.