Donostiako 68. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera. Carla Simon. Zinemagilea

«Konexio emozional indartsurik ez badago, hutsagoa da dena»

Legatuaz, familiaz eta zinemaz hitz egiten duten «gutun filmikoekin» eratu dute Simonek eta Dominga Sotomayorrek 'Correspondencia' film laburra. Intimoaren eta politikoaren arteko tenka ere agertzen du lanak.

JAVIER ETXEZARRETA/ EFE.
itziar ugarte irizar
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Familiaren elkargune izan den etxea hustea, zinemagilearen ofizioaz pentsatzea, Txileko kaleak sutan ikustea, intimoa zartatzea. Carla Simonek (Bartzelona, 1986) eta Dominga Sotomayorrek (Santiago, Txile, 1985) ikus-entzunezko eskutitzetan partekatutako gogoeta horiek dira Correspondencia lanaren oinarri. Sentsibilitate handiko film laburra da, zeinak Kataluniako Canal 33 katearentzat egindako enkargu bat izan zuen abiapuntu: sei alorretako emakume banari alor bereko beste batekin «gutun filmikoak» trukatzea eskatu zieten. Eta apenas ezagutzen zuen arren, Sotomayorrekin oroitu zen Simon, «unibertso nahiko paraleloak» dituzten ustean.

Nolakoa izan da gutunak zinemaren bideetatik bidaltzea?

Akzio-erreakzio lan bat izan da. Emakume izateari buruz aritzea zen enkargua, eta Domingak eta biok adostu genuen gure familiako emakumeei buruz hitz egingo genuela. Hori bakarrik. Bakoitzak bere aldetik egin du lan gero; nik bidaltzen nion nire gutuna, berak horri erantzuten zion... Oso modu artisauan eta intimoan egin genuen; ez genuen pentsatu areto batean erakustera helduko zenik.

Hasieratik idatzi duzue eskutitza irudiz eta soinuz? Idatziz ez?

Nik egin nuen gidoi txiki bat, eta pentsatzen dut Domingak ere egingo zuela, baina hori ez genion inoiz elkarri bidali.

Amona hil berritan hasten duzu lehen gutuna. Hor abiatzen duzu etxeko emakumeen behaketa.

Bai, amona nire familian belaunaldi horretatik geratzen zen azkena zen. Zer pentsatu handia ematen du horrek: familia legatuaz, nork kontatuko dituen haren istorioak, haren gurasoenak, haren aitona-amonenak... Sentsazioa da istorio kate oso bat galtzen dela belaunaldi bateko azkena hiltzen denean, eta niri pena handia ematen dit horrek. Une horretan nengoenez, horren inguruko gogoeta egiteko baliatu nuen. Amonaren pisua husten ari ginen; izeba eta aitona ere bizi izan ziren han. Bizi guztian familiarekin elkartzeko espazio bat izan zen hori niretzat, eta husten ari ginen. Han filmatzea, ni bakarrik, argi egokienaren zain, modu bat izan zen han denbora pasatzeko. Agurtzeko.

Amatasunaz eta zinemagile izateaz ere ari zara filmean. Legatua utzi nahiak batu ditzake ama izateko eta zinema egiteko nahiak?

Bai. Edozein artetan dago munduan arrastoa uzteko nahi sakon eta inkontziente bat. Edozein lan artistiko hori da: zuk utzi eta hor geratuko dena.Oso txikitan sufritu nuen gurasoen heriotza, eta nigan beti egon da oso presente hori: zerbait uzteko behar bat. Haurrak izateko nahiarekin sumatzen dut paralelismo bat, baina oraindik ez dut hori bizi izan.

Zure ama biologikoaren irudiak erakusten dituzuneko unea berezia da pelikulan. Estiu 1993 dakarte gogora. Nolatan ikusi duzu lekua izan zezaketela hemen?

Hein batean, Domingari emandako erantzuna izan zen. Bere amaren irudiak erakutsi zizkidanez, nirearenak erakusteko gogoa sentitu nuen. Nire aitaren aurretik amak izandako beste mutil-lagun batek grabatu zituen irudiak dira, eta harengandik dauzkadan bakarrak. Beste film labur batean ere erabili nituen, Estiu egin bitartean, baina apenas erakutsi nuen. Orain bide eman didate nire adopziozko ama filmatzeko, Alcarrazen, non uda honetan nire film berria grabatu behar genuen; azkenean atzeratu egin behar izan dugu, hurrengo udarara.

Carolina Moscosok Zinemaldian bere filma aurkeztu berritan zioen «zinema arrazionala» sumatzen duela, eta estresatu egiten duela; fidagarriagoak zaizkiola tripetatik egindako lanak. Hortik egiten duzu lan zuk ere?

Dudarik gabe. Nik ez dut ulertzen zinema beste modu batean. Oro har, fikzio digitalean denbora asko igarotzen duzu proiektu batekin, eta nik ez badut sentitzen konexio emozional oso indartsu bat kontatzen ari naizen horrekin, uste dut askoz hutsagoa dela gero dena. Nik, familia hain handi bat izanda, haiengana jo izan dut, baina beste zerbait ere izan daiteke. Edozein modutan, oso garrantzitsua iruditzen zait denbora hartzea pentsatzeko zergatik kontatu nahi duzun kontatu nahi duzuna.

Tonua aldatzen du filmak Txileko errebolta piztean. «Amatasunaz hitz egin nahi nizun, baina atzo gazte bat tirokatu zuten nire etxe atarian», dio Sotomayorrek une batean. Noiz arte luzatu daiteke intimoaren gaineko gogoeta halako egoera batean?

Hori bada galderetako bat. Dominga berandutu egin zen azken gutuna erantzuten. Esaten zidan ahal zuenean bidaliko zidala. Errealitatea inposatu zen, eta dena ari zen birplanteatzen, baita zer zentzu zuen zinemaz hitz egiten egoteak ere kalea hala egonik. Horrek txiki sentiarazten zaitu, zu zure gauzak kontatzen halako egoera gogorrak gertatu bitartean. Ohartzen zara edozein auzi politiko-sozialek baldintzatzen duela pertsonen bizitzarik intimoena.

Formara etorrita, super 8arekin filmatu dituzu zure gutunak.

Eta aurkikuntza bat izan da. Hiru minutu eta hogeiko karretearekin aritu naiz. Irudiak oso ondo pentsatzera behartzen zaitu, eta beste magia bat hartzen du denak. Digitalarekin ez: filmatzen dugu, filmatzen dugu, eta gero editatu. Amonaren etxea modu berezi batean filmatzeagatik erabaki nuen hala egitea, eta esperientzia oso polita izan da, askatzailea: adierazi ahal izatea, narratibak sortzeko beharra albo batera utzita.

Kortsea estuagoa da fikzioetan, ekoizpen handiagoetan?

Izan daiteke, diru asko, jende asko, denbora asko behar delako. Fikzioak berak ere kode propioak ditu, dena dago oso pentsatua ikuslearentzat, zer ulertu behar duen, zer ez. Correspondencia bezalako zinema ez hain narratiboa, nolabait esatera, ez dago kode horien hain menpe. Hemen denak du lekua, eta niretzat oso inportantea da zinema horretara itzultzea, askatu egiten zaituelako. Horregatik esaten dut lan honek antz handiagoa izan duela koadro bat margotu edo kantu bat konposatzearekin; zinema oso arte motela da, eta eskutitzen antzeko zinema egitean dena bilakatzen da espontaneoagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.