Haur parke bat eraiki dute Zaballan, modulu mistoa sor dezatela eskatzeko

Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikak sustatuta, Olentzerok eta Mari Domingik eraman dute jolas parkea Arabako espetxearen aitzinera

Zaballako espetxearen aurrean eraikitako parkea, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Olentzerok eta Mari Domingik ez zituzten umeen etxeetan soilik utzi opariak atzo. Zaballako espetxera ere iritsi ziren (Araba), eta ez zuten edonolako erregalua eraman: haurrentzako jolas parke bat eraiki zuten kartzelaren aitzinean, Irati Gurasoekin Euskal Herrira dinamikak sustatuta. 2 urteko umea da Irati, Beatriz Etxebarria eta Iñaki Zapirain presoen alaba, eta haurraren eta gurasoen eskubideak errespeta daitezen Zaballako espetxean modulu misto bat eraiki dadila nahi du plataformak: horixe aldarrikatu zuen atzoko ekintzaren bitartez, baita euskal presoak Euskal Herrira ekartzea ere, umeen eta gurasoen giza eskubideak errespeta daitezen.

Preso dauden gurasoak eta haien seme-alabak elkarrekin egoteko aukera emanen luke modulu mistoa sortzeak, eta Zaballara ekartzeak, berriz, asteburuero bidaia luzeak ez egin behar izatea, Aranjuezko espetxean (Madril, Espainia, 520 kilometrora) baitaude Etxebarria, Zapirain eta Irati umea bera. Horregatik guztiagatik eta gehiagorengatik egin zuten atzo Zaballan ekintza sinbolikoa: «Umeak direlako, gizalegezkoa delako, garaia ere badelako, ezin direlako errepidera kondenatuak izan, haurrek gurasoengandik gertu egon behar dutelako, espetxe politika berri eta humanoago bat izateko unea delako, espetxe eskumena ere Gasteizera etor daitekeelako, etorkizunerako...». Jolas parkea, berriz, Zaballan sortuko litzatekeen modulu mistoa irudikatzeko eraiki zuten, txirrista eta guzi: «Familiak ahalik eta duinen bizi daitezen, sortu behar den moduluaren zati bat ekarri dugu», adierazi zuten atzo ekintzaren antolatzaileek.

Martxoaren 8an, 3 urte

2 urte ditu Iratik, eta oraindik 3 urte bete ez dituenez, Espainiako legediaren arabera badu amarekin egoteko eskubidea: ama-alabak Aranjuezko kartzelan bizi dira orain. Baina gauzak aldatu eginen dira heldu den urteko martxoaren 8an: haurrak 3 urte beteko ditu, eta espetxetik kalera atera beharko du, derrigor. Umea gurasoengandik bereiztea galarazi nahi du Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak, eta horretarako ekinbide ugari ari dira antolatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.