Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du datorren astelehenetik goiti ikasle guztiek «derrigorrez» ikastetxeetara itzuli beharko dutela. Egun horretan sartuko da Ipar Euskal Herria 3. fasean; Macronek ikastetxeetako harrera protokoloa arindu du «normaltasunera buruzko bidea» bizkortzeko.
Frantziako Gobernuak bertan behera utziko du orain arte ezarritako gehiengo ikasle kopurua, eta murriztu egingo ditu beharrezko segurtasun tarteak. Datorren astetik aurrera, nahikoa izango da ikasle batetik bestera metro bateko tartea egotea. Ikasgelako hamabost lagun egoteko muga ere desagertu egingo da. Haurtzaindegi, lehen mailako eskola eta kolegioetan sartuko da indarrean protokolo berria. Lizeoetako ikasleak, ordea, ez ditu aipatu Macronek.
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak jakinarazi du «ezinezkoa» izanen zaiola Seaskari, segurtasun neurri arinagoak izanik ere, «ikasle guztiei denbora osoz harrera egitea». Segurtasun neurriei buruzko dekretua atzo goizean jaso zuten. Baldintza arinduak izanik ere, «ez dago baliabiderik ikasle guztiak hartzeko». Hortaz, antolaketa bereziarekin segitu beharko dute Seaskaren barruko ikastetxeek.
Jean Michel Blanquer, Frantziako Hezkuntza ministroa gaur da mintzatzekoa dekretu berriari buruzko xehetasunak emateko. Bitartean, Seaskako ikastetxeetan txandakatze sistemarekin segitzea pentsatu dute, eta klase bakoitzeko ikasle kopurua mugatzea.
Normaltasuna helburu
Bi aste iraungo du neurri horrek, uztailaren 4an hasiko baitituzte oporrak ikasleek. Blanquerrek beharrezkotzat jo du gazteek martxotik irailera arteko «parentesi bat» izan ez dezaten. Haren esanetan, eskolara itzultzea «psikologia aldetik garrantzitsua» da, eta «arrisku gutxiago» du etxean geratzeak baino.
Jorajuriak ere «beharrezkotzat» jo du ikasleak eskolara itzultzea. «Ikastolak funtsezko rola du sozializazioan, eta lotura biziki inportantea da. Badira lau hilabetez ikastolara hurbildu ez diren ikasleak. Bakantzekin, sei hilabete ikastolarik gabe: zaila da. Normalizaziora buruz abian dela erakutsi nahi du Frantziako Gobernuak, eta irailari begira aski baikor gara», azpimarratu du Jorajuriak. Hala ere, irakasle eta administrazio langileek neurri berrietara egokitzeko izaniko «buruhausteak» izan ditu gogoan Seaskako lehendakariak: «Pandemiaren hasieratik egokitu gara. Badakigu aste honetan berriz informazio berria jasoko dugula eta asteburua antolaketa berria prestatzen pasatuko dugula».
Koronabirusa
Ipar Euskal Herriko ikasle guztiak gelara itzuliko dira datorren astetik aitzina
Emmanuel Macronek arindu ditu ikastetxeetako neurri sanitarioak. Seaskak esan du ez duela baliabiderik ikasle guztiak kolpez hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu