Koronabirusa. Miguel Angel Gastelurrutia. Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko presidentea

«Erabilgarria izan daiteke antigeno testak farmazietan egitea»

Beharrezko formakuntza eman eta farmaziak ere COVID-19aren baheketarako erabiltzeko eskatu du Gastelurrutiak.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Koronabirusaren baheketak egiterakoan farmaziak ere kontuan hartzeko eskatu du Miguel Angel Gastelurrutiak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1956), Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko presidenteak. Nabarmendu duenez, badute esperientzia beste gaixotasun batzuen baheketan.

Eskatu duzue COVID-19aren baheketetan farmaziak kontuan hartzeko. Zer eskatzen duzue zehazki?

Beti saiatzen gara ematen kolektibo moduan eman dezakegula uste duguna. Farmazia Antolamenduko Legea daukagu, zeinak ez duen baimentzen farmaziak pilatzea. Guk, hori aprobetxatuz, uste dugu osasun establezimendu moduan tresna oso erabilgarria izan daitekeela farmazia; kasu honetan, koronabirusaren testak egiteko. Jada iritsi dira, adibidez, antigeno testak, sentsibilitate oso handikoak. Uste dugu erabilgarria izan daitekeela horrelako testak farmazietan egitea, beti koordinatuta eta administrazioarekin kolaboratuz, guztia erregistratuz eta dena administraziora bidaliz.

Zer baliabide dauzkazue testak egiteko?

Guk osasun establezimendu bat daukagu, eta osasun arloko profesional unibertsitarioa: farmazialaria. Farmazia guztiek daukate arta pertsonalizaturako leku bat, konfidentzialtasuna izateko, eta, segur aski, hori izango litzateke probak egiteko tokia.

Zenbat profesional eta farmazia dituzue?

Euskadin, 838, eta Gipuzkoan, 287. Farmazia bat dago 2.000 biztanleko, eta, gainera, oso ondo banatuta. Herri txikienak ere farmazia bat dauka.

Zergatik uste duzue orain arte ez zaituztetela kontuan hartu proba horiek egiteko?

Orain gripearen txertoarekin ari gara; ez dute nahi jendea osasun etxera joatea, eta beste leku batzuk antolatzen ari dira. Agian, izan liteke erabiltzeko baliabide bat farmazia. Beti da errazagoa zureekin lan egitea, zure taldearekin, zure langileekin, baina aurrekoan irakurri nuen Erresuma Batuan koronabirusaren aurka dentistek, farmaziek eta eskura dituzten osasun langile guztiek txertatuko dituztela. Iruditzen zait neurri egokia dela. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi behar bada, erabil ditzagun dauzkagun baliabide guztiak: hori eskaintzen ari gara.

Zuek PCRak eta antigenoen testak egiteko prest al zaudete?

PCRak ezin ditugu egin, PCRak egiteko lagina hartu baizik, eta, gero, laborategi batera bidali. Antigeno testa, ordea, jada merkaturatzen ari dira, eta egin genezake, emaitza ordu laurdenean edo hogei minutuan emanez. Gainera, testa askoz merkeagoa da. Egia da sentsibilitate pixka bat galtzen dela, baina uste dugu nahikoa dela herritarren baheketa baterako.

Baliabideren bat beharko zenukete horretarako?

Egokitzapena, formakuntza eta prestakuntza beharko genituzke, baina gero egin ahal izango genuke, eta ondo egingo genuke, proiektu gehienak egiten ditugun bezala.

Beste baheketaren batean ere parte hartu duzue, ezta?

GIBa azkar atzemateko programa bat daukagu, eta uste dut oso ondo funtzionatzen duela. Egin ditugu programa batzuk diabetesaren arriskua atzemateko ere, eta oso ondo funtzionatu dute. Araban, giltzurrunetako gaixotasunen egunean, baheketak egiten dituzte, eta arrakasta handia izaten dute. Baheketen kontua oso gurea da, banaketa geografikoarengatik eta pazienteek farmaziara joateko duten erraztasunarengatik.

Zer ikasi duzue horietatik?

Ikasi dugu egin dezakegula, konfidentzialtasuna mantendu dezakegula eta horrelako testak ondo egin ditzakegula, egin behar diren modura.

Gutxietsita sentitu al zarete?

Alde batzuetan, bai; beste batzuetan, ez. Guk beti ulertzen dugu administrazioakbaloratzen gaituela, baina ez gaituela aintzat hartzen. Aintzat hartzen gaitu gauza asko batera egiten ditugulako, baina ez gaitu nahikoa aintzat hartzen edo gehiago har gaitzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.