Loinazpe Beasaingo (Gipuzkoa) ikastetxean egiten du lan Eneko Agirrezabalek (Segura, Gipuzkoa, 1986). Kimikako eta fisikako irakaslea da. Bertan egin zioten lehen ongietorria, astelehen goizean, Behobia-Donostia irabazi osteko egunean. «Agurra dantzatu zidaten. Oso polita izan zen», aitortu du. Klaseen arteko atsedenaldi batean izan da solasaldia.
Zenbat mezu jaso dituzu azken egunetan?
Mordoa, 300 inguru. Eta elkarrizketa dezente egin ditut. Imajinatzen nuen Behobia-Donostiako irabazleak arreta handia bereganatu ohi duela, baina norbera toki horretan egon arte ez da benetan horretaz jabetzen.
Nola ospatu zenuen?
Ez genuen gauza handirik egin. Parte Zaharrera joan ginen trago bat hartzera, eta, gero, lagunekin bazkaldu genuen pizzeria batean.
Gurasoei agindu zenien irabaziz gero Arzak jatetxera gonbidatuko zenituela. Deitu duzu jada tokia hartzeko?
Ez, baina, komunikabide guztietan atera denez, agindutakoa bete beharko dut. Jada ezin dut atzera egin. Etxean jada hasi dira galdezka ea noiz joango garen.
Indarberrituta zaude?
Hanka batean min pixka bat nuela amaitu nuen. Atzo [herenegun] ez nuen korrika egin. Terapeutarengana joan nintzen, tratatu nezan, eta gero, atseden hartu nuen. Gaur [atzo] egingo dut berriro korrika. Ea gorputzak zer esaten didan. Uste dut ondo indarberrituko naizela. Valentziako Maratoian [Herrialde Katalanak] ariko naiz abenduaren 5ean. Hura prestatzeko hartu nuen parte Behobia-Donostian. 2.13tik jaitsi nahi dut maratoian. 2.13.51 da nire marka.
Ikusi duzu lasterketa telebistan?
Bai, eta arraro egiten zait neure burua telebistan ikustea. Baina ondo ikusi dut neure burua, aurrean, aurpegia emanez.
Nolako lasterketa izan zen?
Une batzuetan oso gogorra izan zen. Hasieran, nahiko lasai joan ginen, aldaketak eginez. Gero, erasoa jo nuen, baina harrapatu egin ninduten. Jarraian, zenbait kilometrotan sufritzen joan nintzen, baina azken kilometroetan erritmoa moteldu genuen berriz, irabazlea esprintean erabakiko zela jakinda. Eta azkeneko esprintean, den-dena eman nuen.
Bakarrik eta ahalegin betean egin zenuen Bulebarreko zuzengunea. Zer pasatu zitzaizun burutik orduan?
Barruan nuen guztia eman behar nuela; besterik ez. Kanpotik itxura zuen ziur irabaziko nuela, baina barrutik gauzak ez dira horren ziur ikusten. Gainera, oso esprint luzea izan zen, eta justu-justu ailegatu nintzen. Ez dakit irabaziko nuen beste ehun metro egin behar izan banitu.
Beraz, ia ez zenuen gozatu?
Azken hogei metroetan besterik ez, ziur irabaziko nuela ikusi nuenean. Lasaitu handia hartu nuen iristean. Segituan pentsatu nuen: «Ederra egin duzu, Eneko! Behobia irabazi duzu!». Lasterketa asko irabazi ditut, eta asko poztu naiz beti, baina aitortu behar dut oraingoan berehala konturatu nintzela egindakoa kirol lorpen batetik haratagokoa dela.
Zazpigarren eta bosgarren sailkatu zinen aurretik. Beraz, ezin da esan ustekabea izan denik?
Ez dut uste sekulako ezustekoa izan denik. Beste ekitaldi batzuetan faborito argia zegoen: Chema Martinez edo Carles Castillejo, azken hori sasoirik onenean zegoenean. Baina aurten ez zegoen halako faborito argirik. Parte hartzaile gehienek nire antzeko maila zuten, edo, gehiago izanda, ez zeuden euren sasoirik onenean. Aukera ikusi nuen irabazteko. Podiumera igotzearekin ere konforme nengoen. Baina, gero, aurrean zaudenean, ez diozu ezeri uko egin nahi. Irabazi egin nahi duzu.
Atera edo ez atera ibili zinen. Eskerrak...
Mina nuen orpazurdan. Ostiralean jada etsita nengoen, oso gaizki entrenatu bainintzen. Ez nuen neure burua ikusten parte hartzeko moduan. Larunbat goizean azken proba egitea erabaki nuen. Ez nuen itxaropen handirik. Baina nahiko ondo ikusi nuen neure burua, eta irtetea erabaki nuen. Nire ardura ez zen zer gertatzen zen igandeko lasterketan; Valentziako Maratoiak kezkatzen ninduen, ea kalte egin ziezadakeen.
Zu ez zara atleta profesionala, ezta Xakib Laxgar duela bi urteko irabazlea ere. Horrek bereziago egiten du garaipena?
Ez bera, ez ni ez gara profesionalak, baina biak pistan aritutakoak gara, eta urte asko daramatzagu atletismoan. Ez gara herri korrikalariak. Hala ere, gutxi dira profesionalak. Olinpiar Jokoetara joaten diren batzuek ere beste lan batzuk egiten dituzte. Batzuetan ez dago argi non dagoen profesionalen eta ez-profesionalen arteko muga. Gu profesionalak bezala entrenatzen gara ia. Baina jendeari gustatzen zaizkio gureak bezalako historiak: korri egiteaz gain, beste lan batzuk egiten ditugu.
Aita, anaia... familia atletismozalea da zuena. Gen onak dituzue?
Berezkotik izan beharra dago, baina iraupen probatan asko entrenatu beharra dago. Ezin da hobetu lana gogor egin gabe.
Zenbat entrenatzen zara?
Egunero entrenatzen naiz, behin edo bitan. Orain, maratoia prestatzen ari naizenez, 20-30 kilometro egiten ditut egunero. Ez dut eramaten ez pultsometrorik, ez GPSrik. Sentsazioen arabera egiten dut korri. Ez zait gustatzen dena neurtua egotea. Buruarentzat gogorra da hori. Baina diziplinatua naiz: fin betetzen dut entrenatzaileak agindutakoa.
Egunak 24 ordu baino ez ditu, baina zuri askorako ematen dizute: irakaslea zara, puntako korrikalaria, Txindoki Atletismo Taldeko presidentea eta Txanbolinpe Segurako Realaren peñako arduraduna. Nola egiten duzu?
Ematen du denbora guztira iristeko. Eskolan, zortea dut, ordutegi ona baitut, eta entrenatzeko aukera ematen baitit; klubean, presidentea naiz, baina nik baino lan askoz gehiago egiten duen jendea dago, eta, horri esker, oso ondo doa dena; eta azkenik, peñan, ez dugu ekintza askorik.
Sareetan hasi dira eskatzen ohorezko sakea egin dezazun Anoetan.
Realak deitzen badit, ez dut ezetz esango [barrez].
Duela bi urte Egunean Behin aplikazioaren finala irabazi zenuen. Korrika bezain azkarra zara galderak erantzuten?
Ez. Zorte kontua izan zen. Nik badakit zein posturen bueltan ibiltzen naizen urtean zehar.
Ez harritu zure inguruko galdera bat azalduz gero.
Ezusteko polita litzateke. Ea asmatzen dudan [barrez].
Eneko Agirrezabal. Atleta
«Segituan pentsatu nuen: 'Ederra egin duzu, Eneko!'»
Eneko Agirrezabalek Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuen joan den igandean. Baina ez du gelditzeko asmorik. Valentziako Maratoian ariko da abenduaren 5ean. Bi ordu eta hamahiru minututik jaitsi nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu