Eguraldi txarra zen, eta jende gutxi, baina kezka nabaria zen atzo arratsaldean Baionako herriko etxe aitzinean. Hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek deituta, eskuin muturraren kontrako protesta egin zuten laurogei bat lagunek, Eskuin muturrari ez; justiziaren eta berdintasunaren alde lelopean. «Biziki kezkatuak gara, eta jendea mobilizatzera deitu nahi dugu. Marine Le Penek ez du boto bakar bat ere lortu behar. Nehondik ere ez», azpimarratu zuen Samathan Hourresquos CGTren Baionako batzordeko arduradunak.
Igandean eginen dute Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta Emmanuel Macron liberalaren -gaur egungo presidentea- eta eskuin muturreko Marine Le Penen artean aukeratu beharko dute herritarrek. Azken asteetan argitaratutako inkesten arabera, inoiz baino emaitza hobeak lortu ditzake Batasun Nazionaleko hautagaiak.
Frantziako Estatu guzian antolatu dituzte mobilizazioak azken egunetan, eta deialdi bateratu horren harira egin zuten atzo arratsaldeko Baionako protesta ere.Deitzaileen artean ziren, besteak beste, Attac Finantza Transakzioak Zergapetzearen eta Herritarrei Laguntzearen Aldeko Elkartea, FSU eta CGT sindikatuak, FCPE guraso elkarteen federazioa eta LDH Giza Eskubideen Liga. Baina beste hainbat eragileetako ordezkariek eta hautetsiek ere parte hartu zuten elkarretaratzean.
Macronen «politika ultraliberalak» salatu dituzte manifestazioaren deitzaileek, edonola ere, «injustizia eta desberdinkeria areagotu dituztelako». Baina adierazi dute Le Penen aurka altxatzeko beharra ikusi dutela. «Uko egiten diogu eskuin muturra boterera nola heltzen den ikusteari», adierazi zuten atzo. «Urgentziazkoa da, egun, batzen gaituzten ideia eta balioen indarra kolektiboki goratzea. Demokraziaren osagai dira, eta ez dira bateragarriak eskuin muturrak barnean duen gorrotoarekin, xenofobiarekin, demagogia nazionalistarekin, eta bata bestearen kontra ematearekin».
Hourquescosek Le Pen bigarren itzulira pasatu izana gaitzetsi zuen. «Tristeena da langile munduak ere bere alde bozkatzen duela. Eskuin muturrak ez du deus ikustekorik aitzinamendu sozialarekin. Haren programa irakurtzea besterik ez dago: langile gisa haren alde bozkatzea gure buruaren kontra egitea da. Kapital handiak, nagusiak eta dirua balia daitezen da hor. Langile sindikatu gisa, ez dugu inolako interesik Le Penen alde bozkatzeko». Ez ditu baztertu abstentzioa eta xuri bozkatzea, eta zehaztu du bera ere gogoetatzen ari dela. «Macron bozkatu edo abstenitu, baina inondik inora ere ez da Le Penen alde bozkatu behar».
Jakes Bortairu EH Baiko kidearen hitzetan, «jende askorentzat biziki txarra» den hautu bat egin beharko dute igandean. «Alde batean, eskuin muturra dugu: inondik inora ere ez da babesten ahal, eta borrokatu behar da. Parean, Macron dugu: badakigu zer politika eraman duen eta eramanen duen. Beraz, apirilaren 25etik goiti, edozein gisaz, beharko da borrokan segitu, mobilizazioetan eta karrikan».
Presidentetzarako bozak Frantzian. Eskuin muturraren kontra
Marine Le Penek «boto bakar bat ere ez izateko» eskatu dute Baionan
Sindikatuek eskuin muturraren kontrako protesta antolatu dute Frantziako presidentetzarako bozen bigarren itzulia aitzin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu