Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiei, hiriburuetako alkateei, Eudel udalen erakundeari eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzari proposatu die «uda kulturala» ekainaren 1ean hastea. Gasteizen bildu dira, Lehendakaritzan, eta, COVID-19aren krisiko konfinamendutik irteten hasteko asmoz, kultur ekitaldiak, jaietakoak, bestelako jarduera soziokulturalak eta aisialdiko jarduerak antolatzeko eta garatzeko irizpide zehatzak jasotzen dituen dokumentu bat aurkeztu die Urkulluk. Erakundeek ekarpenak egin dituzte, eta Eudelek Osasun Sailaren txosten gehigarri bat eskatu du. Gero onartuko lukete dokumentua, eta Bizi Berrin txertatuko Jaurlaritzak, Normaltasun Berrirako Trantsizio Planean.
Jaurlaritzak azaldu du irizpide horiek kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren hainbat arlotako ordezkariekin egindako bileretara eraman dituela, eta kontrastea egin dela. Prozesu horren ondorioz, protokolo zehatzak finkatu ditu, oraingoz, museotarako, liburutegi eta ikasgeletarako, zinema aretoetarako eta kirol emanaldietarako. «Helburua protokoloak arlo guztietan adostu eta Osalanera bidaltzea da, bakoitzak bere fitxa izan dezan, Lan eta Osasunaren arloko prebentzioari lotutako berme osoa izateko». Hala, iragarri du ekainaren 1ean kultur jarduera hasiko dela. «Museoak, kulturguneak, liburutegiak, irakurgelak, zinema aretoak... eta hasiko dira antolatzen apurka-apurka emanaldiak, osasun eta segurtasun baldintzetan». Maiatza baliatu nahi du arloz arlo irizpideak beteko direla bermatzeko.
Espainiako Gobernuaren plangintzak bigarrengo fasean jasotzen du kultur azpiegiturak irekitzeko aukera —edukiera %30ekoa izanik—, baita aire zabalean ekitaldi batzuk egitekoa ere. Hilaren 25ean hasiko litzateke fase hori.
Arlo asko
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek adostutako neurriek museoak, kultur eta kirol ikuskizun jendetsuak, hondartzak, igerilekuak, parkeak, udalekuak, liburutegiak, kirol azpiegiturak, herrietako festak, erlijio jarduerak eta beste arlo batzuk hartu nahi dituzte. Aste batzuk daramatzate lanean datozen hilabeteotako «bizimoduaren nondik norakoak» aztertzen eta lantzen.