Nicola Scherer. ODGko ikerlaria

«Egitasmo gehienak ez dira berriak; enpresek gordeta zeuzkaten»

Schererrek Next Generation Europako funtsak ikertu ditu, eta, onurak aitortzen badizkie ere, itzalak handiagoak direla uste du. Kritikoa da banaketarekin, eta gizarte erreformak bizkortu egingo dituela iragarri du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Next Generation funtsen arautegiak 2.500 orrialde ditu, eta haietan murgilduta igaro ditu azken hilabeteak Nicola Schererrek (Munich, Alemania, 1984). Nazioarteko ekonomian aditua da, eta Bartzelonan egiten du lan, Observatori del Deute en la Globalitzacio (ODG) plataforman. Next Generation gida: argi baino itzal gehiago ikerketa argitaratu berri du hainbat lankiderekin. Kapitalari Planto plataformaren eskutik etorri da Euskal Herrira, eta ikuspegi kritikoa da harena.

Europako funtsek itzal baino argi gehiago dutela diozue ikerketan. Zeintzuk dira alde argiak, eta zeintzuk ilunak?

Argiak lehenik. Batetik, asmoak; borondatea, alegia. Bestetik, onartzen da egungo eredu ekonomiko produktiboa ez dagoela prest pandemiaren edo klima larrialdiaren moduko krisiak kudeatzeko. Next Generation funtsak izan dira eraldaketa berdea bultzatzean arreta jarri duen lehen estimulu ekonomiko handia. Alde iluna? Gauza bat dela kontakizun ofizialak dioena, eta beste bat errealitatea. Prozesu guztiak aztertuz gero, itzalak gehiago dira.

COVID-19aren osteko Marshall plan baten moduan saldu da.

Bai, baina ez da hala. Hasteko, ez du izango Marshall planak bere garaian izan zuen eraginik. Hark inpaktu positiboa izan zuen jendearentzat, baina une hau oso ezberdina da. Eredu ekonomikoa eragile gutxi batzuen kontrolpean dago; banaketa haiek kudeatuko dute, eta ez dago hori eragozteko moduko eragile indartsurik.

Banaketa kritikatu duzu. Nora doa, bada, dirua?

Zantzu guztien arabera, enpresa handietara, energetikoetara bereziki: Naturgy, Repsol... Inbertsio oso handiak eskatzen dituzten proiektuak dira, batez ere.

Eta enpresa txiki eta ertainak?

Atal bakarra dute, digitalizaziora zuzendua. Hor presa sartu da jokoan; denbora gutxian diru asko banatu behar da. Zeinek du proiektuak bizkor aurkezteko ahala? Zeinek du erakunde publikoetan eragiteko ahala? Besteak beste, aholkularitza enpresa handiak kontratatu ditzaketenek.

Esan duzue enpresei eginiko «erreskate estali» bat dela.

Esango nuke ez dela oso estalia, agerikoa baizik. Enpresa handietara doan diru publikoa da. Plan nazional bat da, baina egitasmo publiko-pribatuetan ez da kide pribatuen izena argitaratzen. Ertain eta txiki batzuek onurak jasoko dituztela? Noski, baina ez dira eragile nagusiak.

Trantsizio energetikorako proiektuak babestea lehenesten dute funtsek.

Zuriketa berde asko dago. Enpresa energetiko handien curriculuma ikusi baino ez dago. Repsol, esaterako, kutsatzaile handienetakoa izan da, eta orain esaten ari da eraldatzaileena izango dela. Funtsen irizpideetan, EBk zehaztu zuen ingurumenari kalterik eragiten ez dioten proiektuak izan behar direla, baina ez du azalpen teknikorik ematen. Aholku zehatzagoak otsailean iritsi ziren, eta Espainiako autonomia erkidegoek urtarrilean entregatu zituzten beraien zerrendak. Alegia, ingurumenaren inguruko irizpide tekniko zehatzik gabe egin zituzten zerrendak. Erkidego bakoitzak bereak aplikatu ditu. Katalunian espaziontzientzako aireportu bat aurkeztu dute. Izango al du eraginik eraldaketa energetikoan? Haien irizpideen arabera, bai.

Dirudienez, ez da oso zehatza.

Ez behintzat irizpide eta baldintzetan. Presaka ibiltzearekin du lotura. Hautagai gehienek aurretik diseinatuta zeuzkaten proiektuak atera dituzte. COVID-19aren osteko egoerak eskatzen duen erresilientziarekin zerikusirik ez duten egitasmo zaharrak dira gehienak, aurreko krisiarengatik tiraderan zeudenak. Orain mahai gainean jarri dituzte, ea diru publikorik lortzen duten.

Egitasmoen lehen galbahea aholkularitza enpresek egin zuten. Zein rol jokatu dute?

Presaka bazabiltza, zer egiten duzu? Barnean serio lan egingo duen jendea kontratatu, edo azpikontratatu? Ia erakunde publiko guztiek pribatizatu dute lehen entresaka. Aholkularitza enpresa handiak kontratatu dituzte horretarako; kontua da haiek ez dutela bakarrik erakunde publikoentzat lan egin, beraien bezero pribatuen proiektuak ere bideratu dituzte. Aholkularitza enpresek zera esan diete bezeroei, «kontratatu nazazu ni, nik sarbidea dudalako erakunde publikoen zerrendara». Hori ikertuz gero, interes talka kasu asko aurkituko genituzke. Eta, gero, dirua nola kudeatuko da? Madrilen eta Galizian, esaterako, erabaki dute kudeaketa hori ere aholkularitzek egitea. Haiek kontrolatuko dute beraien bezeroek dirua ondo erabiltzen duten ala ez.

Eta besteek nola kontrolatuko dute funtsen erabilera?

Gardentasun gutxi dago. Erakunde publikoek diru horren zati bat hartu beharko lukete kontrol egitura zorrotz bat diseinatzeko.

Mailegu ez diren funtsak itzuli behar direla nabarmendu duzu.

Bai. Bi motakoak dira. Lehenak transferentziak dira, diru laguntzak, eta ez dira zor gisa agertuko estatuen kontabilitatean. Bigarren sorta mailegua da, eta hori zor moduan agertuko da. Laguntzak bideratzeko, baina, EBk eurobonuak jaulki ditu merkatuan. Europak eskatu du dirua; beraz, batasuneko 27 herrialdeek ere bai, eta hamar urtean itzuli behar da. Salbuespen neurria izan da; COVID 19arengatik ez balitzezingo zitekeen hartu, ziur asko. Ñabardura bat egin nahi nuke: finantzaketaren zati handiena zor bidez egingo da, baina EBk aukera dauka Europa mailako tasen bitartez ordaintzeko. Hainbat zerga berri baitaude, plastikoen gainekoak, esaterako.

Kritikoak diren erakundeek diote funtsek aldaketa sozial batzuk behartzen dituztela. Nola ageri dira baldintza horiek?

Aski da funtsen atalak irakurtzea hori jakiteko. Atal jakin bat dago pentsioei buruzkoa, beste bat fiskalitatearen ingurukoa, lan mailakoa... Xehetasun handirik ez dago hor ere, baina ageri dira; hori garrantzitsua da: erreformen proposamena osagai moduan ageri da. 'Erreforma' hitza darabilte. Atal bakoitzean zehaztua ageri da zer den inbertsioa eta zeintzuk diren inbertsio horrekin harremana duten erreformak. Asteazkenean Ursula von der Leyenek esan zuenez, Espainiak bigarren diru sarrera handia nahi badu, ezinbestean onartu behar du lan erreforma. Batzordeko presidenteak badio, hala izango da.

Aurretik ere eskatuak zituzten.

Eta bizkortu egingo dituzte orain.

Alternatibarik ba al da?

Bai, eta garrantzitsua da aipatzea. Europako eragile ekonomikoek eta sozialek dirua behar dute. COVID-19ak kalte handiak eragin ditu. Baina beste toki batzuetatik bil daiteke: fiskalitatearen bitartez, auditoriak eginez... Borondate politiko kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.