«Inprobisazioaren» alternatiba EH Bildu dela aldarrikatu du Otegik

Herritarren kezkak ikusirik EH Bilduk «helduleku» izan nahi duela esan du koordinatzaileak. Mahai Politikoaren lehen bilera egin dute

Arnaldo Otegi, igandean, kongresuaren bukaerako hitzaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
«Etapa berri bateko Mahai Politikoa osatu dugu, eta esan dezakegu hitza bete dugula: lanean eta martxan dago EH Bildu berriz ere». Hitz horiekin hasi zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak atzo bileraren ostean egindako agerraldia. Igandean bukatu zen EH Bilduk Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan egindako II. kongresua, eta bertan erabakita geratu zen Mahai Politiko berria. Hala, behin hori aukeratuta, Mahai Politiko berriak atzo goizean bertan egin zuen bere lehen batzarra, Donostian.

EH Bilduk herritarren kezkekin konektatu nahi duela nabarmendu zuen Otegik bilera bukatu berritan:«Jendearen animo, kezka eta beldurrekin konektatu nahi dugu, eta bat egiten dugu jendeak Euskal Herrian, Europan zein munduan dituen kezkekin». Buruzagi politikoak nabarmendu zuen munduan eta Euskal Herrian «inprobisazioa eta desordena» daudela: «Inprobisazioa, kaosa, eta, zentzu batean, desordena dago: koronabirusari aurre egiteko estrategian, txertaketaren estrategian, ondasunen banaketan...».

«Aberatsak gero eta aberatsago» direla oroitarazi zuen EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta salatu zuen bitartean osasungintza eta hezkuntza bezalako sektoreak langile prekarizatuen bizkar eraikitzen direla: «Jendeak beldurra du; gazteek beldurra diote lanpostu finko eta duin bat ez lortzeari, etxebizitzari, etorkizunari».

Beldur horren aitzinean alternatiba EH Bildu dela aldarrikatu zuen Otegik:«EH Bilduk ziurtasuna eta alternatiba bat eskaini nahi dio gizarteari, beldurra daukatenei helduleku bat, alternatiba bat». Nabarmendu zuen koalizioak «bizipozarekin», «baikortasunarekin», «konfiantzarekin» eta «herri konpromisoarekin» erantzungo diola erronka horri.«Ziurtasuna, ordena alternatibo bat, helduleku indartsu eta sakon bat eskaintzen dugu». Otegiren hitzetan, «optimistak izan behar dugu: segurtasuna izan behar dugu gauzak beste modu batean egin daitezkeela».

Igandean, kongresu amaierako ekitaldian ere hartu zuen hitza Otegik. Aldarrikatu zuen ezker independentistak «komunitate militante» bat osatzen duela. Hamar urtetako jardunaz aritu zen Otegi: «Hamar urtean inertziak puskatu ditugu, mitoak puskatu ditugu, aurreiritziak puskatu ditugu. Erakutsi dugu ezkerreko askotariko sentsibilitateak batzeko espazio bat sor daitekeela».

Askatasunaren aldarria

Askatasunaren kontzeptua ere aldarrikatu zuen, eta salatu zuen eskuinak bere egin nahi duela: «Kontserbadore eta erreakzionarioek beren bataila askatasunaren izenean egiten ari dira. Baina zer askatasun? Gu bizi garen lekuan jendeak bizitza eman zuen alderdi politiko eta sindikatuak egoteko, antolakuntzak egoteko; askatasun horregatik borrokatu ziren langileak».

Bigarren agintaldia du Otegik EH Bilduko koordinatzaile nagusi karguan. Hamar bilkidetik bederatzik babestu zuten asteburuan EH Bilduko zuzendaritzak egindako proposamena, eta Hegoaldeko lau herrialdetako arduradun izateko hautagaiek ere %87ko babesa lortu zuten egindako bozketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.