Martxel Rodriguez. Dantzaria

«Ez da ezinezkoa Nafarroan dantza bizibide izatea»

Egindako ibilbideagatik saritu du Nafarroako Gobernuak. Saria kolektiboa dela dio, eta uste du jasotako laguntza publikoak gizarteari bueltatu izana aitortzeko modua ere badela.

GORKA RUBIO / FOKU.
Ane Eslava.
Lesaka
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Martxel Rodriguezek (Lesaka, Nafarroa, 1990) ez du gogoan noiz egin zuen dantzan lehen aldiz, «beti» aritu delako dantzan. Lesakako Tantirumairu euskal dantza taldean egin zituen bere ibilbideko lehen urratsak, eta dantza garaikidean murgildu zen gero. Trebakuntza zabala jaso eta hainbat proiektutan aritu ondoren, Led Silhouette konpainian lan egiten du egun, Jon Lopezekin batera. Nafarroako Gobernuaren aitortza jaso du orain: Arte Talentua Sustatzeko saria eman diote, eta gaur zortzi egingo dute saria emateko ekitaldia, Baluarten.

Zer esan nahi du Nafarroako Gobernuaren sari honek zuretzat?

Errekonozimendu pertsonal bat da egindako ibilbideari, baina baita, modu kolektiboan, Nafarroako dantza garaikidearen sektoreari ere, orokorrean. Jendea poztu da: baginen dantzaren bueltako bizpahiru hautagai, eta, besteek jaso izanez gero ere, izango zen errekonozimendua. Uste dugu sektoreari ongi etorriko zaiola dantza erdigunean jartzea.

Laguntzarekin proiektu jakin bat egingo duzue?

Bai, dirua proiektu batean gastatzeko ematen dute, baina oraindik ez dakigu berria izan behar duen; zehazteko dugu hori.

Zertan ari zarete Led Silhouette konpainian orain?

Orain loraldian gaude. Hiru proiektu nagusi ditugu: pieza berri bat dugu, urrian estreinatuko duguna, Zizurren; bestetik, Portugalgo konpainia batek deitu digu koreografia bat egitera joateko, eta nahiko erronka polita da, zazpi dantzari izanen ditugulako guk zuzentzeko, eta, normalean, ez dugu halako jende kopuruarekin lan egiten. Azkenik, beste proiektu bat abiatu dugu, eta koreografo handi batekin egiten dugu dantzan; gure laguna da, eta Europa mailan ezaguna: Marcos Morau. Hori hurrengo urteko apirilean estreinatuko da. Proiektu ezberdinak dira, baina hirurak guk kudeatuak; badugu lana.

Epaimahaiak adierazi du Europan jasotako trebakuntza bertako komunitatera ekartzen jakin duzula. Zer iruditzen zaizu?

Kanpotik erraten dizutenean horrelako zerbait, pentsatzen duzu izan daitekeela. Gure sorkuntzarako baliabide ekonomikoak beti dira diru publikoa. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela hori jendarteari bueltatzea; ez bakarrik emanaldiekin, baita dantza garaikidearen inguruko ikuspegia zabalduz ere. Adibidez, bitartekaritza jarduerak egin ditugu, nahiz eta izena ez zaigun gustatzen: badirudi arazo bat dagoela, eta uste dugu ez dagoela arazorik artisten eta hartzaileen artean, baizik eta dantza garaikidea beste diziplina batzuk baino distantzia handiagoan dagoela. Gu saiatzen gara distantzia txikitzen.

Nola jasotzen ditu bertako jendeak proposamen garaikideak?

Oraingoz, ongi. Lesakan, adibidez, etxetik txandalarekin ateratzen ikusten gaituztenean antzokira joateko, ulertzen dute lanbide bat dela. Halako keinuek asko egiten dute. Entsegu irekiak ere egin ditugu, topaketak... Horietan jendeak erraten digu dantza garaikideak ez diola atentzioa ematen beste diziplina batzuek adina.

Aurreiritziak daude, beraz?

Bai, estigma handia dago: nola ez dudan ulertuko, ez naiz joanen. Betikoa esplikatzen saiatzen gara: ez dela ulertu beharrik. Adibidez, hitzaldi horietako batera etorri zen Tantirumairu dantza taldeko kide bat, eta erran zuen: «Egia da: guk ez dugu galdetzen zergatik den horrela fandangoaren pausoa, eta, aldiz, zuena ikustean, ulertu nahi dugu zergatik den mugimendu hori horrela».

Dena den, harresi hori puskatzen ari dela esango zenuke?

Bai, praktikan ez da hainbesterako. Probatzea da, joatea. Lesakako emakume batek gure emanaldi bat ikusi zuen, eta erran zigun: «Nola gustatu zaidan zuen besoak nola solastatzen ziren elkarrekin». Hori zen; listo. Momentu hori oso polita izan zen: herri txiki bateko emakume heldu bat, hezkuntza artistikorik jaso ez duena, badoa eta zerbait iristen zaio. Hori da kontua: iristea.

Heziketa lan handiagoa behar da horma hori guztiz apurtzeko?

Bai, heziketa zentzu guztietan; ez akademikoa bakarrik, zerbait kulturala delako. Ez da erraza errotuak dauden inertziak apurtzea, eta ez dugu egun batetik bestera lortuko. Gainera, ez gara ezer berria esplikatzen ari; jende anitzek lan egin du Nafarroan honen inguruan. Arroka handi bat da, eta pixkanaka zulatzen ari gara.

Tantirumairu taldea aipatu duzu; hor hasi zinen, baina lehen egunean negarrez atera zinen, ez?

Bai. Nik dantza egin dut txikitatik; beti izan dut oso barneratua. Zer umek ez du dantzatzen? Baina, gero, jarduerak aukeratu behar dira, eta, adibidez, mutilek gehienetan ez dute dantza aukeratzen. Niretzat, nahiko traumatikoa izan zen lehenbiziko eguna: jende pila bat, irakaslea, mugimendu jakin batzuk... Baina hortik aitzinera ongi, eta nire lehenbiziko dantza pausoak Lesakako Tantirumairu euskal dantza taldean egin nituen; plazer bat da hori.

Nola egin zenuen dantza garaikiderako urratsa?

Emakume bat Lesakara etorri zen, dantza modernoa ematera, eta izena eman nuen. Hark gomendatu zidan balleta egiteko. Eskola bat zuen Hondarribian [Gipuzkoa], eta han hasi nintzen; Donostian segitu nuen urte pila bat, eta Fisika ikastera joan nintzen gero, Bilbora. Han hasi nintzen dantza garaikidearekin.

Ordutik, ez zara geldirik egon.

Ez... Gradua bukatu nuen, eta Matxalen Bilbao sortzaile eta pedagogo ikaragarriak gomendatu zidan Dantzaz-en sartzeko. Han egon nintzen urte batez, eta pila bat ikasi nuen. Danimarkako konpainia bateko zuzendaria etorri zen Dantzaz ezagutzera, eta bi hautatu gintuen. Danimarkan beste urtebete egon nintzen.

Zer moduz han? Zer ezberdintasun sumatu zenuen?

Han sumatu nuen nola dagoen baloratua kultura. Dena ez da ekonomikoa, baina hara iritsi, eta ikusten duzu zer bitarteko dauden, nola tratatzen dituzten dantzariak... Baliabide publikoak daude: antzoki handi batean egiten genuen dena; bazkaria, fisioa, klaseak, gorputzaren lanketa, emanaldiak... Ikaragarria zen. Ikusleek ere ohitura handia dute.

Argi zenuen itzuliko zinela?

Ez guztiz. Baina Jon Maiak proposatu zidan Kukai dantza konpainiako talde batera gehitzea, Marcos Moraurekin egin behar zuten lan baterako. Euskal Herrira bueltatu nintzen proiektu horretarako, eta hor sortu zen Marcosekin lan eta adiskidetasun harremana. Gerora, beste konpainia batzuekin kolaboratu dut Espainian, gure proiektua sortu arte.

2016an Led Silhouette sortu zenuten. Nola definitu daiteke egiten duzuen dantza?

Saiatzen gara emozio estetiko bat sortzen. Nahiko proposamen bisualak dira, eta, hortik, emoziora iristen saiatzen gara; hasierak ez dira hain erraietatik sortutakoak. Formak eta estetikak garrantzi handia dute. Eta, ballet anitz egin dugunez, saiatzen gara hori desikasten, baina hortik jaso ditugun gauza batzuk erabiltzen. Dantza garaikidea da, baina formala izan daiteke. Beste diziplina batzuekin nola erlazionatzen den ere interesatzen zaigu; argiteria, musika, eszenografia... Dena maila berean jartzen saiatzen gara.

Orain Lesakan zaudete finkatuta. Gehiago mugitzen zinetenean, zaila iruditzen zitzaizuen hemen finkatzeko aukera izatea?

Bai, egia da pandemiak gelditu gaituela gehien. Hona etorri ginenean, nomada bizitza horrekin segitzen genuen, agertokia dagoen tokian lan egiten dugulako, azken finean. Baina guk oinarria Lesakan jarri nahi genuen, eta hemendik mugitu. Azkenean, 2019an jarri genuen konpainia hemen. Ordutik, Nafarroako Gobernuaren laguntza sumatu dugu, eta uste dut momentu egokia izan dela etortzeko.

Zer moduz moldatzen ari zarete izurritea hasi zenetik?

Guk, gure konpainiaz gain, konpainia handiagoekin segitzen dugu interprete moduan. Horiek gehiago sufritu dute, nazioarteko birak zituztelako. Gu hasten eta Nafarroan sareak sortzen ari ginenez, egoerak horretan sakontzeko balio izan digu. Dena den, gu autonomoak gara, eta laguntzak jaso ditugu; baina lagun askok pila bat sufritu dute. Dantzaren sektorea oso prekarioa da eta pandemiak are prekarioago egin du.

Zer egin beharko luke administrazioak dantzariak ez daitezen kanpora joan prekaritate horren ondorioz?

Hemen eskuinak gobernatu duen urte guztietan, ezin zen sinistu inork dantza ikasketak bukatu eta Nafarroan lan egin eta bizitzeko aukera izanen zuenik; hori ezinezkoa zen. Gobernu aldaketa etorri zenean [2015ean], kulturaren ikuspegia aldatu zen, eta hurrengo legegintzaldian kontinuistak izatea erabaki dute. Horregatik, uste dut dauden baliabideekin posible dela hemen gure pasioa, dantza garaikidea, bizibide izatea; jada ez da ezinezkoa. Beti hobetzen ahal da, baina norabidea egokia ikusten dugu.

Zer esango zenioke dantza garaikidea ikustera lehen aldiz doan norbaiti?

Saiatzeko besaulkian jartzen, logikak eta analisiak baztertzen, eta aurreiritziak alde batera uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.