Udako festen atarian, jaietarako eraso sexisten aurkako protokolo bat ondu du Euskal Hirigune Elkargoak, lehenengoz. Festen prestakuntzan eta festa egunetan eragin nahi dute. Dagoeneko Ipar Euskal Herriko 158 herriei helarazi diete. Bertan, hainbat gomendio eman dizkiete antolatzaileei, besteak beste, eraso matxistaren bat jasan dutenentzat harrera guneak jartzea.
Jaien antolakuntzatik bertatik jarri nahi dute mahai gainean gaia. Gomendatu dute festako eragile guztien artean «dispositiboa» sortzea, eta prestatutakoa gizarteratzea: «Antolatzaileek bortizkeria sexual eta sexisten kontrako dispositiboa aurkezten duen komunikazio kanpaina bat antolatuko dute».
Festa garairako jarraibideak ere zehaztu dituzte. Afixak jartzeko eskatu dute, sentsibilizatzeko, zigorrez ohartarazteko, arduratsu jokatzera gonbidatzeko eta «zailtasunetan den pertsonari» laguntza eskaintzeko. Gainera, proposatu dute kolore batez identifika daitezkeen pertsonak jartzea festetan, besteak beste «segurtasunaz» arduratzeko.
Halaber, erasoaren osteko uneei erreparatu asmo diete. Biktimentzako harrera guneak jartzea nahi dute, haiei «babesa» emateko, «lasaitzeko» eta erasotzailea identifikatzeko balio dezaketen lekukotasunak bilatzeko. Gainera, biktimaren lekukotasuna ere bertan jasotzea nahi dute, haiei entzuteko eta prozedura judiziala eta salaketa prozedura jakinarazteko.
Elkargoak ez ezik, Emakundek ere ondua du festetarako gida bat, Eudelekin eta foru aldundiekin.Andreentzako giro «seguruak» ditu xede.
Elkargoak aholkatu du eraso sexisten biktimentzat guneak jartzeko festetan
Jaietan indarkeria matxistari aurre egiteko lehenengo protokoloa prestatu du erakundeak. Ipar Euskal Herriko 158 herrietara bidali dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu