Super Amara Berak Berak denboraldiko lehen titulua lortu nahi du gaur. Sara Gil hegalekoak (Bartzelona, 1994) «gogotsu eta jokatzeko erarekin gero eta erosoago» ikusten du taldea.
Espainiako Kopan ez zen posible izan, baina gogotsu egongo zarete bihar sasoiko lehen titulua irabazteko, ezta? Nola dago taldea?
Bai, beste titulu bat irabazteko aukera dugu, eta oso gogotsu gaude. Taldea ondo dago; pixkanaka egokituz goaz, eta gero eta erosoago gaude jokatzeko erarekin. Hobekuntzak ikusteak konfiantza ematen digu.
Horrenbeste antzeman duzue aldaketa hori?
Aldaketa bat izan da. Denboraldi honetan, albokoen artean bederatzi metrotatik gehiago jaurtitzen duten jokalariak ditugu, eta hori dela eta, egokitu egin behar izan dugu apur bat, bai haiek eta baita guk. Gure jokoa gehiago oinarritzen da kontraerasoetan eta barneraketetan, urrutiko jaurtiketetan baino. Baina beste aukera batzuk izatea ona da, taldeak beste irtenbide batzuk dituelako aurkariak gure ohiko jokoa geratzen asmatzen duenean.
Gaurko finalean Malaga izango duzue aurkari. Orain dela bi aste, ligan, 21-21 berdindu zenuten Gaskan. Zuen multzoko talderik indartsuenak izanda, zer sentipenekin amaitu zenuen: puntu bat irabazi zenutela, edo aukera izan zenutela biak poltsikoratzeko?
Partida irabaztea eskura izan genuen. Baina norgehiagokako minutu askotan atzetik joan ginen. Beraz, uste dut puntu bat irabazi genuela.
Zer aldatu behar duzue garaipena lortzeko?
Ez dut uste gauza asko aldatu behar dugunik. Norgehiagokari ahalik eta erritmo handiena jartzen saiatu behar dugu. Ligako lehian baino biziago jokatzen badugu, aukera gehiago izan ditzakegu irabazteko. Jakitun gaude haiek neurketaren erritmoa geldotzen saiatuko direla, gure kontraerasoa trabatu eta geldikako jokoa baliatzeko. Hor egon daiteke gakoa. Partidaren erritmoa ezartzen duen taldeak asko izan dezake irabazia.
Urrutiko jaurtiketetan ez zineten nahi bezain fin aritu haien aurkako partidan. Horretan hobetzea izan daiteke beste gakoetako bat?
Zalantzarik gabe, partida oso bestelakoa izango zatekeen. Pazientzia pixka bat falta izan zitzaigun, eta unea ondo aukeratzea.
Defentsan zer landu behar duzue?
Uste dut defentsan lan ona egin genuela oro har. Renatak [Arruda atezaina] sekulako partida egin zuen, gainera. Hobetzekotan, Silviaren [Arderius] eta pibotearen arteko jokoa hobeto zaindu behar dugu. Min handia egin ziguten hor. Hegalekoekin ere dezente jokatzen dute. Hori ondo defendatu genuen, eta oraingoan ere hala egin behar dugu
Malagako partida eta Elxen aurkako Espainiako Kopako final-laurdenetako neurketa izan ezik, gainontzekoak erabateko nagusitasunez irabazi dituzue. Multzokako txapelketa eredu honek lehiakortasuna txikiagoa izatea ekarri duen zuentzat?
Argi dago lau talde igo berriak direla, eta koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa tarteko, hainbat talde ez direla indartu ahal izan. Horrek eragina du lehiakortasunean. Hainbeste denbora jokatu gabe egon eta gero, gainera, kosta egiten da erritmoa hartzea. Baina gure kasuan, aurkari guztiek nahi izaten dute gure kontra jokatu, eta oso motibatuta egoten dira.
Hainbesteko aldearekin irabazitako lehia batean, nondik lor daiteke hobekuntza?
Halako partidek erasoan konfiantza irabazteko balio digute, eta bestelako gauza batzuk lantzeko: erresistentzia, abiadura, jokoaren jarraitutasuna.
Txapelketa eredu honekin, nola ikusten duzu liga?
Gure multzoan, agian, argiago daude gauzak. Malaga eta biok gara talderik indartsuenak. Beste multzoan parekatuago daude gauzak. Izan ere, adibidez, Porriñok Rocasari irabazi zion, eta Tenerife ere puntuak pilatzen ari da. Mavi ere oso ondo ari da.
Zuk nola ikusten duzu zeure burua? Izan ere, golegile petoa izanda, lehen jardunaldietan kostatu egin zitzaizun asmatzea.
Itxialdia eta gero itzultzea ez da erraza izan. Denbora asko pasatu dugu pista ukitu gabe, eta hegalekoen kasuan hori antzeman egiten dugu. Gure postuak teknika asko eskatzen du jaurtitzeko garaian. Oso beharrezkoa da pistako lana, eta baloiarekin kontaktua edukitzea. Gainera, nik entrenamendurik onena dut, gure atezainak puntakoak baitira. Gutxinaka hobeto ikusten dut neure burua.
Asko estutzen duzu zeure burua golak sartzen ez dituzunean?
Amorrua sentitzen dudala esango nuke. Baina zergatik ez dudan asmatu aztertzen dut, eta hobekuntza nondik etor daitekeen. Hala, hurrengo batean, egin ditudan akatsak ez errepikatzeko.
Jokatutako partidak ikusteko ohitura duten jokalari horietako bat zara, beraz?
Nik uste dut taldekide guztiok dugula ohitura hori, eta garrantzitsua dela hobetzeko eta egindako akatsetatik ikasteko.
Ia 600 gol sartuta ligako golegile nagusia zara 2016-2017 sasoitik.
Duela gutxi izan nuen datu horren berri, eta oso harro nago egindako denboraldiekin. Pizgarri bat berdin jarraitzeko.
Eskubaloian horrenbesteko arrakasta izango zenuela espero zenuen, Espanyol zu fitxatzen ahalegindu zenean?
Oso Bartzelonazalea naiz, baina bitan pentsatu nuen, futbola ere oso gustuko dudalako. Baina uste dut asmatu nuela eskubaloia aukeratzen.
Asobal Ligan, partida asko atzeratu behar izan dira koronabirusarengatik. Zuenean, bakarra, Aula Valladolidek izandako zazpi positiborengatik. Nola daramazue egoera?
Guk oraingoz zortea izan dugu alde horretatik, baina ziurgabetasuna dago, ez dakizulako zer gerta daitekeen. Asko zaintzen ahalegintzen gara: taldetik kanpoko jendearekin ahalik eta harreman gutxien edukitzen eta segurtasun neurriak zorrotz betetzen. Baina argi dago kontrol gehiago egin beharko liratekeela. Atera diren kasuak sintomak izan dituztelako atera dira.
Sara Gil de la Vega. Super Amara Bera Berako jokalaria
«Partidaren erritmoa ezartzen duenak asko izango du irabazia»
2016-2017ko sasoitik, ligako golegile nagusia da Sara Gil, ia 600 gol sartuta. Haren golak erabakigarriak izan daitezke gaur, Bera Berak Malagaren kontra jokatu duen Espainiako Superkopako finalean (18:00, Tdp).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu