Epaiketa. 04/08 sumarioa

Berehala utzi beharko du legebiltzarra

EAEko Auzitegi Nagusiak bi urteko inhabilitazio zigorra ezarri dio Hasier Arraizi 04/08 sumarioan. Dena dela, ez dute kartzelatuko

enekoitz esnaola
2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hasier Arraiz ere ez dute kartzelan sartuko 04/08 sumarioko sententziagatik, baina inhabilitazio zigorra jaso du: utzi egin beharko du legebiltzarkide postua, eta udazkenean ezingo da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan hautagai izan. Bi urteko espetxe zigorra eta beste horrenbesteko inhabilitazioa jaso ditu, atzo EAEko Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuenez. Epaia egunotan helduko da Legebiltzarreko Mahaira, eta horrek berehala ezarriko luke. Bihar eta etzi bilkurak izango dira Gasteizko parlamentuan, eta ikusiko da han parte hartzerik izango duen Arraizek. Espetxe zigorra ez denez bi urtetik gorakoa, ez du presondegira joan beharrik, baina auzi beragatik—Segurako auzia gisa ere ezagutzen da— preso eduki zuten bi urte eta erdian, behin-behinean, eta beti Euskal Herritik kanpo; 2007ko urrian atxilotu zuten, Batasuneko Mahai Nazionaleko kidetzat jota, eta, 2010eko apirilean, baldintzapean aske utzi. Epaian ezarri baino luzaroago egon zen, beraz, preso.

Epaiketako lekuaz aparte, hein handi batean 04/08 sumarioko beste 35 kideen bide berari segitu dio Sortuko Kontseilu Nazionaleko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide Arraizen auziak: epaimahaia defentsak eta fiskaltzak egindako akordioan oinarritu da, eta auzipetua ez du preso sartuko. Dena dela, inhabilitazio zigorra bete beharko du Arraizek ere. Haren kasuan, geroago izan da epaiketa, forudun dela-eta ez baitzuten epaitu Espainiako Auzitegi Nazionalean, hil honetan EAEko Auzitegi Nagusian baizik, atxilotu eta ia bederatzi urtera: joan den maiatzaren 9an, Bilbon. Auzi saio bakarra izan zen, eta handik zortzi egunera iritsi da sententzia.

Maiatzaren 9an bertan jakinarazi zuten Iñigo Iruin defentsako abokatuak eta Juan Kalparsoro fiskalak akordioa lortu zutela. Hala, Arraizek akusazioak onartu zituen: Batasuna legez kanpoko alderdikoa izan zela-eta ETAko kidea izatea —«ETAren esanetara parte hartze aktiboa izan zuen», epaiaren arabera—; halaber,indarkeriaren aurkako konpromisoa berretsi zuen, eta, horrela, indarkeriaren biktimen sufrimendua erreparatzen laguntzeko borondatea azaldu. Ondorioz,fiskaltzak murriztu egin zituen espetxe eta inhabilitazio eskaerak: sei urtetik bira. Atzo jo zituen ontzat epaimahaiak, Juan Luis Ibarrak, Roberto Saizek eta Nekane Boladok osatutakoak.

Bi urte horietan, Sortuko eta EH Bilduko kideak ezingo du udalerri, lurralde, EAE, Espainiako Estatu eta Europako kargu publikorik bete. Estatuko eta EAEko hauteskundeak aurten izango dira, eta, hurrena, udal eta foru bozen txanda izango da: 2019ko maiatzean.

Aurkako helegiterik ez

Segurako auziko beste 35 lagunen kasuan, Dignidad y Justicia eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea herri akusazioek ere parte hartu zuten akordioan, aurtengo urtarrileko epaian jakin zen bezala —urte eta erditik bi urte arteko zigorrak—. Aldiz, Arraizen epaiketan Dignidad y Justiciak eta AVTk hamar urteko espetxea eskatu zuten, argudiatuta hark bere garaian ardura postu garrantzitsua eduki zuela Batasunan. Atxiloketaren garaian Arabako Batasuneko koordinatzaile ere bazela dio epaiak, baina aitortu du hark «erabilitako bitartekoak» ez zirela «larriak» izan eta ez zuela «kale erasoetan» parte hartu, baizik eta bileretan, prentsaurrekoetan, manifestazioetan eta jendaurreko antzeko ekintzetan. Herri akusazioek iragarri dute ez dutela aurkeztuko epaiaren aurkako helegiterik. Daniel Porterok (Dignidad y Justicia) esan du «espero» zuten epaia atera dela, «gaur egun justizia bide hori ari delako jorratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.