Iris Arnaiz. Realeko jokalaria

«Naturala izan behar du huts egiteak; denek egiten dugu»

Realak Betisen kontra jokatuko bihar Zubietan (12:00, ETB1). Arnaizek nabarmendu du zaleentzat erakargarria den joko bat egin nahi dutela, eta lehiakor izan. «Joko zuzenak presentzia handiagoa izango du».

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Zubieta
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Realak entrenamendua amaitu berri du. Hura bukatu ostean igo da Z7 zelaiko harmailetara Iris Arnaiz (Gijon, Espainia, 1994). Hirugarren denboraldia du taldean, eta kuttunetako bat da. Zelaian duten onena ematen duten horietakoa da, eta hortik kanpo argi mintzatzen da.

Nola helduko diozue bihar Betisen kontrako partidari, Granadaren aurka galdu ostean?

Taldea ondo dago. Granadako porrota ahaztua dugu, eta gogoz gaude etxean lehen partida jokatzeko.

Granadaren aurkako porrota ahaztu duzuela esan duzu. Baina zer gertatu zitzaion taldeari?

Bagenekien Granada baloiarekin ondo moldatzen dela, eta intentsitate handiz jokatzen duela. Ilusioa zuten, gainera, Lehen Mailan jokatzeagatik. Aurreko denboraldian erreparatzen nien Bigarren Mailan, eta gehien gustatzen zitzaizkidan taldeetako bat zen. Zertxobait urduri zelairatu ginen, eta lehen gol aukeretan ez genuen asmatu. Bakarkako hutsek asko zigortu gintuzten, baita Aneren [Etxezarreta] kaleratzeak ere. Horrek min handia egiten du Las Carmenes bezalako zelai handi batean. Bigarren zati hasieranpare bat aukera izan genituen, baina ez genuen asmatu. Hortik aurrera, maldan gora egin zitzaigun partida.

Zertan egin dizue azpimarra Natalia Arroyo entrenatzaileak bi aste hauetan?

Guk oso garbi dugu gure jokatzeko era, eta horren gainean saiatzen gara hobetzen. Batez ere zelai erdiko jokoan egin du azpimarra, baita baloi irteeran ere. Bestelako aukera batzuk landu ditugu horretarako, eta uste dut hori oso mesedegarria izango dela.

Maria Pry itzuli da Betisen aulkira. Haren taldeak goian egoten dira beti. Zein tankera hartzen diozu neurketari?

Maria Pryren taldeak beti dira intentsitate handikoak, eta argi izaten dute zertarako jokatu. Taldearen jokatzeko erara ondo moldatzen diren jokalariak fitxatu ditu, eta uste dut sailkapenaren erdialdetik gora egongo direla. Buruz buruko asko egongo dira partidan, eta hor gehiago eman beharko dugu, apur bat kostatzen ari baitzaigu. Puntuak hirunaka batzen hasi nahi dugu, horrek ematen baitio konfiantza eta lasaitasuna talde bati. Zenbat eta lehenago lortu lehen garaipena, orduan eta hobeto. Etxean, gainera, talde sendoa izan behar dugu.

Eta aurkariari erreparatu gabe, zer espero behar dute zaleek Realaz?

Ez da aurreko denboraldiko Reala izango. Beti gustatu izan zaigu baloi jabetza izatea. Baina uste dut denboraldi honetan joko zuzena presenteago egongo dela. Jackiek [Owusu] asko emango digu horretan. Zaleentzat dibertigarria izango den joko bat egin nahi dugu, eta lehiakorrak izan. Betiko Reala izan nahi dugu, baina aurkariaren areara gehiago iritsiz, eta eraginkorragoak izanda. Horrekin batera, harrobitik igo diren jokalariak aipatu nahi ditut. Adibidez, Nahiaren [Aparicio] igoerak, duen kalitateaz harago, bizi eta energia asko ematen digu. Kutsatu egiten digu daukan indarra. Uste dut taldeak behar zituela aurpegi berriak, aurreko denboraldia oso gogorra izan baitzen.Zaleek orain bi denboraldi zuten ilusioa berreskuratzea nahi dugu, eta orduan adina gozatzea gurekin. Aurreko denboraldian guk ere ez genuen disfrutatu, eta hori antzeman egin zen. Iragan sasoian baino postu hobeagoan amaitzea da helburua. Uste dut talde indartsua dugula, eta hori lortzeko borrokan egoteko moduan gaudela. Denek dugu hori buruan.

Eta zu nola zaude?

Denboraldiaurrean oso ondo sentitu nintzen, bai fisikoki, bai mentalki. Horrek konfiantza eman zidan. Granadaren aurkako partidan, nik egindako huts batengatik sartu ziguten gola, eta hori beti da kolpea. Baina ilusioz eta irrikaz nago bihar berriz jokatu eta lehen denboraldiko Iris izateko. Realari ahalik eta gehiena lagundu nahi diot. Uda aurretik kontratua berritu nuen, eta hori baino ez dut buruan.

Erdiko atzelari zein euskarri postuan jokatzen ari zara. Non zaude erosoago?

Bietan. Beharbada, zelai erdian askatasun handiagoa daukat. Baina atzean ere gustura aritzen naiz. Postu horretan jokatzen duten beste jokalariek, Anek, Manuk [Vanegas], Nahiak eta Anak [Tejada], konfiantza eta lasaitasun handia ematen didate. Oso ondo moldatzen gara. Guztiok oso ondo interpretatzen dugu baloia nola atera behar den, eta hori funtsezkoa da gure taldearentzat. Gainera, postu batean ikasten dudanak bestean aritzeko balio dit. Adibidez, zelai erdian jokatzeak jokoa ikusteko ematen dizun era oso lagungarria da atzetik baloia ateratzeko garaian.

Zer falta zaizu lehengo Iris Arnaiz izateko? Zer asmorekin ekin diozu sasoiari?

Nire ezaugarriak zeintzuk diren argi dago. Ez ditut Nerearen [Eizagirre] jokaldi ikusgarriak egiten, ezta Amaiurrek [Sarriegi] bezalako gol ikusgarriak sartzen ere. Baina, erregularra izanez gero, asko eman diezaioket taldeari. Eta hori da nire helburua: erregulartasun hori berreskuratzea.

Granadaren aurka huts egin etaeta gero, argazki bat jarri zenuen Instagramen Amaiur Sarriegirekin besarkatuta, taldekideei erakutsi zizuten konfiantza eskertuz. Nola kudeatzen dira halako egoerak?

Oso gogorra izan zen. Egin nuen akatsaz harago, jokatu nuen 45 minutuetan ez nintzen batere eroso egon. Ezin nuen ulertu zergatik. Izan ere, oso gogotsu nengoen, are gehiago jokatzen ari ginen zelaian. Realarentzat oso berezia zen [han irabazi zuen Kopa]. Egoera batzuk behar bezala kudeatzen ez jakiteak gainditu egin ninduen, eta mentalki oso gaizki amaitu nuen. Igandea eta astelehena oso gogorrak izan ziren, baina taldekideek izugarri babestu ninduten, eta oso eskertuta nago. Indar handia ematen didate. Uste dut naturala izan behar duela huts egiteak; denek egiten dugu.

Zer iritzi duzu Luis Rubialesekin gertatutakoaz?

Kolpe handia izan zen, eta lotsagarria. Inpotentzia handiz bizi izan nuen. Oso gogorra da Jenni [Hermoso] bizitzen ari dena, eta are gehiago ikustea nola batzuek hura errudun egin zuten. Tristeena da irabazi izan ez balute gauzek berdin jarraituko luketela. Jokalariak oso ausartak dira, eta egiten ari direna ez dute beraiengatik bakarrik egiten: datozen belaunaldiengatik ere egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.