Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Uste baino goizago izan naiz txapeldun»

Inork gutxik espero zuen Altuna noizbait buruz buruko txapeldun izango zenik, eta hala ere iaz merezita irabazi zuen txapela. Etzi ekingo dio berriz ere lehiari, Donostian, Irribarria lagunaren aurka: «Ez dut gezurrik esango, partida berezia da».

JAGOBA MATEROLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Atanoko aldagelan takoak jartzen ari da Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996), Andoni Ugalde alboan duela. Urte gogorra izaten ari da, eta neke pixka bat nabaritzen du, baina sasoiko iritsi da buruz burukora. Etzi Iker Irribarriaren aurka hasiko da final-laurdenetan, eta gustura gelditu dapilota aukeraketan. «Partida garrantzitsua da, iaz final-laurdenetan irabazteak konfiantza handia eman zidan».

Azken lau partidak galdu dituzu binaka, arduratzen al zaitu?

Beti da askoz hobea inertzia positibo batekin iristea, partida batzuk irabazita. Zalantza txiki hori hor dut, baina ez dut gaizki ikusi nire burua.

Etzi ekingo diozu buruz burukoari, eta iazko txapelduna zara. Presiorik sumatzen al duzu?

Presioa baino gehiago, partida garrantzitsu baten aurreko tentsioa. Ez da presioa, urduritasun logikoa baizik.

Buruz burukoa hainbatetan jokatu duzu, baina inoiz ez duzu jokatu txapeldun izanda.

Ez dut hainbestetan jokatu, gaztea naiz! Sentsazio berria da, tira, urte osoan iruditu zait berri. Iaz arte inork ez zuen esaten ni txapeldun aterako nintzenik, eta izan nintzen. Eta tira, orain hor dago. Uste baino goizago izan naiz txapeldun, eta behin txapeldun izanda berriz ere izan zaitezkeela sinesten duzu.

Txapeldunaren urtea ezberdina al da? Zertan?

Antzematen da, jendea hitz egitera datorrenean asko aipatzen dizun kontua da. Zu askotan zurera zaude, beste txapelketa batean adibidez, baina jendeak aipatu egiten dizu. Egia esan, barruan baino gehiago nabaritzen da kanpoan. Txapelketa honen xarma hori da. Lau eta erdian txapeldun irten zaitezke, eta behin pasata kalean inork ez dizu gogoratzen. Buruz burukoarekin, aldiz, bai.

Non duzu txapela?

Etxean, koadro batean.

Aktore batzuek Oscar saria komunean jartzen dute.

Ez, ez... nik etxeko egongelan.

Finala ikusi al duzu aspaldian?

Ez. Bere unean ikusi nuen, irabazi berritan, baina hartaz geroztik ez. Aitortu behar dut ikusi nuenean pixka bat urduritu nintzela.

Iaz baino hobeto edo okerrago sumatzen duzu zure burua?

Ez dakit. Fisikoki-eta ondo nago, baina txapel bat irabazteak konfiantza ikaragarria ematen dizu, eta iaz lau eta erdikoa irabazita nengoen. Aurten, aldiz, galdu egin nuen finala. Lorpen aldetik antzeko urteak izaten ari dira, baina aurten iaz baino gehiago ari zait kostatzen joko puntu hori hartzea.

Iaz ikusi zenuen txapeldun izan zaitezkeela.

Bai, eta partidetara zoazenean badakizu zure maila ematen baduzu edozeinen aurka irabaz dezakezula. Horrek ere asko balio du.

Estilo bati esker zara txapeldun.

Egia da hori. Aurretik Bengoetxea izan zen txapeldun, eta ikusi da hain jotzaileok ez garenok ere hiru edo lau gauza perfektu eginez gero txapeldun izan gaitezkeela. Hori bai, perfektu egin behar ditugu, eta horrela jokatzea oso zaila da. Gehiago jotzen duenak beti du abantaila.

Elastiko urdinik ba al duzu?

Bai, bi. Txapeldun izan nintzeneko biak, lau eta erdian eta buruz buru.

Badakizu zergatik galdetzen dizudan.

Bai, badakit berriz ere jantzi beharko dudala. Ez nuke nahiko, baina gertatuko da. Hori bai, bi horiek ez ditut jantziko, berria eskatu beharko dut.

Irribarriaren aurka etzi. Txikitako lagunak zarete, adin berekoak... ilusioa egingo dizu.

Gezurrik ez dut esango, partida berezia da. Txikitatik pila bat aldiz jokatu dugu elkarren aurka. Berak esango du ni faborito naizela, baina berak txapeldun atera zuenean, 2016an, guztiok esaten genuen hamar urterako txapelduna zegoela, partida guztietan faborito izango zela... Aldiz, duela bi urte arte, ni bere aurka buruz buruko partida batean jarriz gero, ez nintzateke inoren kinielan sartuko. Orain nire aukerak ditut.

2016an Irribarria txapeldun izan zenean zer sentitu zenuen?

Une hartan esaten zen: «Jokinek gehiago jokatuko du lau eta erdian eta Ikerrek buruz buru», bakoitzaren estiloarengatik. Bera 19 urterekin dena irabazten ikusi nuenean, Urrutiri finalean irabazten... zirrara handia eragin zidan. Inbidia sentitu dezakezu zuk ere lortu dezakezula ikusten duzunean, baina une hartan zen: «Lekutara ailegatu da hau!».

Oso urrun ikusten al zenuen?

Bai, bai. Une haietan oso urrun ikusten nuen txapeldun izatea.

Zuen arteko partidek beti sortzen dute ikusmina.

Txikitatik askotan aritu gara elkarren aurka eta beti izan dira partida bereziak. Maila askotan finalak jokatu ditugu. Eta batek askotan irabazi dizunean, eta zuk berari, bada argi dago gogo berezia sortzen dizula, bioi. Baina garrantzitsuena irabaztea da. Partidaren ondoren ez du axola zeini irabazi diozun, eta galtzen baduzu, ez dizu axola zeinen aurka.

Noizbait jokatu al duzue buruz buru elkarren aurka?

Inoiz ez, ezta beheko mailetan ere. Buruz buru bera ni baino maila bat gorago ibili izan da beti, aldeak markatzen zituelako indarrarekin. Joxean Tolosa torneoan, esaterako, bera jubeniletan sartzen zuten eta ni kadeteetan.

Urte txar baten ondoren berriz ere goian da.

Nik fresko ikusten dut. Gorabeherak normalak dira, gazteak gara. Badirudi txapel bat irabaztera iristen zarenean eguneroko ogia hori izango dela, eta zaila da. Baina Iker ondo dago orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.