Euskaraldia

'Ahobizi' izan nahi, eta ezin

Aurten ez da egingo Euskaraldia Lodosan, baina Lodosa Bizirik elkartekoek lanean jarraituko dute euskara normalizatzeko asmoz

Lodosa Bizirik taldeko kideak, bi kaleren izenak euskaraz jarri eta gero. BERRIA.
itsaso jauregi 2
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Hiru kartel. Lodosan (Nafarroa) hiru karteletan soilik ikus daiteke Hitzez ekiteko garaia leloa: Euskal Herriko jakak hornitu dituzten ahobizi eta belarriprest txapak urriak dira Estellerriko Erriberako herri horretan, eta ez da ohikoa kalean euskara entzutea. Ane Gonzalez Lodosako Galtzagorri AEK euskaltegiko ikasleak jarri ditu hiru kartel horiek, eta herrian euskaldun gutxi daudela esan du: «Lodosan oso gutxitan hitz egiten dut euskaraz». Gonzalezekin batera euskaltegian ikasten dutenak ondoko herrira joaten dira, Andosillara, Lodosan ez baitago ikasgelarik.

Nafarroa, zonifikazioaren ondorioz, hiru eremutan bereizia dago euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna, eta eremu ez-euskaldunean dauden herriek are zailtasun gehiago dituzte egunerokoan euskaraz aritzeko. Ez da erraza ogia erostean, tabernan edaria eskatzean, eta ile apaindegira joatean, besteak beste, euskaraz mintzatzea. Kalean euskara sustatzeko asmoz, Maite Pellejerok Lodosa Bizirik elkartea sortu zuen hainbat lagunekin: « Euskarazko ekintzak antolatzeko sortu genuen Lodosa Bizirik; ezinbestekoa da denon artean lan egitea».

Euskaraz aritu nahi, eta ezin. Gonzalez: «Taberna batean sartu, eta gure artean euskaraz aritu nahi dugu, normal. Orain, euskaraz hitz egitean, jendearen begiradak nabaritzen dituzu».

Begirada horiek Pellejerok ere nabaritzen ditu, eta adierazi du lanketa «sakona» egin behar dela herrian euskara normalizatzeko: «Lodosak badu ikastola, D eredua, AEK, baina ez dago D ereduko DBHrik ez batxilergorik; ikasleek kanpora joan behar dute». Euskarazko kultura sortzea eta sustatzea lortu nahi dute Lodosa Bizirik elkartekoek, nahiz eta udalaren babesik ez jaso: «Herrikoek egin behar dugu dena».

Aurten, Euskaraldia ez da Lodosara iritsi. Pellejeroren arabera, jendeak izena ematen du, baina, euskaraz ongi egiten ez duelakoan, ez da euskaraz hitz egitera ausartzen: «Baina lotsa etxean utzi behar da, eta aurrera egin behar dugu». Ahobizi eta belarriprest txapak ondoko herrietan banatzen dira, baina Pellejerok esan du noizbehinka Lodosako kaleetan barna ere ikusten direla, eta «sekulako poza» hartzen duela.

Euskara kaleratuz

Euskara herrira hurbiltzeko asmoz, proiektu bat abiatu zuten uztailean: herriko kaleen izenak euskaraz jartzeko egitasmoa. Horri esker, herriko 78 kaleren, etorbideren eta plazaren 154 plaka aldatuko dituzte. Lodosa Bizirik eta Nafarroa Aurrera taldeek eta euskararen alde aritzen diren mugimenduek Porrusalda izeneko plataforma handiagoa osatu zuten proiektu hori aurrera eramateko. Nahiz eta oraindik ez dituzten herriko kale guztien izenak euskaratu, Pellejerok esan du «oso garrantzitsua» dela ekintza horiek bultzatzea: «Gure herrikideek jakin behar dute gure hizkuntza euskara dela eta hori errespetatu behar dutela».

Gonzalezek esan du harro sentitzen dela bere herriko kaleen izenak euskaraz ikustean: «Gainera, Lodosakoa naizela esaten dudanean, esaten didate: 'Lodosakoa? Eta euskaraz badakizu?'; harritu egiten dira, eta ez luke hala izan behar. Gu ere euskaldunak gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.